Qui prodest?

Qui prodest? –

Larritasunez bizi dugu auzoan Ertzaintzak burutu duen okupazio polizial berria eta, beste behin ere, herritarren aurka erabilitako bortxakeria.

Qui prodest?
Arg: EITB

Denok dakigu Alde Zaharrean ere 22:00etarako dugun etxeratze agindua, bestelako osasun irizpideekin batera, behar bezala betetzen dugula. Ordu horretarako Ertzaintzak badaki auzoa hutsik egoten dela egunero eta inolako istilurik gabe.

Zertara dator orduan etxeratze aginduaren ordua baino lehen  jendea indarrez auzotik botatzea eta etxeratzea?

Gazte Asanbladak salatu zuen Trinitik gazteak eta haurrak indarrez botatzean sortzen direla istilu horiek beti. Ertzaintzarik gabe normaltasunez hustutzen da egunero Trinia. Zertara datoz orduan istiluak sortzen dituen Ertzaintzaren oldarraldi hauek?

Argi dago Alde Zaharra eta bertako bizilagunak daudela jopuntuan. Gazteen aurkako kriminalizazio honekin, gazteak bihurtu nahi dituzte pandemiaren bilakaeraren erantzule. Atentzioa desbiatu eta agintari, instituzional, politiko eta ekonomikoen arduragabekeria zuritzeko.

Praktika hau sistematikoki errepikatzen ari dira beste herrietan ere, Eibar, Ondarru, Zizur, Mungia…

Agian etorkizunari begira Parte Zaharra eta Euskal Herria poliziaz beterik edukitzeko justifikazioaren bila ari  dira agintariak Covid garaian?

Izan diren 4 atxilotuen askatasuna eskatzen dugu eta dei egiten diegu arduradun politiko eta polizialei, ezer larriagorik gertatu aurretik,  Parte Zaharreko egoera normalizatzeko, ez gogortzeko, neurriak har ditzaten.

Auzoaren polizia okupazioari EZ!

PIZTU DONOSTIA
Qui prodest?

3 pentsamendu “Qui prodest?”-ri buruz

  • Ertzantzaren jarrera kezkatzekoa da, oso. Pandemia egoera honetan sekulako garrantzia, presentzia eta boterea ematen ari zaie polizei, orokorrean. Benetan arduratzen nauena, egoera honen aurrean, inolako partidu politikoren partetik ez dudala zalantzan ikusten estatu poliziala honen sorrera. Are gehiago! Ezker abertzaleak neurri zorrotzagoak eskatzen ditu behin eta berriro! Eta zoritxarrez neurri zorrotzak eta poliziaren presentzia , eskutik datoz, ez dago beste modurik. Ze eromen mota da hau?

  • Ertzaintza lan handia ari da egiten izurrite gara honetan. Oso lan profesionala. Osasun langileekin batera, herri hau aurrera ateratzen ari dira. Beste aldean, ez errespeturik, bizikidetzarako gaitasun minimorik ez duen jendea, gizarte erantzunkizunik ez duen jendea, anabasa eta liskarra gustoko duen jendea. Gora Ertzaintza eta Osakidetzako langileak!

  • Qui prodest? Nori egiten dio mesede? Gertaera hauek haizatu eta liskar giroa handitu nahi duenari egiten dio mesede honek. Hi horretan ikusten haut, pozik, aukera “etsaiari” egurra emateko baliatuz.

    Garbi dago abertzaleoi behintzat lixkar hauek ez digutela inolako mesederik egiten. Ni ez nauk hasiko, umetan bezala, hura hasi da, hark handiagoa esan dik eta horrelako eztabaida antzutan. Abertzale baldin bagara (ba al gara?) holakoak ekiditen, eta, ezin dugunean, gauzak baretzen eta konpontzen ahalegindu beharko genuke, eta, ez, gertaera penagarri hauek hauspotzen eta barne gatazkak handitzen.

    Uste dut abertzaleok erreferente berrien bila hasi beharko genukeela, Don Camilo eta Peponeren arteko umekeriek galbidera garamatzate eta.
    Ni behintzat nazkatuta nago “betiko” erreferente antzu hauekin.