-AGA (Irulegiko eskua-adituentzako proposamena)

-AGA (Irulegiko eskua-adituentzako proposamena) – 

-AGA (Irulegiko eskua-adituentzako proposamena)

-AGA

Euskarak gaur egun duen artikulu singularra, -a mugatzailea, erakusletik datorrela aspaldiko hipotesia da. Mitxelenak eta beste askok horrela proposatu izan dute. Gainera, uste da Erdi aroan hasitako joera edo aldaketa izan zela.

Julen Manterolak Euskararen morfologia historikorako: artikuluak eta erakusleak gai honetaz idatzitako tesi bikainean hipotesi onartuena azaltzen du:

Hirugarren graduko (h)ar erakusle singularrari lotzen zaio, normalean, -a morfemaren jatorria; horixe da hipotesirik zabalduena eta onartuena, cf., beste hainbaten artean, Duvoisin (1866: 9-10), Van Eys (s.v. a), Uhlenbeck (1910: 86), Gavel (Gramm §64), Lafon (1999: 167-171), Mitxelena (FHV 213), Irigoien (1981: 367). 

Nik hemen beste proposamen bat dakart, hipotesi moduan, adituek baloratu nahi badute:  -aga forma zenbait kasutan mugatzaile singularraren jatorria izan daitekeela.

-aga > -aa  > -a

Mitxelenak (FLV, 1971, III, 241-267) dio, alde batetik, -eta eta -aga atzizkiek toponimian deklinazio atzizkiek bezala funtzionatzen dutela eta, bestetik, elkarren osagarri diruditela, biak batera ez direlako agertzen.

-aga y -eta parecen ser incompatibles entre sí o, si se prefiere, parecen estar en distribución complementaria. No ocurren, o son muy raras (cf. Larragueta), formaciones en *-etaga o *-ageta

Ez hori bakarrik, -eta deklinazioan argi eta garbi azaltzen dela dio, -aga ez bezala:

Hay, además, una diferencia manifiesta en la condición de uno y otro sufijo: mientras -eta, aunque no -keta, tiene clara representación en la declinación vasca, precisamente en los casos locales de plural, -aga carece en ella de correlato seguro. 

Hala ere, prest dago hipotesi gisa -ak pluralarekin nolabait lotzeko, -ak < *-ag ez dela aurkitu zehazten duen arren:

Es cierto que es comparable a -ak < *-ag, manifiesto en el plural recto y subyacente a varios casos oblicuos no locales, y yo mismo me inclino a aceptar la comparación, pero esto no pasa de ser una hipótesis. Puede deberse a defecto de memoria o de diligencia, pero el hecho es que no recuerdo ningún ejemplo.

Eta ziurtzat dauka mugatzaile singularraren jatorria erakuslea dela. Bien arteko harremanaz hitz egiten du, eta ustezko -aga pluralizatzailearen ondotik mugatzailea duen zenbait adibide ematen du oin-oharrean, aldaera berri samartzat joz.

mis ideas no son nada claras en cuanto a la relación posible de -aga con el artículo singular, cuyo origen demostrativo es bien conocido.

(Oin-oharra) No faltan en Alava, ni mucho menos, muestras de -agea, -etea, de -aga, -eta más el articulo -a. Se diría que son más bien recientes, como también -ea- < -aa-, en junción, en el tipo vizcaíno Olea, Oleaga (Olaga en Iranzu)

Aurreko bi aipu horietan uler daiteke buruan izan zuela nik proposatzen dudana, baina berehala baztertu zuela hipotesi klasikoaren mesedetan.

“Reja de San Millan” delakoan untzaga- untzaha bezalakoak daude. Eta Mitxelenak jatorri desberdinekoak direla dio, ongi ulertu badut. Bata, -aga atzizkiduna, ustez pluralizatzailea; bestea berriz, -tza+a mugatzailea, -tzaha eman zuena erakuslearen aspirazioarekin.

Gatzaga, suelen escribir Gaca(a) o Gazaía). Esto se explica si se parte de gatz + tza(a) (cf. Alzáa, junto a Alza, probablemente haltz + -tza(a) ‘aliseda’, distinto de Alzaga).

Pixka bat harritzen nau Mitxelenak, izan ere, berak aipatzen ditu Arespakotxaga eta Andrearriaga -aga atzizkia singularrarekin lotuz, baina auzia berehala erabakitzen du, errazegi ere bai,  “lekua” esan nahi duela argudiatuz. Antzera jokatzen du  bere konlusioetan Hector Iglesiasek ere “lieu” aipatuz (Iglesias, H., 2000a, “Le suffixe -aga, ‘lieu de’“, Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio Urquijo XXXIV(2), 337-342.

“Leku” zentzuan noizbait ulertu izana gaitzetsi gabe, nik uste dut badaudela nahikoa argudio -aga singularreko mugatzailetzat hartzeko, deklinazioko kasu batzuetan behintzat. Ikusi beharko litzateke zer garaitan eta gaur egungo erakusleek zer paper jokatu duten iraganean.

Hauek dira nire argudioak:

1.- Mendebaldeko soziatiboa: -agaz

Refranes y Sentencias-en agertzen da.  Zein da azalpen ortodoxoa? Oker ez banago, singularrean -a+gaz eta pluraleko -ak+gaz. Baina horrek ez du -ga azaltzen.

Azalpen hobea begitatzen zait -aga+z, beste lurraldeetan -agaz  > -a(g)az  > -az.

2.- Inesiboko singularrean, -an

-agan  > -a(g)an  > -an

Berriro ere, aurreko argudioan bezala, -aga formak hobeto azaltzen du.

3.- Bizidunetako -agan

NONGO kasuak badakigu mugatzailea eduki zuela, -ango erako bukaerekin, logikoki, NON bere lehenbiziko osagaia denez. Beste lekuzko kasuek ez dute mugatzailerik singularrean, aitzitik. Ez dakigu ez duten inoiz izan edo NONGO kasuarekin bezala bidean galdu den. Ez dirudi. Agian, -rean forma zaharrean.

Aurreko guztia horrela izan bazen, NON kasuko aldaketa, -agan  > -an, bizidunetatik bereizteko egingo zen, behar bada. Hariari jarraituz, hasiera baten bizigabeek eta bizidunek antzeko deklinazioa izango zuten uneren baten, kasu honetan.

Logika horri jarraituz, mugatzailerik behar ez duten izenordeek agian ez zuten -aga- hasieratik jasoko. Horren arabera, nitaz, zutan (hara zer atera zaidan!)  bezalakoak zaharragoak izango lirateke eta gerora etorriko zitzaien gaur egungo bizidunen -gan.

Argi dago NORENGANA, NORENGANDIK… beste bizidun guztiak horrekin batera edota ondoren etorriko zirela.

Esandako guztiaren kontra, ez da ahaztu behar bizidunen -gan gain edo bizkaierazko gane bezalako forma batetik datorrela dioen hipotesia. -a+gane  > -agan. Agian horrela gertatu zen.

Bien arteko azalpen hibridoa ere plantea daiteke. Baliteke -aga mugatzailea tartean izatea deklinazioko zenbait kasutan eta gane berriz, hasieran izen bereziekin eta izenordeekin, gero bizidunen kasuetan.

4.- Esaldi konparatiboetako -ago

Honek ere zer pentsatua ematen du daukan antza dela eta. Paralelismo hauxe nuen buruan:

baina / baino

-aga / -ago

Horrelako zerbait proposatu daiteke:

-aga+o  > -ago

Haritik tiraka, plural hurbila ere hortik etor daitekeela bururatu zait:

lagunagok  > lagunok

5.- Toponimiako -aga bukaera guztiak absolutiboaren formak dira eta Mitxelenak berak aitortzen du esanahi singularra izan dezakeela, “leku” esanahiaz bada ere.

“Reja de San Millango” -aha formak -aga formak hobeto azaltzen dituela esango nuke, aspirazio beharrik gabe, bokale arteko -h-ak besterik gabe bi a zirela hobeto markatzeko erabiliz.

 

ONDORIOZ

Argudio horiek aipatuta, argi dago deklinabideko zenbait kasutan dauden formetan gorde dela esateak oinarri sendoa duela. Mitxelenak berak bere argudiaketa hasieran -eta formarekin parekatzen du deklinazio-atzizki gisa eta ez du lotzen deribazio-atzizkiekin. Horri gehitu behar zaio begibistan ez dagoen kasuetan ere azaldu daitekeela, -aga  > -aha, -aha  > -a

Frogatutzat ezin eman, baina hipotesiak barne koherentzia baduela esango nuke. Aintzat hartzeko hipotesia da, beste hipotesiekin batera.

Gainera, erakuslearen forma zahartzat Ga(r)- eta Ka(r)- proposatzen dituztela ikusirik, aztertu beharko litzateke -aga formarekin izan zezaketen harremana.

Azkenerako utzi dut testu hau idaztera eraman nauen lehenbiziko ideia: Irulegiko eskuan ageri den eseagari edo eseagarri.

Testu honetan egin dudan proposamenaren arabera etxeagari izango litzateke nire interpretazioa, gaur egun etxeari.

Aurretik esandako ideia batzuk buruan neuzkan arren, eskuko hitz horrek eman dit behar nuen bultzada. Barkatu erroreak eta akatsak, gogoan hartu zuzenekoak.

IRULEGIKO AZTIA

-AGA (Irulegiko eskua-adituentzako proposamena)

2 pentsamendu “-AGA (Irulegiko eskua-adituentzako proposamena)”-ri buruz

  • Esan duzunaren argigarri, agian, jakintzat eman duzun datu bat eman behar zen:
    ITURRIAGA esaten dela (ez *ITURRAGA), baina: ITURRALDE, ITURBURU, ITURREGI, ITURRATE…
    (H)ARRIAGA esaten dela (ez (H)ARRAGA), baina (H)ARRALDE, (H)ARROBI, (H)ARTZA, (H)ARRARTE, (H)ARRATE…

    Besarkada bana.

  • Irulegiko Aztia 2022-11-26 17:38

    Halaxe da, Ukelele. Eskerrik asko zure erantzunagatik. Adibide egokiak aurkitu dituzu dagoen aldea erakusteko. Mitxelenak aipatzen zuen bezala (nire proposamenean dago bere aipua), -aga eta -eta formek deklinazio atzizkien jokabidea zuten, ez deribazio atzizkiena. -eta inork ez du zalantzan jartzen deklinazioan dugunik. Eta -aga?
    Zuk jarritako adibideek erakusten digute:
    -Hitz elkarketan eta eratorpenean: iturralde, iturburu, Harrobi, harrate…
    -Deklinazioan: Iturriaga, Harriaga

    Besarkada bat,