Zoaz zure etxeko errepublika independentera

Nor da gai IKEAko katalogoa zabaldu eta zorion izpirik gabe atzera ixteko? Nor da gai bertako etxeen kuxidadea bekaizkeriarik gabe behatzeko? Nor da gai familia horien domestikotasun distiraz eta alaitasunez beterikoaren ondoan “zerbait gaizki egiten ari naiz” sentimenduaz libratzeko? Behinola Lourdesera bezala, guk ere urtero-urtero jotzen dugu Barakaldora, zorion eta ganora suediar apur bat inguratu asmoz.

“Ez gara salmenten beherakaden beldur, alderantziz baizik” zioen berriki Estatu espainoleko IKEAko buruak. “Jendeak diru gutxiago dauka eta ondorioz gutxiago ateratzen da. Etxean egingo dituzte lagun arteko afariak eta horretarako txukun eta eder eduki nahiko dute guztia. Krisia gehiago saltzeko aukera da”. Nire gurasoen logelako lanpara zaharrarekin akordatzen naiz, keramika marroiz, tulipa zuriz eta latoiz egindako hartaz. Hain da aspaldi han zintzilik dagoela, ze aro ezberdinetatik igaro baita: izan zen garai bat, non lanpara ederra eta modakoa zen; ondoren, zaharkitu, eta argia ematen jarraitzen zuen hondakin bilakatu zen; gaur egun, beharbada, balio historiko handiko zera da, antikuarioek lupaz aztertu eta begiak ñir-ñir eginda erosi nahiko luketena. Baina egia da, baita ere, gurasoak ez direla bereziki etxean cocktail-ak eta festak antolatu zaleak… Ez dakit zer pentsatuko lukeen IKEAko tipoak haiei buruz.

Nolanahi ere, ez zebilen oker. IKEA lepo dago. Han doa victoriar estiloko egongela jarriko duen bikote kaskarina, neska mokasinetan eta mutila nautikoetan sartuta; handik hurbil, indie tankerako batzuk, azalore formako lanpara organ ezin kabitu; gudarostea osatzen dute emakume haurdunek, esku batekin sabela eta bestearekin habia osatzeko osagairen bat laztantzen duten bitartean.
IKEAn ezin dira erosi etxekoak hobe ulertzeko altzariak, ez eta haurrak zintzotzen dituzten errezelak, are gutxiago bakardadea eramangarriago egiten dituzten alfonbrak. Eta zer? Kontua ez da hori, kontua fedeari eustea baita, hori dena agian gerta daitekeela sinesten jarraitzeko kemena aurkitzea. Eta IKEAk horixe eskaintzen du. IKEA fede oasi bat da.

Ez dago katalogoan agertzen den oreka, argitasun eta edertasun arrastorik. Jendeak harrapaztaka kargatzen ditu orgak. Guk gurea daramagu korridoreetan zehar. Bukaerarako, hiruzpalau metroko altuera erdietsi du. Baserritarrak idiari nola halaxe egiten diogu tira, arnasestuka, kutxaraino.

Gure etxeko errepublika independentera itzuli gara. Ea gauzak kutxetatik atera bitarte fedeari eusteko gai garen.

ALDAPEKO