Zezilia Korkuera, II. Mundu Gerran soldadu
Zezilia Korkuera –
Bigarren Mundu Gerran, estatubatuarrek propaganda egin zuten emakumeak ere armada amerikarreko adar laguntzaileetan soldadu gisa sar zitezen. Gerra hau nirea ere bada! zioen afixa eta txarteletan erabili zuten aldarria. Eta horri jarraituz, 350.000 emakume ari izan ziren armadan, modu batean edo bestean. Helburua zera zen: gizonak soil-soilik ekintza militarretan ibil zitezela eta bitartean emakume boluntarioak gerrarekin loturiko beste jardueretan aritu zitezela. Lehen aldiz Ameriketako Estatu Batuen historian, emakume soldaduak izan zituzten armadaren barruan.
Zezilia Korkuera Berasategi izan zen emakume horietako bat. Arabarra zen, 1916an Arraia herrian sortua (gaur Arraia-Maeztu). Aita Pedro Korkuera Beltran, 1887an Arabako Subilanan sortua eta ama Serapia Berasategi Ormazabal, 1886an Arraian jaioa. 1910ean Ameriketara joan ziren bizimodu hobe baten bila Kanadako Vancouver hirira, eta han bizi izan ziren bost urtez. Aita marinela zen lanbidez. 1914an, Philip, lehen semea aipatu hirian jaio zitzaien. Bost urteren buruan, Euskal Herrira itzuli ziren, baina ez luzerako, 1916an, aita Estatu Batuetara joan zen lan bila eta New York estatuko Amnsterdam hirian aurkitu zuen alfonbra-lantoki batean, gaueko zaindari gisa. Eta orduz geroztik, lanbide horretan aritu zen bizitza osoan.
1920an, Serapia emaztea, Zezilia alaba eta Philip semea, Estatu Batuetara aldatu ziren eta orduz geroztik Amnsterdam hiri amerikarrean bizi izan ziren aitarekin batera. Hiri horretan sortu ziren Korkuera Berasategi familiaren gainerako seme-alabak: Margaret 1922an, Joseph 1924an, Elizabesth 1927an eta Richard 1931n. 1930eko hamarkadan, bai aitak eta bai Zeziliak amerikar nazionalitateko paperak lortu zituzten.
Zeziliak bere ikasketak Amnsterdam-eko Wilbur H. Lynch institutuan egin zituen eta ondoren, ehule gisa ari izan zen alfonbra lantoki batean. 1943ko martxoaren 8an, arestian aipatu propagandak bultzaturik, armadako emakumezkoen adarrean sartu zen. Jospeh anaia hilabete bat lehenago armadara deitua zuten. Zeziliak orduan hogeita sei urte zituen. Zerbitzu militarra Estatu Batuetan egin zuen, portuetan fronterako soldaduak ekipatzen eta materialak biltzen eta frontera igortzen zituen soldadu laguntzaile gisa. Ez du ematen Estatu Batuetatik kanpo aritu zenik. Gerra bukatu zelarik, lehen mailako soldadu gisako ohoreak eta graduazioa ezarri zizkioten.