Zein gustura orain

Zein gustura orain –

Rikardo Arregik Deia egunkarian.

Zein gustura orainOrain dela urte batzuk goiz batean ama, laurogeita asko urte garai hartan, zerbait egitera lagundu nuen: medikutara edo ile-apaindegira edo sakelakoa kargatzera, ez naiz oroitzen. Etxerako bueltan kafe bat hartu nahi izan zuen eta auzoko taberna batera sartu ginen; barruan bezero gutxi, gizon bat barran, emakume bat mahai batean egunkaria irakurtzen, beste norbait gehiago agian. Leiho ondoan eseri, kafeak eskatu eta lehen zurrupada eman eta gero amak hasperen egin zuen: “Zein gustura orain!”. Kafeaz ari zela pentsatu nuen edo zereginetan ibili ondoren lasai eserita egoteaz. Baina bera, ondoko mahaian egunkaria irakurtzen ari zen emakumeari begira, lehen horixe egitea, emakume bat taberna batean bakarrik egotea, guztiz ezinezkoa zela kontatzen hasi zen, denetarik deituko ziotela, izen txarra betiko izango zuela, gauzak, eskerrak, aldatu direla.

Orain dela egun batzuk emakume batek Twitterren idatzitakoa irakurri nuen: taberna bateko terrazan eseri eta ate ondoan zutik zegoen gizon kuadrilla bat komentario desatseginak egiten hasi zen; emakumeak okerreko tabernan sartu dela pentsatzen du eta amorrua sentitu aldi berean hori pentsatzeagatik. Ondoan ditudan emakume ezagun, lagun edo lankideek kontatzen dituztenak entzuten ditut eta, bai, gauzak asko aldatu direla pentsatzen dut (senarraren baimenik gabe eskuratu ahal dute kontua bankuan edo pasaportea), baina lan izugarria dago oraindik. Legedian gauzatzen den aurrerapen bakoitza (abortuarena, hilekoarena oraingo honetan) zalantzan jartzen da eta berehala hasten dira gizon asko betiko txantxekin irribarretsu eta harroputz. Horrek guztiak izen bat du, azken aldian ospe txarra duena eta ia-ia aipatu ezin dena erantzun burlatiak entzun barik: patriarkatua, bai. Agian garai batean aldaketak ikusgarriagoak ziren edo azkarragoak, eta orain dena motelago doa edo inertziak indartsuagoak dira gizonezkook betidanik izan dugun gailentasuna arriskuan ikusten dugulako.

Beldurgarria da irudikatzea oraingo emakume gazte batek laurogeita asko betetzean zera esaten: “Zein gustura orain. Lehen emakume batek ezin zuen hau edo hori edo hura egin”.

Zein gustura orain

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Zein gustura orain”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude