Zahartzaroa ere, salgai (I)
Zahartzaroa ere, salgai –
Jendarte sistema tradizional askotan “gerontokrazia” moduko antolaketa oso ohikoa zen. Gizakiaren historiaren pasarte gehienetan, eta duela oso gutxi arte, aldaketak mantso suertatzen ziren. Jende gutxi iristen zen zahartzarora. Horrela, zaharra izatera iristea salbuespena zen garai hartan. Hori dela eta, taldearen zaharrenak bereziki zaintzen zituzten, jakinduriaren kutxaren jabe baitziren.
Aldaketak emeki gertatzen ziren aroetan, taldeko zaharrek pilatzen zuten informazioa oso baliagarria zen gatazkak, arazoak edo kezkak sortutakoan. Gazteak aholku eske joaten zitzaizkien eta sarritan azkeneko hitza agureena izaten zen.
Egun, berriz, non aldaketek etengabe bata bestearen atzetik abiadura bizian gainetik pasatzen baikaituzten, zaharrek traba egiten omen digute. Bizitza “modernoaren” gorabeheretan ezin omen digute lagundu. Apenas, banketxeko kutxazain automatikoa erabiltzeko gai dira, eta hamaikagarren aldiz telebistako kateen hurrenkera aldatzen dutenean, bilobei eskatu behar izaten diete laguntza.
Familia eredua zeharo aldatu da. Zenbat arlotan, onerako, garai bateko familia hierarkiko eta patriarkalak gogo askeen espetxeak baitziren. Haatik, beste arlo batzuetan galdu dugunak hainbat baliabiderik gabe utzi gaitu. Familia zabalak, hiru belaunaldi, lehengusu, lehengusu txiki eta bizilagunak elkartzen zituenak, babes sare zabala eskaintzen zigun. Bizitzaren gorabeherei aurre egiteko sekula kale egingo ez ziguten bidaideak aurkitzen ziren hor. XXI.mendeko jendarte mendebaldetarretan, ordea, norbanakoa erdigunea bilakatu delarik, norbanako hura, maiz, bakarrik egoten da haize bolada askoren aitzinean.
Familia nuklearra eta indibidualismoa nagusitu dira. Horrek zenbait ate zabaldu badu ere, leiho asko ere itxi ditu. Familia nuklear bakoitzak edota “single” bakoitzak bere kabitxoa behar du; 35 urteko maileguz eskuratuko duen habia. Kabia garesti hori mundu itxia da, gero eta itxiagoa. Bertan bizi den bakoitzak bere txokoa nahi du: bere telebista, bere ordenagailua, bere eremu ukiezina. Multinazional ezagun baten leloak dioen moduan: “errepublika independientea”.
Lehen ateak irekita zituen etxeak, orain gotorleku bilakaturik, “kanpokoek” traba egiten digute. Kanpotar horiek gure zaharrak ere badira.
Zaharrek traba egiten digute eskasa baino eskasagoa dugun aisialdirako; traba egiten digute osasun arazoak dituztelako; eragozpenak sortzen dizkigute mimoak eskatzen dizkigutelako; gure denbora behar dutelako; gu behar gaituztelako.
Eta guk, guk izkin egin diegu. Zaharrak gure bizitzatik landa nahi ditugu, eta zahar-etxeetan txokoratuta geratzen ari dira.
Jendarte-sareak porrot egin du eta hutsunea betetzeko, adi, harrapari bat zegoen: “Merkatua”. Esan gabe doa “Mekatuari” erakunde ofizial nagusiak kudeatzen dituzten alderdiek lagundu dietela arrantzaleku berria topatzen. Dena ez da gure errua, bistan da.
Familia zabalaren sarean puskatutakoan ez dugu sare alternatiborik josi. Gertuko lagun eta bizilagunekin batera osatzen diren sare horiek beharrezkoak ditugu, erakundeek eskaini beharko lituzketen zerbitzu publikoen lana osatuko luketenak. Zaintza lana langile prekarioen bizkar gainean uztea jendarte osoarentzat kaltegarria da. Izan ere, lan prekario oro kaltegarria da jendartearentzat.
K. Polanyi ekonomista klasikoak idatzi zuen gure jendarte-sistemak kultura tradizionalen hiru ondare merkatarizatu zituela: lurra, lana eta dirua. Kapitalismo basatiaren garai hauetan, merkatalizazioa azken muturrera eraman dute. XXI.mendean, jendarte aberatsetan, zaharrak azoka-produkutu bilakatu dira.
Bikote zaharrek etxea ordainduta izaten dute, sos batzuk aurreztuta, jubilazio-soldata ere gehienetan, gutxi ala asko, hilero kobratzen dute. Hortaz, gazte askok ezbezala, erosteko ahalmena dute. Ondare horiek tentagarriak dira zerbitzu publikoak pribatizatu nahi dituztenentzat. Zahartzaroa negozio itzela da.
XIX. mendean lurra, dirua eta lana salgai jarri ziren. XXI.ean dena, baita gure zahartzaroa ere.
Testu-inguru honetan, ez da harritzekoa sindikatuak egiten ari diren azkeneko greba luzea zahar-etxeetako langileena izatea. Greba horretan, soldata arrakala; lanen feminizazioa, ratioak eta bestelako aldarrikapen asko daude mahai gainean. Baina horretaz gain, beste zerbait gehiago ere badago jokoan: jendarte-eredua, deshumanizazioa, gizakia produktu bilakatzea.
Zahartzaroa ere, salgai