Galtzerdi suizida baten gutuna

Bikotea galtzen duzunean, bizigura desagertu egiten da automatikoki. Asteak daramatzat tiradera ilun honetan abandonaturik, kideen etengabeko joan-etorriaren lekuko naizen bitartean. Batzuk irten egiten dira eta beste batzuk sartu, leungarriaren usain gozoa oraindik puntuen artean dutela. Zoriontsuak dira, bizia dute. Ni, bestalde, bakardadera kondenatura nago garbigailuak -traste krudel baina beharrezko horrek- nire bikotea irentsi zuenetik.

Biok batera sartu ginen garbigailuan, zimur-zimur eginda eta akiturik. Baina garbiketa amaitzean, biotako batek soilik zeharkatu zuen garbigailuaren aho iluna eta kanpoko mundu koloretsua banatzen dituen muga. Esekitokian jasanezina egin zitzaidan bere falta, ez bainaiz bere albotik sekula banandu. Nahiz eta lanean egon, oina eta zapata artean preso, beste oinean nire bikote kuttuna zegoela nekien eta pozik bizi nintzen. Baina orain… “Animo. Ez da munduaren azkena”, esan zidan zuloz betetako panty zahar batek. Bakarrik geratu nintzen. Betiko.

Lehen, galtzerdi normal bat nintzen, besteen parekoa. Goizetan, Noemi nagusiak tiraderatik atera eta zabaldu egiten ninduen, oinak nire kotoi leunarekin estaltzen zituen eta, gauean, libre uzten gintuen berriz ere, hezetuta eta kirastuta, garbigailuak duintasuna buelta ziezagun.

Benetan, atsekabeturik bizi naiz. Abandonua galtzerdi bati jar diezaioketen zigorrik krudelena da. Puntetan edota orpoan zulo itsusi batzuk izateak sortzen duen lotsak ez du alderik ezereztasun sentipen honekin. Ez dut ezertarako balio eta inork ez dit kasurik egiten.

Kirol-galtzerdiek animatu egiten naute, egunen batean beste galtzerdi bat bikoterik gabe geratuko baita eta Noemik elkarrekin jarriko gaituela esaten didate. Zeinen erraza den hitz egitea galtzerdi zuri bat zarenean! Noemik ez nau tanto berdedun galtzerdi gorri batekin sekula elkartuko premiazkoa ez bada. Ez nik ezta tiradera honetako galtzerdi zaharrenek ere ez dute halakorik ezagutu eta ziur naiz begi-bistatik kenduko nauela momentu hori iritsi baino lehen. Gainera, zahartzen hasia naiz; nork nahi izango du nirekin egon?

Ez ditut ez abandonua ezta gutxiespena jasaten, horregatik idatzi dut agur gutun hau. Heldu da nire ordua. Gauza bakarra eskatzen dut: gutun hau irakurtzen duen nornahik berehala suntsi eta bazter nazala bakardade jasanezin honekin amaitzeko.

Mila esker.

Galtzerdi bakarti bat.

UDAZKEN KOLOREAK