Zahartzaroa ere, salgai (eta II)

Zahartzaroa ere, salgai (eta II) –

Zahartzaroa ere salgai (I)

Zahartzaroa ere, salgai (eta II)Nerabezaroarekin batera izaten ditugun aldaketek ondorio handiak dituzte gure harremanetan. Bizitzaren garai hori iristean, normalean, gurasoekiko haustura egiteko beharra sentitzen dugu. Haustura horrek hainbat arlotan egiten da: psikologikoa, estetikoa, etikoa eta , nola ez, fisikoa. Nerabezaroan gure gorputza zeharo aldatu delarik, arrotza egiten zaigu, aldaketak gurasoengandik ere ezkutatzen ditugu. Guraso gehienek ere adin horretatik aurrera, seme-alabekiko harreman fisikoa aldatzen dute.

Nerabezaroan gure adinekoekin egon nahi dugu, gure egoera berean dauden pertsonekin. Gurasoekiko askatu ditugun hari guztiak gure bidaide berriekin josten hasten gara. Harreman fisikoak ere hor finkatzen dira, eta garai hartan egin ohi da sexu-hautua.

Geroan, guraso izaten bagara, gure harreman garrantzitsuenak bikotearengan eta seme-alabengan kokatzen dira. Gazte garaietako lagunengandik urrunduz eta oraindik gure gurasoengandik aldenduta.

Hala ere, oso ohikoa da, umeak koxkortu ahala, gure gurasoek laguntza behar izatea. Ezustean, bat-batean, gure gurasoen gorputzak ukitu behar izaten ditugu, garbitu, apaindu…Gertatu aurretik ez dakigu nola erantzungo ote dugun, gertatutakoan ohartzen gara naturaltasun osoaz egoera berrira egokitzeko gai garela. Ohartzen gara ere, une latz horietatik ere momentu zoragarriak bizitu ahal ditugula, elkar-zaintza baita gure gogoaren sortzaile nagusienetarikoa, nagusiena, agian.

Baina, aurreko artikuluan idatzi nuen bezala, gure jendartetan bizitzaren pasarteak ez dira lehen bezala bizitzen. Denboraren mugimenduak beldur handia ematen digu, “beti gazte” eta “Peter Pan” bilkatu gara.
Aurreko testuan aipatu nituen ezaugarri sozial berriak direla eta, askotan , orain, zaharren menpekotsunak jokuz kanpo harrapatzen gaitu eta traba egiten gaitu.

.

Zaharren Egoitzak

Jendarte mendebaltarretan, non bizi-itxaropena horren handia baiten, azkeneko urteetan gure agureak Zaharren Egoitzetan pilatu ditugu. Familia, bikote eta pertsona harreman berrietan agureek ez dute lekurik, eta ardura, erakunde publikoekin banatzeko beharra sortu da.

Haatik, gure erakundetan agitzen dutenen begirada bestelakoa da. Zaharren zaintza garestia da eta euren gastu horiek “murriztu” nahi dituzte. Zerbitzu publiko horren pribatizazioan aurkitu zuten irtenbide.

Egun, Europako mendebaldeko herri gehienetan Zaharren Egoitzen kudeaketaren portzentai oso altua multinazionalen esku geratu da. Menpekotasun egoeran dauden pertsonen zaintza merketzeko bide bakarra prekarizazioa da. Mutinazional hauek langileen baldintzak okertu dituzte, janariaren kalitatea jaitsi, ratioak handitu dituzte… Beraientzat, zaharrak diru-iturria baino ez dira, beste hamaika inbertsioren artean burtsan egiten duten horietako bat.

.

Eta birusa iritsi zen

Sistema honek dagoeneko zenbait pitzadura zituen ageri, zerbitzu publiko baten pribatizazioan sekula ez baita “aurrezten”. Zerbitzuaren kalitatearen jaitsiera eta multinazionalek atera nahi duten etekin ekonomikoa, beti garestiagoa izango da norbaitentzat, dirutan ez ezik, ondorio sozialetan ere.

Egoitzetan dauden agureen familiek konpartitutako gela batengatik hilean 3.000 bat euro ordaindu behar izaten dituzte. Aurrezkiak dituztenak urte erdian sosik gabe geratzen dira; dirurik gabe sartzen direnen kuota diru publikotik ordaintzen da. Hortaz, kasinoan bezala, “bankak beti irabazten du”, multinazionalek , alegia.

Birusak azaleratu ditu sistema honen gabeziak. Zaharren Egoitzak ez baitira ospitaleak. Zaharren Egoitzetan dauden pertsonetan denetik dago: gaixorik, gaixotasun kroniko apala dutenak, familiarik gabe geratu direnak, familiak zaindu nahi/ahal ez dituenak…kasuistika zabala, baina ez dira ospitale gisa prestatu , zenbait osasun zerbitzu eskaintzen dituzten arren.

Gauzak horrela, birusa gurera hurbildu denean, kudeaketa ekonomikoa ardatz den zentro hauetako zuzendariek ez dute behar bezala erantzun. Lehentasuna gastuetan murriztea delako eta horrelako egoerak aurreikusi gabe zituztelako. Zenbait tokitan ondo jokatu dute; beste batzuetan, aldiz, langileek euren kabuz ahalik eta gehien egin badute ere, baliabide eskaxiak gaitzari ate bat zabalik utzi dio. Izan ere, jakina denez, toki askotan hildakoen %60 Zaharren Egoitzetako erabiltzaileak izan dira.

.

Eredua errotik aldatu

Premia larria sortu da. Pribatizatutako zerbitzu honek ezin izan du ongi erantzun eta ezin izango die aurreratzean etorriko diren erronkei erantzun. Arazo estrukturala da, zerbitzu hau berpublifikatzeko beharra dago. Ratioak txikitu, langileen baldintzak eta prestakuntza hobetuz, zerbitzuaren kalitatea bermatuz. Erakunde publikoen behaketa eta kudeaketa zorrotzik gabe, laster beste krisialdi bat pairatuko dute gure zaharrek.

Hala eta guztiz ere, aldaketa sakonago baten beharra agerian geratu da. Ezin ditugu gure agureak baztertu gure bizitzetatik. Zaharrak gabe ez dugu gure burua ulertuko, zaharrak zaindu gabe ez gara zuzen jokatzen ari. Bistan da, garai bateko familia eredu horiek ez dira itzuliko (zorionez ziurki) , baina bai berriz, gure komunitateak antolatzeko garian, belaunaldien arteko komuneko eremuak birsortzea gure esku dago.

Agureak bere adinekoekin egoitzetan pilatu beharrean, bestelako ereduak landu behar ditugu adinduek beste adinekoekin elkar bizitza egiten jarraitu ahal izan dezaten. Belaunaldi guztietakoak elkarrekin bizitzean (elkarren ondoan) dugu irtenbide logikoena. Kultura zaharrek bazekiten eta guk ahaztu dugu. Bizitzaren etapa ezberdinetan rol desberdinak jokatu behar ditugu: zaintzaile, babesle, zainduta, babestuta, laguntzaile, lagundua… Hori guztiak komuneko eremuetan gertatzea onuragarria da guztiontzat, pertsona gisa eta kolektibo gisa. Iraganean izan genituen erronkei talde gisa erantzun genien moduan, geroak ekarriko dizkigun erronka berriei ere horrela erantzun behar diegu,

Birus batek ekarri digu errealitatearen gordintasuna, harresiaren beste aldeetan inoiz aldatu ez den errealitatea gordina, gozoa eta samina. Jendarte mendebaldetarretan birus batek egiaztatu digu amesten genuen hilezkortasuna ezinezkoa dela, Peter Panak ere zahartzen direla, prekarietatean lan egiten dutenen bizkarretik bizi garela, naipez eraikitako gaztelua haize ufada batek bota dezakeela. Agian garaiz gertatu da, eta akaso, garaiz gaude gure jendarte sistema errotik aldatzeko.

Zahartzaroa ere, salgai (eta II) Zahartzaroa ere, salgai (eta II)

Patxi Azparren

Donostiarra Pasaiaratua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude