Hitz gutxitan: Mudantza

Hitz gutxitan: Mudantza

Hitz gutxitan: MudantzaMuskerrek eta sugandilek lantzean, lantzean, berritu egiten dute azala. Zaharra lehortzen zaie, arretu eta oskoldu, eta gorputzak bertatik irten beste erremediorik ez du izaten. Arrautzetik irtetzea eta berriz jaiotzea bezalaxe, lehen baino koloretsuago eta, itxuraz, gazteago, biziago.

Paguroideoek, karramarro ermitauek, aldiz, oskola dute babesleku. Baina hazten doazen heinean oskola berri bat topatu behar izaten dute, inon kabituko badira. Moluskuen oskola bila hasten dira arroka artean, ahalik eta gordelekurik indartsu eta neurrikoenaren bila. Eta aldaketaren une horretantxe dira zaurgarrien. Harrapakariak beti daude zelatan.

Azken egunotan ni ere mudantzan nabil eta paguroidea bezain babesgabe sentitu naiz etxe zaharra utzi eta berrira sartu arteko tartean. Hazten ikusi nauen Zarautzen oskola huts asko egonagatik ere, Aiara ihes egin behar izan dut bikotearekin. Eta sentitu naiz babesgabe eta kaltebera. Tira, azkenean sartu gara neurriko zaigun etxolara eta hustu ditugu trastoak.  Lehen gaua teilatupe berrian.

Akaso narrastiek nola, zaharretik ihes egin eta gaztetzeko balioko digu, behinik behin. Lehen baino biziago sentitzeko.

Hitz gutxitan: Mudantza

Ekaitza bainuontzi batean