Zerbitzu publikoa

Zerbitzu publikoa –

Iban Zalduak Berria egunkarian.

Aurrekoan adiskide batek eta biok paseoa egin genuen Tolosan, aspaldiko partez. Herria zein eder dagoen komentatu genuen. Desindustrializazioak izan badauzka, baiki, bere abantailak.

Zerbitzu publikoaKaleko afixa batek eman zigun atentzioa. Zerbitzu publikoen defentsan, elkarrekin!, zioen goiburuak. Bat egiteko modukoa. Adiskideak, baina: «Bitxia: ez dago hezkuntza publikoaren aipamenik…». Egia: kartelak osasun eta zaintza sistema publikoak aldarrikatzen zituen, pentsio duinak, etxebizitza eskubidea… Baina hezkuntzaren arrastorik ez. Deitzaileen zerrenda seinalatu nuen, hatza ELA eta LAB siglen gainean ipiniz. Ondo baitakigu zenbat kontraesan sortzen dien hezkuntza publikoa eta, aldi berean, ikastolak defendatu beharrak.

Ez gaizki ulertu: oso eskertuta natzaie ikastolei. Euskara ikastola bati zor diot. Eta Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan, gauzak dauden bezala, ezinbestekoak iruditzen zaizkit. Baina batxilergoa publikoan egin nuen, eta badakit, orobat, zein den horren balioa, batez ere berdintasunean aurrera egiteko bidean: institutura joan nintzenean izan nituen, aurrenekoz, harremanak nire klase sozial berekoak ez ziren ikaskideekin, adibidez.

Eta egun, gurean, sentitzen dut, eskola kontzertatua da —kristau eskola barne—segregazioaren auziaren faktore nagusietako bat —ez bakarra, noski—.

Berdin dio nor egon den Jaurlaritzan, EAJ edo PSE: ezin izan dugu eskola publikoarentzako «patronal» arduragabeagorik izan. Historikoki hobeto zaindu duelako, klase arrazoiengatik, kontzertatua.

Eta gauzak konplikatzen dira parean gaudenok publikotasunaren inguruan zalantzak eta kontraesanak badauzkagu.

Zerbitzu publikoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.