Zer diote Espainiako presidentegaiek presoak hurbiltzeari buruz?

Zer diote Espainiako presidentegaiek presoak hurbiltzeari buruz?

Ba al dago itxaropenerako zirrikiturik?

315 preso Espainiako 45 espetxetan sakabanatuta, bataz beste 600 kilometroko distantziara; hori da Etxeraten azaroko txostenak jaso duen errealitate zati bat.

Presoak hurbiltzeko aldarriak oihartzun paregabea izan du azken hamarkadetan zehar. Sevillako Atletismo Mundialeko maskotan, Gran Hermano saioan, manifestazio kolosaletan, ostiraletako elkarretaratzeetan edo balkoietan. EAEko biztanleen %75 presoak hurbiltzearen alde dago, 2012ko Euskobarometroaren arabera. Alferrik izan da neurri batean, helburua lortu ez den heinean.

ETAk armak utzi zituenetik lau urtera, espetxe politikan ez da aldaketa azpimarragarririk egon. 2011 aurretik bezala dabil Madril. Aurrera ez da egin, atzera baizik, zabalik zeuden hainbat egitasmo etenda. Langraitz bidea bertan behera utzi du Rajoyk eta biktimen senide eta presoen arteko hitzorduak bertan behera utzi zituen. Espetxe politika gizatiarrago baten itxaropenari eusteko heldulekurik ez du ipini PPk. EPPKk, eragindako mina aitortu eta bide legalak onartu zituen 2013ko abenduan.

Auzitegi Nazionalak urriaren amaieran 20 preso Euskal Herrira hurbiltzea txarretsi zuen, eta gainontzeko eskaerei muzin egin diete. Borondate politiko kontua da, ez besterik. Inork gutxik espero zuen horrelako egoera aurkitzea ETAren erabakitik lau urte igaro direnean. Begi bistakoa da nola agenda politiko espainiarretik ia erabat desagertu den euskal gatazka. Espainiako Gorteen hauteskunde bezperan apenas aipatzen da ezer Euskal Herriari buruz. Bat ere ez dira entzuten bakea eta elkarbizitza hitzak. 

Zer diote Espainiako presidentegaiek presoak hurbiltzeari buruz?Presoen sakabanaketa bihurtu da mendekuan oinarritutako espetxe politikaren ikur nagusia, ahaztu gabe gaixo daudenen egoera larria edo beste jarrera krudel batzuk. Gogoratu beharrekoa da hainbat gatibuk 40 urte bete ditzaketela espetxeetan. Igor Portu lesakarrak, bat aipatzearren, 2048an dauka askatasuna berreskuratzeko data. 33 urte barru, 69rekin utziko luke espetxea.

Presoen egoerari buruz, Arnaldo Otegik ‘Argien Aroa’ liburuan aitortu zuen espero zitekeela halakorik: “estatuen helburuetako bat etsipena sortzea da mobilizatzeari utzi diezaiogun”. Hala eta guztiz ere, galdera airean da: Espainiako gobernu berriak ziegen giltzak erabiliko ditu?

Mariano Rajoyri buruz ezer gutxi esan daiteke, ekintzekin demostratu baitu espetxe politika zorrotzenari eutsi diola. ETAren disoluzioaren baldintza jarri du presoen auzian aldaketa txikiena egiteko gutxiengo abiapuntu gisa. PPk presoen egoera hobetu dezakeen hipotesiaren harimutur bakarrenetakoa, Borja Semperrek abenduaren 9an Berrian eskaini zuen:

  • “Guk gure ikuspuntua izan dezakegu, baina azken erabakiak gobernuari dagozkio hartzea. Bi erronka daude oraindik: ETA desegitea eta armak entregatzea, eta espetxe politika. Etorkizunean, urrats gehiago egin daitezke; hala nola Langraiz bidea sustatzea eta politika jakin batzuk bultzatzea, eta uste dut datorren legealdian aurrerapausoak emango direla eta gobernuak gai horietan are eta gehiago parte hartuko duela. ETA bihar desegingo balitz, dena aldatuko litzateke, behin betiko”

Borja Semper Gipuzkoako PPren zerrendaburua da, eta 2011ko emaitzak berdintzen badituzte, Madrilen diputatu kargua hartuko du.

Pedro Sanchez, PSOEren hautagaiari, uztailaren 17an Gasteizen galdetu zioten espetxe politika aldatzeko aukeraz. Gara egunkariak jaso zuen erantzunak ez zuen Sanchezen jarrera gehiegi argitu:

  • “Legea betetzeko garaia da, eta legea oso argia da. Legeak dioena da preso politikoek erakusten badute bergizarteratzeko borondate argia eta eragindako mina aitortu, izango dute horretarako aukera”

“Preso politiko” hitza erabiltzean nahastu egin zela esan zuen beranduago, eta barkatzeko. Sanchez PSOEko idazkari orokorrak euskal gaia maiz erabili du lehiakideak erasotzeko, adibidez, Pablo Iglesiasi El Pais-eko debatean “Bildu-Batasunarekin” Nafarroan gobernatzea aurpegiratu zion. Bestetik, Sanchezek esan du Arnaldo Otegirekin hitz egingo lukeela.

Eduardo Madina bizkaitarrak %12ko aldearekin galdu zuen PSOEko Idazkari Orokor bihurtzeko bozkaketa. Orain, Madrilgo zerrendan zazpigarren aurkezten da, eta CIS-en arabera ez du diputatu izatea lortuko. Sanchezen aldean argi adierazi du Eduardo Madinak, ‘Guztiak’ liburuan, sakabanaketari buruz duen iritzia:

  • “Posible da espetxe politika aurreratuagoa. Presoak hurbilduz, batez ere odol deliturik ez dutenak. Espetxe Legeak dio preso guztiek dutela eskubidea zigorra etxetik ahalik eta hurbilen betetzeko”

Berriki Arnaldo Otegi berehala kartzelatik irten behar dela esan du Madinak, Mongolia aldizkariaren mahainguruan.

Madrilen ez ezik, EAEko PSEtik datozenen artean ere sakabanaketarekin amaitzeko sostengua du Pedro Sanchezek. Patxi Lopezek presoak gerturatzeko eskatu zuen Jaurlaritzako lehendakari kargua zuenean. Alderdiaren barran mugimendu hori jakinarazi egin zuten. Lopez diputatu izango da, Bizkaian esperotako babesa lortzen badu.

Albert Rivera Ciudadanos alderdiko presidentegaiak gauzak ulertzeko moduan esan ditu, bere diskurtso nahasian. “Justizia egin behar da, ez mendekua”, erantzun du gaiari buruz galdetu diotenean, Salvados saioan adibidez. Beste hainbeste errepikatu du berriki El Correon. Edozer ulertu zitekeen ordura arte, baina elkarrizketan gauzak garden erakutsi zituen:

  • “Espetxe politika berdinarekin jarraituko nuke”

Arnaldo Otegirekin aurrez aurre esertzeko aukerari buruz, OsOigo.com atarian ezetz esan du Riverak: “Demokraziaren arauen barruan ez daudenekin ez dakaugu ezer hitz egiteko”.

Pablo Iglesias, Podemos-eko zerrendaburua, lau hautagai nagusien artean urruntzearen aurka irmo egin duen bakarra da. ETAko presoak gutxinaka askatu egin behar direla esana du, LaTuerka saioa zuzentzen zuenean.  Gerora, Podemos-eko lider gisa posizio hori leundu du. Ez du hauteskunde programan gaiari buruzko ezer aipatzen, eta presoen eskubideen alde hitz egin ordez, “Espainiako gobernu guztiek ere egin dute”, leloan babestu da. Edonola ere, ‘Salvados’ saioan, urria amaieran, berretsi zuen dispertsioaren kontrako jarrera.

  • “Espainiako legeak babesten du presoek haien familiengandik hurbil egoteko duten eskubidea. Ez dut ulertzen zergatik senideek ordaindu behar duten kide baten krimena”

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra