Zein asmakizunek utziko lituzke gure arbasoak zur eta lur?

Demagun 1900 urtean hil zitzaizkizula herenaitona-amonak, alegia, birramona-aitonaren gurasoak; XX-XXI. mendeetako asmakizunen arrastorik ez zuten izan. Zerk uste duzu harrituko zituela gehien?
gaztea iphone

Gutako askoren bizi azkar eta eroetan agertzen dira noizean behin gogoeta txoro bezain mamitsuak. Klasikoa da hau: ‘Gure aurrekoek horrelakorik izango zela jakingo balute, ez zuketeen sinistuko’. Inoiz izango zenuen horrelako burutaziorik, akaso hegazkineko lehiatilatik begira zinela, edo Skype bidez Australiako lagunarekin bideoz hizketan ibili eta gero. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada! Bizkor gainera!

Pentsa gure arbasoen bizimoduan. Amonak egiten zuenari heltzen zion amak, eta haren alabak bertsu, eta horrenak beste hainbeste. Gaur, ordea, halakorik burutik pasatzerik ere ezin. Bizimoduak aldatu baitira zeharo azkar. Eta, horrekin paraleloan, teknologiak edo asmakizunak. Gaiari nonbaitetik heltzearren, eta hamaika ikuspegi zein baino zein interesgarriago dituela aintzat hartuta, zera galdetu nahi dizugu: Zein asmakizunek utziko lituzke zur eta lur gure arbasoak? (Denbora epe bat jartzearren, orain ehun urte, 1913an hil zirenak. Kontuan izan ordurako, XX. mendearen hasierarako, asmatuak zeudela eta entzunak eta agian erabiliak zituztela telefonoa, argazkiak, hegazkina edota automobila).

Arbasoen azalean jarri eta pentsa zerk eragingo zien zirrara kontrolaezina 1913 urte hartan. Ohartu erantzunak ez duela zertan izan gizakiarentzako asmakizunik erabilgarriena (minbizia sendatzea, esaterako), baizik eta euskal gizon-emakume arrunta zur eta lur utziko zukeena, aho bete hortz; sorginkeria!

Aurrez ‘Zein egunek aldatu du Euskal Herrian historia?’ idatzitxoarekin egin bezala, iruzkin guztiak jaso eta inkesta bat osatuko dugu asmakizun horietako hamarrekin. Twitterren gaiari buruz txiokatu nahi izanez gero, #MakroGaldera hashtag-a dutenak ere begiratuko ditugu. Zeurea da ba hitza.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

5 pentsamendu “Zein asmakizunek utziko lituzke gure arbasoak zur eta lur?”-ri buruz