Utzi auzoa bakean

Utzi auzoa bakean –

Esku batekin ari naiz artikulu hau idazten, bestea zipaioek txikitu berri didate karga batean. Juxtu alboan zegoen laguna atxilotu dute karga horretan bertan; ni neu izan nintekeen. Hau idazten ari naizen momentu berean, bera Antiguako komisaldegiko zulorik ilunenean daukate; kalabozoan. Laster besarkatu eta negar egingo dugu amorruz adina konbentzimenduz elkarrekin.

Utzi auzoa bakean

Zipaioek Donostiako Alde Zaharrean erabili duten indarkeriak komunikabide nahiz sare sozialetako titularrak hartu dituzte azken asteetan. Behin eta berriro oldartu da polizia gazteon aurka… botelloiaren aitzakia jarri dute behin baino gehiagotan, baina inoiz botelloi batean egon denak badaki ronkola eta txirrisklasa bereizten.

Auzoko Gazte Asanbladak ideia argi bat azpimarratu du hasiera hasieratik:

Inpunitate poliziala inoiz baino gehiago areagotu da larrialdi egoeraren aitzakipean. Manipulazio mediatikoa bestalde, inoiz baino agerikoagoa bihurtu da. Baina errepresioa eta gezurra, beti izango dira hankamotz.

Gazteok gaude jopuntuan, gazteok garelako etorkizunaren giltza eta baldintza. Horregatik, gazteon kriminalizazioak izurritearen bilakaeraren erantzule bihurtzeko helburuari erantzuten dio; atentzioa desbiatu eta agintari instituzional, politiko eta ekonomikoen arduragabekeria zuritzeko. Praktika sistematiko hau gainera erraz zabaltzen ari da. Jazarpen poliziari, manipulazio mediatikoa gehitu ezkero, koktel molotof bikaina gazteriaren aurka. Baina denak ez du balio.

Irudi batek, hamaika azalpen baino gehiago balio omen ditu eta gaurkoak ikusi ostean, poliziaren interbentzioa justifikatuko duen bizilagunik ez du inork aurkituko.

Errepresioaren aurrean, ezinbestekoa da elkartasuna antolatu eta elkarrekin erantzutea, bestela gureak egin du. Proposamen zehatz bat: erresistentzia kutxak sortu edota indartzea; baina batez ere, haien isun bakoitzeko, handiagoak izango diren kalte ekonomikoak eragitea.

Gazteon aurkako kriminalizazioak eta jazarpen polizial inpuneak, beldurra sortzea bilatzen du; beldurra jipoi eta zauriei, beldurra isunei, beldurra atxiloketei eta zergatik ez, beldurra espetxeratzeei. Baina urte luzeko bidearen ondorengoak gara, gazte konprometituak, egunez egun gure auzo eta herriak eraldatzeko lan egiten dugunak eta zorionez, gero eta gehiago garenak.

Dena ETA zenean agian bai, baina orain, guztiak ez die balio(ko).

Utzi auzoa bakeanZergatik baina horrenbeste egur Donostiako Alde Zaharreko gazteei? Badakitelako, Euskal Herriko toki gehienetan ez bezala, mugimendu ezberdinetako kideok elkarlanaren beharraz aspaldi jabetu garela, elkarlanaren potentzian sinisten dugula eta horregatik, elkarrekin antolatzen hasi garela. Gaur gaurkoz gazteak soilik bai, baina ezker abertzalekoak, ildo sozialistakoak, autonomo eta anarkistak… guztiok elkarrekin; sinestezina badirudi ere, gaur gaurkoz halaxe da. Azken finean, guztiok garelako feministak, ekologistak, errepublikarrak eta euskaldunak.

Hainbat zatiketa bizi izan ditut Euskal Herriko herri mugimenduaren baitan eta argi daukat elkarren arteko desadostasun taktiko nahiz estrategikoen gainetik, kapitalaren aurka daukagun kontraesana lehenesteko gai ez bagara, ez dugula gauza asko lortzerik. Ez gaurko Donostiako Alde Zaharrean behintzat. Burgesiak indar handia baitu eta batez ere, irabazi asko duelako jokoan auzo honetan. Auzotarrak edo turistak, multinazionalak edo betiko komertzio txikiak, nekazariak edo supermerkatu handiak…

Kontraesanak kontraesan, eta eman beharreko eztabaidak emanez (behar beste denbora eta merezi duten kalitatea eskainiz), antolatzen hasi gara guztion mesedetan eta helburu argi batekin: Auzoko problematika orokor eta espezifikoei erantzun ez ezik, irtenbide ere emateko. Horregatik, oraina baina hobea den etorkizunagatik borrokatzen zuelako Kijerak ere; eta horregatik erail zutelako Kijera gaur gu jipotzen gaituzten txakurren arbasoek ere. Kale berberetan.

Bide luzea dugu aurretik eta gazteok bakarrik ez goaz urrutira. Hori bai, ez dezagun ahaztu gaurko gazteon borrokan dagoela biharkoen etorkizuna.

Alboan zaituztedan guztiei; eutsi eta egurra etsaiari.

Utzi auzoa bakean
Utzi auzoa bakean

42 pentsamendu “Utzi auzoa bakean”-ri buruz

  • Desadostasun taktiko nahiz estrategikoen gainetik, pandemia bati buruz ari garela ahaztu zaizu, nonbait. Arauei muzin egiteak oraingoan ez zaituela iraultzaileagoa egiten, berekoi eta indibidualistagoa baizik, hau da, eskumatar peto petoa. Eta hau gutxi balitz ere, bitartean zuen nagusiak neurri zorrotzagoak eskatzen dabiltzala, hau da zuen moduko jokabideei kaña gehiago sartzea, alegia.
    Beraz, espabilau eta behingoz zuen buruak kokatu: edo bizitzak salbatzeko helburua edo zuen askatasun “pertsonal indibidualen” defentsa sutsua. Argitu mesedez!

  • Ertzaintzari zipaio deitzea balekoa da nonbait. Oso ondo Zuzeu! Hortxe erakusten duzue zuen ildo politikoa zein den.

  • Neuk arrazoia dauka. Irainak irain, baina Iraina nondik datorren araberakoa ezin liteke zentsura aplikatu edo ez. Danon partehartzea sustatu gure bada, arauak danontzako izan daitezela.

  • Ados nago zuekin.

  • Txakurren aldeko pintada horiei euskazko beste pintada supremazista haien antza hartzen diet.

  • Polizia hitza latineko polit?a hitzetik dator, grezierazko ????????, politía hitzetik eratorria, ?????=hiria, administrazioa eta gobernua esan nahi duena. Gaurko esanahia frantsesez agertu zen lehen aldiz XVII. mendean, lege eta ordena mantentzearen esanahiarekin. dixit wikipediak … https://eu.wikipedia.org/wiki/Polizia

  • Udaltzaingoa txakurra, Ertzaintza ere bai… garrett, zure ametsetako Euskal Herri horretan poliziarik edo autoritaterik ez da izango, ez? Dena, besterik gabe modu armoniotsuan funtzionatuko du, Jehovako aldizkarietako ilustrazioetan agertzen den modura. Eta orduan norbaitek autoritatea onartze ez badizute? Bien bitartean, Bilduko buruzagiak Eusko Jaurlaritzari neurri gogorragoak hartzeko eskatuz. Baina bere txakurkumeak kale-zurrutean. Aklaratu zaitez Garrett, aklaratu! Hitzerdirik ere ez duzu esan kale-zurrutean dabilenaren aurka. A zer panorama zuekin!

  • Kolonoak maketo diren modura, ertzainak zipaioak dira. Konparaketa arraroa… Ertzainak Euskal Herriaren, euskal herritarren, euskaldunen etsai direla onartu nahi ez duena gezurretan ari da. Egin al dute alper horiek abertzaleak jipoitzeaz gain beste ezer? Zenbat abertzale hil eta torturatu dute Espainiaren morroi horiek?

  • Ertzaintzak agintari politikoen aginduak betetzen dituzte. Beraz, izatekotan, ardura EAJri eskatu, Izena*

  • Eta EAJk bere botoemaleen araberako politika egiten dute, beraz, ardura zure herrikideei eskatu. Baina ardura eskatzen hasi aurretik, zeuon ardurak ondo bete al dituzuen galdetu zeuen buruari.

  • Garrettentzat galderie 2021-01-19 23:01

    Garrett: zein pintada supremazista euskaraz? Zer zioten?

  • Euskaldun asko iraindu, kolpatu eta torturatzeaz gain (halakorik egin dutenik nik ez baitut ukatuko) beste hamaika lanetan ere dihardutela ukatzea ere, itsukeria litzateke. Gure gizarte honek, arazo politikoaz gain, hainbat arazo sozial, ekonomiko, eta beste alorretakoak dauzka, eta hor, gustoko izan edo ez, polizi baten beharra dago. Are gehiago! Gaur egun gizarteak hartu duen bilakaera eta bidea ikusirik, poliziaren beharra gero eta handiagoa izango delakoan nago.
    Beraz Izena* jauna/anderea, ezker abertzale usaia zekarren dana gorrotatzeaz gain (garai batean hau egia borobila izanik, jakina) alper hauek beste hamaika saltsatan ere ibili izan dira.

  • Entzun berri dut Oreretan emakumezko bati lepoan labankada bat eman eta larri zauritu duen gizonezkoa, kalezurrutean zebilen lagun taldea atxilotu dutela. Normala, kalezurrutariek polizi alperrek egiten ez duten lana egin behar dutelako, hain zuzen ere.
    Izena*, mundu distopikoa hor nonbait!

  • Garrettentzat galderie, euskarazko pintada horiek “etorkin gehiegi” eta holakoak esaten dituzte, euskararen defentsan, omen, baina nik ez dut inon irakurri, adibidez, “erdaldun gehiegi”, horiek etorkinak baino askoz gehiago izan arren. Beraz, kolektibo kaltebera baten kontrako pintadak direla esango nuke.

    Zipaioak eta gainerako txakurrak defenditzen dituzunoi: poliziaren funtzioa, benetako funtzioa, zein den galdetu beharko zeniekete zeuon buruei (akaso badakizue, baina kakanahastera jolasten duzue). Egia da, noizbait, albo-efektu gisa edo, haien laguntza jasotzea tokatzen zaigula, baino hori bigarren mailako lana da. Poliziak ezarritako ordena babestea du egiteko nagusia, beti ere indarraren bidez.

    Egungo egoerarekin pozik bazaudete, orduan logikoa da poliziazale porrokatuak izatea. Ez ahaztu, baina, babesten duzuen eredu honetan euskara errekara doala, etorkinak gorabehera.

  • “… baina nik ez dut inon irakurri, adibidez, “erdaldun gehiegi”, horiek etorkinak baino askoz gehiago izan arren.”

    Erdaldunak etorkinak baino gehiago direla? Baina, etorkin guztiak ez dira erdaldunak?

  • E, esandakoa, kakanahasteko gogoa. “Bertoko erdaldunak (Anasagasti eta Matute barne”. Ondo horrela?

  • Hobe horrela, kar, kar, kar.
    Dena dela, berriz galdera: etorkin guztiak ez al dira erdaldunak?

  • Hara Neu, ezin dena da zentsuratzen zaituztela kritikatu, eta aldi berean iraintzen ibili.
    Bestetik, dilema faltsuaren falazia da etengabe baliatzen duzuena: gauza bat da neurri gogorragoak eskatzea pandemian, eta bestea polizia indarkeria. Ez dago lotura zuzenik bata eta bestearen artean.
    Ertzaintzarekin dagoen arazoak ez du zerikusirik covid neurriekin, polizia indarkeriarekin baizik. Hara, gauza bat da konfinamendua, tabernen itxiera edo nahi den neurria, eta bestea plaza bat hustutzeko bi pertsona atxilotu beharra. Ez nahastu gauzak.
    Zuek lasai bazabiltzate 10 gazte plaza batetik botatzeko lau konejera eta 30 karga behar dituen polizia batekin, oso ongi. Nik kritikan jarraituko dut, ikusten baitut inguruko herrialdeetan neurri zorrotzagoak ezarriagatik, polizia ez dabilela horren harrotuta.
    Eta argi, ertzaintza oso oso harro dabil. Eta hori denok pagatuko dugu, goiz edo berandu.

  • Garrettentzat 2021-01-20 15:22

    Ba, bai, “erdaldun gehiegi” pintada ikusi dut. Duela 2 urte edo, 3 lekutan. “etorkin gehiegi”ren ondoan.

    Baina “etorkin gehiegi” edo “etorkin gehiegi euskararentzat” ez dut uste supremazista denik. Konstatazio bat da. Esan duten moduan, etorkinen %100 erdalduna da (euskara ez dakiten edozein hiztun). Eta EHn 200.000 etorkin erdaldun sartzen badituzu 20 urtetan, nola ez du ba euskarari eragingo? Eragingo kalterako, noski.

    Presio soziala euskararen kontra agerikoa da. 200.000 erdaldun horiek euskaldunok are gehiago diluitzen gaitu.

    Beste kontu bat da konstatazio ukaezin hori, ezker zein eskumako globalisten agenda eta diskurtsoa apurtzea.

  • Ba Ote…. herri txiki batean, taberna aurrean eta barruan sekulako jendetza neurririk hartu gabe, udaltzaingoaren kotxea hurbildu eta birao mota guztiak bota zizkieten udaltzainei eta handik burumakur alde egin besterik ez zitzaien gelditu udaltzainei. Hori ere polizia indarkeria da? Esan duzu, plaza ustutzeko indarkeririk ez dela behar… udaltzain horiek ez zuten indarkeririk erabili, baina tabernan arauak bete gabe jarraitu zuten. Hori orduan zer da? Neuk ikusi nuen hori.

  • Ertzantzaren indarkeri poliziala, ez dut zalantzan ipintzen, nik neuk ere jasan izan dudalako. Eta Ertzantzak, neurri batean, gizarteak eskatzen dion lana ez duela betetzen, nahiko agerikoa da. Beraz, nik ez dut Ertzantzaren lanik goraipatuko, ez eta gutxiagorik ere. Baina gure moduko gizarte batek, polizi baten beharra dauka. Eta Euskal Herriak hartu duen bidea ikusirik, polizi baten beharra gero eta handiagoa izango du. Hori da nik kritkatzen dudana, polizifobia hori, hain zuzen ere.

  • Kritika daiteke “polizifobia” (fobia berria da hau, apuntatuko dut, lodifobia eta beste ergelkeriekin batean). Fobia hori kritikatzeko EHBilduk pandemiarako neurri gogorrak eskatu izana zertara dator?
    Badakit EHBilduri egurra emateko gogoa duzuela hainbatek, baina ez nahastu gauzak.
    Eta Neu, udaltzain horiek (eta beste asko eta asko) iraindu zituztela eta, orduan balekoa da indarkeria poliziala? “Non sequitur”.
    Herri honetan poliziarekin mesfidantzan hazi gara asko. Arrazoia H edo B izan (kar, kar, barka txistea, egin behar nuen), hori hala izan da. Eta ertzaintzak erakutsitako jarrerekin mesfidantza hori areagotu baizik ez du egiten.
    Eta berriro diot, plaza bat hustutzean bi pertsona atxilo eramatea ez da normala, ez Donostian ez Tiannamen-en, eta hori polizia ereduarekin dago lotua, ez pandemiarako neurriekin.
    Hara, Kataluniako erreferenduma zela eta ez zela, jende gehiago atxilotu zuen ertzaintzak Bilbon egindako manifan, Bartzelonan mossoek baino. Eta hori ez da normala, nahi duzuen tokitik begiratuta.

  • Ertzaintzak euskaraz egiteagatik isunak jartzea ez da normala. Eta egin du.
    Hori da dugun polizia eredua, autoritarioa eta kastellanoa.
    Ezin dut halako polizia eredu bat babestu, eta are, ahal dudan guztietan kritikatuko dut.

  • Evaristo (La Polla Records) ‘frankismoan jarraitzen dugu…’ –
    https://youtu.be/inNvPhuXv6w https://www.mondosonoro.com/entrevistas/la-polla-records-2019/ “Badaude gauza batzuk poliziak egiten dituenak oraindik, drogarik gabe azaltzen ez direnak…”

  • Pandemia honen kudeaketa herriaren (langileen nahiz gehiengoaren) interesen (ekonomiko nahiz sanitarioen) mesedetan egiten ari dela baieztatzen duen jendea egotea da harrigarriena.

    Osasun-izurrite baten aurrean egoteak, beharrezko neurri soziosanitario, ekonomiko eta baita mediatikoak hartzea dakar nahitaez; baina PNB (Partido Nacionalista Burges) eta bere aliatu Confebas eta PPSOEren laguntzarekin guztion mesedetan jokatzen ari dela sinistea… mesedez!

    Elite ekonomikoaren interesak ari dira defendatzen, herritarron interes ekonomikoen gainetik, dirua badago, baina banatu egin behar da; batzuk gero eta aberatsago eta besteak gero eta pobreago… Argiaren %30eko igoera, AHTaren edo metroaren eraikuntza, aprobatu berri den 4.000.000€ tik gorako gastua ZIPAIOen 53 furgoneta blindatu berrietan (Anbulantziak erosterik ez ahal zegoen?), diru-laguntzak sinbolikoak baino ez dira, lan-erreformak, murrizketak, zerbitzu publikoen pribatizazioa (osasungintzan nahiz hezkuntzan bereziki), lan-merkatuaren prekarizazioa, etorkinekiko politika arrazista eta baztertzaileak …

    Osasun irizpideei dagokionez, arrazionaltasun eta koherentzia falta argia dute… Hori ukatzera ausartzen denik egotea… Ez dute osasun sistema indartu ere egin!

    Zakurrak beti zakur, zerriak beti zerri… izan gaitezen azeriak bezain zuhur eta maltzur!

    Negu Gorriakek zioen moduan “aizkorak zorroztu!”.

  • Negu Gorriakeko abeslaria izandakoak jarri nahi nuen…

    Fermin Muguruza eta Dut dira abestiaren egileak:

    https://www.youtube.com/watch?v=iykuO4dteDk

  • Harrigarrigarria ez da krisi hau herritarrengan pentsatuz kudeatzen ari direla pentsatzen duen jendea egotea. Harrigarriena da, izurritearen erdian kale-zurrutean dabilen zentzugabea, eta ondoren lotsa gutxirekin besteei lezioak ematen jartzen dena.

  • Gazte eta nerabeei euren urterik hoberenak ostu eta etorkizun duin baten perspektiba izorratu diete, eta gainera jasan behar dute jada urte bete daraman operazio psikologiko honen ondorioz barrabilak zintzurretan polizia txalotzen duen izuti kuadrila. Pikutara zakurrak, bai uniformedunak eta baita zibilak ere

  • Neu,
    Zertara dator ertzainen “vamos a tirar a dar” hori? Zer eta Cabacasena ia inpunitate absolutuan geratu eta hurrengo egunean?
    Zipaioak, ez duye beste izenik. Zipaioak.

  • Esnatuko da herria. Ez dugu ahazten, ez dugu barkatzen. Itxaron gaitzazue.

  • Egurra: “Gazte eta nerabeei euren urterik hoberenak ostu […] di[zki]ete”. Nork ostu dizkie? Itzalpeko talde batek? G10-ek? Gobernu kapitalistek? Zuk ere uste al duzu pandemia “gazteei etorkizun duin baten perspektiba” izorratzeko konspirazio bat dela? Kontuz hitzekin, batzuk kargatuak daude eta.

  • Zentzu bako jarrerak alde batetik zein bestetik. Ertzaintza zeharo oldartuta eta herritar asko birusak eurengan eraginik izango ez balu bezala. Normala ertzantzak halako aurkako sentimendua piztea eta normala gizartea gazte batzuekin haserre egotea. Herri konplexua gurea.

  • Zentzugabeko jarrerak izango dira Tximino, baina ez dira konparagarriak. Kalean zurrutean zebiltzan gazteek ez dute sei hilabeteko ikastaro bat pasa Arkauten, eta ez dira “aditu” polizia zereginetan. Besteak bai.
    Hau ez da Ertzaintzaren beroaldi bat, hau ertzaintzan barneratua dagoen polizia ereduaren isla da. Edozer gauzari porra eta bolekin erantzun. Hori erakusten diete eta hori egiten dute.
    Eta hori kezkagarria da. Iparraldeko polizia ereduak imitatu beharrean (Erresuma Batua, Suedia edo Suitzakoak kasu), Guardia Zibila eta Polizia Nazionala imitatu ditugu (EAJk espainiara soilik begiratzen duenaren beste adibide bat, enegarrena). Eta ez esan Erresuma Batuan bazter nahastailerik ez dagoena. Hemen bezalaxe, edo gehiago daude, eta hala ere, karga polizialak oso gutxitan ikusten dira, ezohiko neurria baita. Hemen egunero ditu kargak eta zaurituak, egoerak eskatzen ez duenean ere.
    Alemanian indarrez Bundestagean sartzen saiatu ziren konspiranoikoak abuztuan, ez zen karga polizialik izan, eta hemen zer, eta Konstituzio Plaza hustutzeko lau atxilotu eta bi matrailezur hautsi.
    Spain is different, esan zuen Fragak, eta EAJ eta bere poliziak bere egin.
    Agian AEBtan bezala, ertzaintzaren birfundazioa eskatzen hasi beharko dugu gurean. “Defund the ertzaintza!”

  • Ba Ote! Esaten duzun horretan arrazoia eman behar dizut. Ez dira konparagarriak, inondik Inora. Eta are gutxiago ertzainak instituzio baten ordezkariak direnean. Baina instituzio horren bozeramaileari entzun ondoren, herri honek konponbiderik ez daukala uste dut.

  • Polizia gehiegikeriek ez dezatela batzuen arduragabekeria estali… Munduaren jabe garela sinesten dugu ala? Seriotasun gutxi krisi garaiotan, ikusezin zaigun organismo ñimiño batek akabatuko gaitu hurrengoan, gu lasai amorru guztiak azaleratzen ari garen bitartean. Hori da benetako pena.

  • Bilduk ofizialki jarrera bat du koronabirusari buruz baina bere jendartean izurritea leuntzen duen, ukatzen duen, txertoen aurka egiten duen jende gehiegi dagoela iruditzen zait. Jarrera horiek ez dira gehiegi agertzen, beste gauzen artean eskuin muturrekoen jarrerarekin ia bat etortzea suposatuko lukeelako, baina erdi-ezkutuan bada ere, jarrera hor dago. Eta Donostiako alde zaharreko liskarrak horren ispilu direla uste dut. Jakin behar da une bakoitzean zer tokatzen de egitea, baina batzuk ez dakite eta inoiz ez dute ikasiko. Eraikuntza Nazionala modu askotan egiten da, eta kutsatze-tasak beste herrialde batzuekiko baxuagoak egiten kolaboratzen ere Nazioa egiten da.

  • Fala zena, “EHBilduren antibakunismoa” da orain arazoa hemen.
    Hara, batzuk ez gara demokratak (ezin dugu izan, HBkoak baikara, zer egingo diogu), baina betiko “demokrata” askok baina hobeto ulertzen dugu zer den demokrazia.
    Batzuek uste duzue pandemiaren baitan zilegi dela edozer. Zilegi da balkoietatik nazi moduan aritzea, zilegi da ertzaintzari “patente de corso” ematea, zilegi da jendea plaza publikoan “lintxatzea”, zilegi da jendea atxilotzea, zilegi da matrailezurrak haustea, eta zilegi da edozer, pandemian gaudenez gero. Eta eskubide eta askatasunak, “ya si eso”.
    Eta esaten baduzu pandemian dena ez dela zielgi, esaten baduzu birus bat mundu mailan zabaltzeak ez duela zer ikusirik zipaiadak pilotak eta ostiak erregalatzearekin, esaten baduzu pandemiak ertzaintzaren basakeria ez duela justifikatzen, eta azken finean, pandemian egonagatik zipaioen jarrera antidemokratikoa dela badiozu, eta oso arriskutsua, magufo antibakuna plandemiko subnormala izatea besterik ez duzu.
    Non geratu da arrazoimena?

  • Derioko pijoek jai bat antolatzen badute komentu batean pandemia betean, sartu gabe bakean-bakean itxarongo dute ertzainek denak atera arte. Inor ez bedi zauritu, erne, eskubideak baitituzte. Baina Trinian hatxebero piura duten lau gazte berriketan badaude, orduan “vamos a tirar a dar”. Eta EAJoteroei berdin-berdin die. Demokratak dira eta. Corcueraren polizia eredua da EAJrena. Eta gustura denak. Alegría y buen humor.

  • Kabe: Covid19aren afera gezur eta puzturiko egia askoz desitxuraturiko estalki bat da, mundu mailako paradigma sozio-ekonomikoaren eraldaketa kontrolatu bat gauzatu ahal izateko. Arazoa eta konponbidea iturri beretik etorri ohi dela kontu zahar bat da mundu honetan. Eta ez da konspirazio bat, are gutxiago delirio bat: misterio gutxiko egitate bat da, hain zuzen ere, euren asmoak publikoak direlako: ez dituzte ezkutatzen. Nahikoa da euren agendei, webguneei, txostenei, liburukiei edo deklarazioei bistadazo bat botatzea, eta euren hitzak egoki interpretatzea.
    Tamalez, banago hori horrela ere zenbaitetzat alferrik izango dela: egoeraren interpretazioa beste aro bateko anteojoekin egiten duenak ez du ezer antzemango begien aurrean izanda ere, eta “gobernu kapitalistek” bezelako kontzeptuekin graziosoarena egin nahi duzunean argi antzematen da anteojo zaharkituak dituzula zuk ere.

  • Geure herrian bada jende azkarra pranko, bere iritzi bera ez baduzu anteojo zaharkituekin zabiltza. Dena dakite, dena. Eta dena dakitenez, “egurra” emateko gai ikusten dira. Besteak inozoak dira, beldurtiak, komunikabideek esandakoa besterik gabe sinesten dute. Nor ote da zipaioa?

  • Che, zureak biktimismoaren anteojuak dira, garai honetan oso modakoak omen, erabiltzailea moralki puzteko gaitasuna baitute honek egiten duen negarraren araberako korrelazio proportzional batean.