[Simone Weil] Erroztamendua (Azkena-XXXXIII)

[Simone Weil] Erroztamendua XXXXIII –

Erroztamendua (XXXXIII/azken bidalketa)

[Simone Weil] Erroztamendua XIIILaster etorri zen bigarren pizkundea zeinaren norabidea alderantzizkoa zen. Eta horrek du sorrarazi gure zibilizazioa, modernoa deitzen duguna. Zibilizazio moderno honetaz biziki haro gara, baina badakigu gaixorik dagoela. Eta denak ados gara eritasunaren diagnostikoaren gainean. Gaixorik da ez dakielako zuzen zer toki eman lan fisikoari eta lan hau egiten dutenei. Inteligentziak anitz akitzen dira problemaren aurrean haztamuka ahaleginduz esfortzuak egiten. Ez dakigu nundik has, nundik abia, zeren norabidea segitu; horregatik esfortzu guziak antzu dira. Onena da Genesiaren narrazio zaharra meditatzea, hau kokatuz berea den kokagunean, alegia antzinako pentsamenduan. Gizakia bere krimenaren gatik ongitik kanpoan jarri denean, egiazko gaztiguak, oinazearen medioz, ongiaren betetasunean berrezartzen du. Ez da deus hain miresgarririk nola gaztigua. Gizakia obedientziatik kanpo jarri da. Jainkoak lana eta heriotza hautatu ditu bere gaztigutzat. Ondorioz, gizakiak lana eta heriotza biak pairatzen baditu pairamena onartuz, Jainkoari buruzko obedientziaren ongi goienera hurbiltzen da. Hau nabarmentasun argikoa da, antzinateak bezala materia hilaren pasibitatea begiratzen badugu jainkoari buruzko obedientziaren perfekzioa bezala, eta munduaren edertasuna begiratzen badugu obedientzia perfektuaren dirdira bezala. Zer den ere zeruan heriotzaren esangura misteriotsua, behere honetan aragi sentiberaz eta gogoetaz egina den, desiratzen eta hastiatzen duen, espero duen eta beldur den gizakiaren mugimendubako materia meta tipi batean eraldaketa da.

Gizonarentzat eraldaketa horren onarpena da erabateko obedientziaren egintza gorena. Horregatik Jondoni Paulok Kristoren beraren Pasioaz erraten zuen: «Sofritu duenak obedientzia erakatsi dio eta perfektu bihurtu du». Baina heriotzaren onarpena ezin da osoki erreala izan heriotza hor dagoenean baizik. Ezin gara bere betetasunetik hurbil izan heriotza hurbil dagoenean baizik. Heriotzaren aukera abstraktua eta urruna denean, heriotzaren onarpena bera ere abstraktua da. Lan fisikoa eguneroko heriotza da. Lan egitea da gure izaite propioa, arima eta aragia, bizigabeko materiaren zirkuitean jartzea, hartaz materia puskaren estatutik beste estatu baterako eraldaketaren bitartekoa egitea, hots hartaz lanabes egitea. Langileak bere gorputza eta arima derabilen bere lanabesaren hedapena egiten ditu. Gorputzaren mugimenduek eta ezpirituaren arretak erantzuten diote lanaren materiari egokitua den lanabesaren exigentziari.

Heriotza eta lana ezinbesteko gauzak dira ez eta hauta daitezkeenak. Unibertsoak bere burua emaiten dio gizonari hazkurritzat eta berotasunatzat baldin eta gizonak unibertsoari bere burua lanean emaiten badio. Baina lana eta heriotza pairatuak izan daitezke asaldapenean edo onarpenean. Pairatuak izan daitezke beren egia aratzean edo gezurrez estaliak. Lanak biolentzia egiten dio giza izaerari. Edo batzutan bada gazteria-indar gehiegi gastatu nahi dena eta aukera aurkitzen ez duena; edo batzutan akidura bada eta borondateak energia fisiko eskasari behar dio beti lagundu, tentsio biziki peningarri baten gostuz; bada mila buru-hauste, kezka, antsia, irrika, kuriositate, gogoa beste norabait erematen duena; monotoniak nazka sortzen du; eta denborak pisatzen du pisu kasik jasanezinez.

Giza pentsamenduak denbora dominatzen du eta laster iragana eta etorkizuna kurritzen ditu edozein hutsarte zeharkatuz; baina lan egiten duelarik denborari menperatua dago bizigabeko materia bezala zeinak uneak iragaiten baititu bata bestearen ondotik. Lanak denboraren bidez du, batez ere, biolentzia egiten giza izaerari. Horregatik «Lana luze aurkitzea» hitzak errepikatuz langileek adierazten dute lanaren sofrikarioa.

Heriotza present denean, eta bere biluzitasunean ikusia, orduan heriotzaren onarpena da guziok “ni” deitzen dugunetik erauzketa gorena eta bapatekoa. Lanaren onarpena gutiago bortitza da. Baina onarpena osoa denean, giza-existentzia guzian zehar, goizero errepikatzen da, egunez egun, eta egunero irauten du arratse arte, eta berriz hasten da biharamunean. Goizero langileak bai erraiten dio lanari egun horretarako eta bizi guzirako. Triste izan ala alegera, kezkatua ala jostagura, akitua edo energiaz betea bai erraiten dio lanari. Heriotzaren onarpenaren ondotik, berehala, lana biziaren mantenketarako beharrezkoa bihurtzen duen legea onartzea da gizonak burutu behar duen obedientzia-egitaterik perfektuena. Geroztik beste giza-jarduerak, gizonak agintzea, plan teknikoak eratzea, artea, zientzia, filosofia, eta abar, denak lan fisikoa baino gutiago dira esangura izpiritualaz bezainbatean. Erraza da definitzea lanak bizi sozial ongi ordenatu batean okupatu beharko lukeen tokia. Lanak bizi sozial horren erdigune ezpirituala izan behar du.

Simone Weilen “Erroztamendu” testuaren amaiera da:

Azken lerro hauek idatzi ondoren, zenbait hilabeteren buruan, Simone Weil hiltzen zen, 34 urtetan, Ingalaterrako Ashfordeko sanatoriumean). Han berean ehortzia dago.

 

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua