“Wie Navarra spanisch ward und blieb” (1849)

“Wie Navarra spanisch ward und blieb” (1849) –

Amatiñok bere blogean.

Amaiurreko azken batailaren 500. urteurrena (1522-2022) oroitarazten den honetan, kalean da ”De cómo España conquistó a Navarra y la retuvo” (Leipzig, 1849) liburua*, duela ia bi mende argitaratua izan arren ezkutu samarrean iraun duena**. Besteak beste, Wilhelm Soldan historialariak 30 orrialdetan barrena laburbildu zituen Nafarroa burujabetza galtzera eraman zuten gertakariak.

“Wie Navarra spanisch ward und blieb” (1849)Gertakari politikoak, oro har edo gehienbat, Nafarroak ez baitzuen askatasuna gudu-zelai hutsetan galdu, espainiar zein frantziar koroen eta Erromako Egoitza Santuaren arteko interes kontrajarrien arteko korapiloetan baizik, beharrezko botere-banaketa, azpijoko eta ezkontzak tarteko, 1512tik 1559ra bitarteko lau hamarkada luzetan zehar.

Hain zuzen, laburtu beharraren beharrez, sutearen metxa isiotu zen 1512an, Aita Santuak, Veneziak, Aragoi-Gaztelako Fernando Katolikoak eta Ingalaterrako Enrike VIII.ak Liga Santua osatu zutenean Frantziako Luis XII.aren kontra. Gudaroste ingelesa eta espainiarra Baionan elkartzekotan geratu zirelarik, britainiarrak itsasontziz Hondarribira heldu ziren, itsasbazterretik Aturriraino abiatzeko. Aragoiko erregeak,  berriz, artezago eta seguruago izango zenaren aitzakiaz, Donibane Garaziraino iristeko Orreagatik pasatzea proposatu zuen. Geroztik ez zuen inoiz atzera egin.

Mendez mende, Frantziako eta Espainiako historialariek alde bateko zein besteko argudio komenigarriak azaldu izan dituzte, nork bere ikuspegia defendituz. Alemaniarra izanik, ordea, Soldani onesten zaizkio nolabaiteko neutraltasun eta objektibotasuna. Eta beronen diagnosi bikoitza zera da: 1) Estatu mailako kontua izan zen. Estatu handien tirabiren artean, txikiek hitza ere galdu ohi dute. 2) Historian geratu den eztabaida ez da Nafar Erresumari jatorrizko burujabetzarik dagokion ala ez, frantsesa edo espainiarra ote den baizik.

Dokumentatua dago Karlos I.a (1500-1558) eta Felipe II.a (1527-1598) aita-semeak “kontzientzia” txarrez-edo hil zirela, Fernando (1452-1516) aitonak utzi zien oinordetzaz, baina ez zuten egoera aldatzeko ezertxo ere egin. Frantziak, berriz, 1720an. aldarrikatu zuen, azken aldiz, Nafarroa bereganatzeko eskubidea.

.

* Mintzoa argitaletxeak plazaratu liburuak hiru parte ditu: 1) Whilhelm Soldanen tesiaren aurkezpena (Peio J. Monteano Sorbet). 2) 1849ko Wie Navarra spanisch ward und blieb originalaren kopia digitala (Bayerische Staat  Bibliothek). 3) De cómo España conquistó a Navarra y la retuvo, gaztelaniazko itzulpena.

** 2020ko martxoan Irigarai familiak dohaintzan eman zion bere funts dokumental eta bibliografikoa Nafarroako Errege Artxibo Nagusiari. Besteak beste, tartean zen Wilhelm Soldan historialariaren tesia. Originala alemanez eta gaztelaniazko itzulpena, berriz, Aingeru Irigaraik edo Alexander Tapiak egina, nonbait.

“Wie Navarra spanisch ward und blieb” (1849)

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan ““Wie Navarra spanisch ward und blieb” (1849)”-ri buruz

  • Lotsa gutxi behar da gero! Giputz urdeak, Arabar eta bizkaitar zerri kumeak borrokatu ziren nafarren kontra, eta irabazi gaztelauei lagunduta. Eta orain babukeriak hauek irakurri behar! Amatiño, hik ez duk nafarretik ezta odol tanta bakar bat ere, hire inguru guziak bezalaxe, ez haiz nor geronen alde deus ere esateko. Hoa apapa!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude