Usteldutako harana eta aran ustelak (I)

Usteldutako harana eta aran ustelak (I

Usteldutako harana eta aran ustelak (II)
Usteldutako harana eta aran ustelak (III)
Usteldutako harana eta aran ustelak (IV)

Usteldutako harana eta aran ustelak (I)Batetik usteldutako harana dago, Goierri: bi zabortegi, Abiadura Handiko Trena, autopista elektrikoa, urteetan Europako erreka zikinenetakoa izandakoa (Oria)… Bestetik, Goierri edota Euskal Herria bezalako saski baten barruan, aran ustelak ere badaude.

Erraustegia egiteko asmoa daukate Zubietan, eta Mutiloako zabortegia leporaino bete. Guzti honi argudio sorta ezberdinez erantzun dakioke:

  1. Osasunaren aurka doa (ez dago mediku bakar bat aurkakoa esan duenik).
  2. Anti-soziala da. Jeltzaleek ez zuten 8,7 milioi euroko inbertsio bat egin nahi izan Sasieta bezalako zabortegi publiko batek irekita jarrai zezan (hori ere Goierrin, jarraitu guri errepikatzen solidarioak izan behar garela); eta orain zer, eta 24,8 milioi euroko esleipena eman diote zabortegi pribatu bati. Zer esan udalak 35 urtez zorpetuko dituen errauskailuaz… Eskandalu hutsa da. Nire herriak, Ormaiztegik, 1.300 biztanle inguru dauzka. Ba 1.824.848,14€ ordaindu beharko ditugu, hots, 2054 arte zorpetuta, eta lehentasunezko gastu bezala itxi zuten ituna; ezingo da politika sozialetan gasturik egin ez badago zorrarentzat dirurik bermatuta. Herritar bakoitzari 1400€ baino gehiago kostatu zaio (soldatapeko lanik egiten ez dutenak barne).
  3. Inposatua. Ez da mahairik osatu herrietan gaiaz hitz egiteko. Goitik beherako mailukada.
  4. Ustelkeria. Aurreko hiru gaien artean ezezagunena eta arriskutsuena. Zeren eta dirudienez, hemen ez du nehork lapurtzen, eta kontrakoa esanez gero alderdikerian kokatzen dute askok.

Hedabideetan ustelkeria kasuak izan ohi dira eguneko hiru otorduen goarnizio, hamaiketakoan esames eta askarian txutxu-mutxu. Horrelakoak, normalean, beti gertatzen dira Tormeseko itsu-mutila atzera eta aurrera ibili ohi zen lurraldean barna; edo Barnan, eskuin katalanaren zati esanguratsu bat erreferendumaren alde kokatu denez geroztik. Pentsa, lehena pikareskaren aberria, eta bigarrena xuhurrena omen; eta behin kantzerreko topikoaren lokatzean sartuta, zer gara euskaldunak? Txarra kenduta, nobleak, leialak eta zintzoak. Hemen nehork ez du lapurtzen, beste azaldu nola funtzionatu dezakeen elkarte batek. E? E?!

2016ko irailaren 25a, hauteskundeak EAE-n. Kanpainan promesak, egitasmoak eta arras literatura. Irailaren 28an, egi gordina eta muturreko latza Goierri eskualdeari; bide batez, gehienbat jeltzale bozkatu zuen gune bati. Bat, ez daukagu asmorik birziklatze tasak hobetzeko; bi, nola ba, erraustegia egin beha dugu eta; hiru, bien bitartean Gipuzkoa osoko kaka guztia zuek jango duzue; lau, erraustegia egindakoak eskoriak hara joango dira. Eta bost, kakatan plost.

Maiatzean su hartu zuen zabortegiak, su! Baina inor gutxi enteratuko zineten, ez diote arreta handirik eskaini hedabideek.

Igor Meltxor ikerketa kazetariak oso ongi dokumentatuta dauka aran ustelen jarduna, nola ari diren saski osoko fruituak lizuntzen. Aran ustelak ez dira produktu espainiarra soilik, hemen ere badaude. Eta ez aieruzko usteetan oinarrituta, frogetan baizik. Adibidez, Ferrovialen korreo elektroniko hau aurkeztu zuen Meltxorrek; Ferrovial, egungo Mutiloako zabortegiaren jabea:

Usteldutako harana eta aran ustelak (I)“Azkenean tunelak gehiago kargatu ditugu, hor baitago aurrekontu gehien, eta unitateak egokiagoak dira. Ikusiko duzu unitate berri batzuk sartu behar izan ditugula, prezio berriak sortuz”. Hartzailea? @Bidegi 

Bihar gehiago.

Usteldutako harana eta aran ustelak (I)

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.