Usteldutako harana eta aran ustelak (IV)

Usteldutako harana eta aran ustelak (IV) –

Usteldutako harana eta aran ustelak (I)
Usteldutako harana eta aran ustelak (II)
Usteldutako harana eta aran ustelak (III)

Usteldutako harana eta aran ustelak (IV)Igor Meltxor kazetariaren hitzaldiak sarrera dezente egiteko adina informazio eman dit, gaur laugarrena eta azkena.

Aurreko sarreran obra publikoetan zeuden komisioen inguruko zifrak bota genituen; ezagunena, Kataluniako %3a. Monica Oltra Valentziako Compromiseko kidea da, eta esparru honetako ustelkeria gehiago zehaztera ausartu zen. Valentzian komisioen kontua %10eko pusketa hartzera iristen zen, eta horrela banatu, bere arabera: lau enpresariarentzat, bat bitartekarientzat, eta bost politikariarentzat.

Enpresa eta alderdien arteko harremanean beste gako bat donazioena da, jarraitzeko eta ikertzeko dezente zailagoa, anonimotasuna gordetzen baita. EAJ-k, esaterako, diru asko jaso izan du historikoki ekarpenan bidez. Bi ordezkari jeltzalek honako irakurketak egiten zituzten duela zenbait urte:

Josu Erkoreka: “Donazioak egitea oso sustraituta dago gure artean, eta klandestinitatearen garaian dauka bere jatorria, alderdi abertzaleei laguntza ematea legez kanpokoa zenean”.

Iñaki Anasagasti: “Ez dugu enpresa handien donaziorik jasotzen. Erbestean beti izan zen txapela pasatzeko ohitura. “Sablistak” gara izatez”.

EAJ-k aurre egin zion faxismoari 1936ean, eta horrek klandestinitatera bultzatu zuen diktadura garaian. EAJ milaka eta milaka lagunen antolakuntza gune, erresistentzia tresna eta erreferente ideologiko zein emozionala izan zen, eta horri dagokionez, munduko gauzarik normalena iruditzen zait diktaduran jende askok, ahal zuen neurrian, bere ekarpen ekonomikoa egitea. Baita “caudilloa” zendu ondoren ere.

Usteldutako harana eta aran ustelak (IV)Baina ezin da guztia maila berdinean parekatu. 1957an EAJ-ri dirua pasatzen zion enpresariak ez zeukan ezer irabazteko, pertsonalki: ez zuen inongo mozkinik aterako, kontrakoa, garesti ordaindu zezakeen bere atrebentzia. 2017an, ia, nire zalantzak dauzkat. Balore hutsengatik eta bueltan ezer espero gabe dirua ematen duten enpresariak? Ez dut ukatuko idealistaren bat edo beste izango denik, baina ipuin hori ez da sinesten erraza. Daukazun pentsamolde politikoa daukazula, irakurle, uste dut ados gaudela honetan.

Kontrako noranzkoa, ordea, errazagoa da ikertzen; hots, instituzioetatik enpresetara bideratzen diren diru laguntzak publiko egiten dira. Kasu honetan jokaldi klasikoa honakoa da: instituzio publikoetatik sekulako bultzada eman enpresa batzuei, eta behin kargu publikoa utzitakoan, enpresa horiek politikari ohia kontratatzea. Adibide bikaina da Martin Ascacibarrena.

Ascacibarrek Nekazaritza departamentua zuzendu zuen Ibarretxeren Jaurlaritzan, eta beste gauza askoren artean, arlo horretako diru-laguntzen banaketa arduraduna zen. Karrantzako Mindaren aferan epaitu zuten, egotziz laguntza publikoak eman zizkiola berehala administratuko zuen sozietateari (EAJ-k Jaurlaritza galdu eta 14 egunetara). Epaiketaren zati batean absolbitu dute, enpresaren porrotari dagokionez “ez errudun” deklaratu baitu epaitegiak, eta akusatuek ez dizkiote jada 20 milioi euro itzuli beharko administrazioari. Baina atal potoloena oraindik sententzia zain dago: legez kanpoko eskuratzea, dokumentu publikoen faltsifikazioa, eta bidegabeko erabiltzea. Balmasedako epaileak, Patricia Navasek, 11 lagun inputatu ditu afera honetan, tartean Ascacibar, baita Jose Luis Portillo ere, Karrantzako alkate ohia (EAJ).

Horretaz gain, Ascacibar Altuna&Uria-ko karguduna da 2012tik hona, eta jakin badakigu enpresa hau zenbait obretan dagoela inplikatuta, tartean erraustegia edota AHT. Ez dira txikikeriak, milioika euro mugitzen dira horrelako kontuetan.

Koadro honetan hainbat diru laguntza agertzen dira, Ascacibar Jaurlaritzan zegoen garaian banatutakoak:

Usteldutako harana eta aran ustelak (IV)

Dokumentu hauek aztertzen ari zela, Igor Meltxorri arreta deitu zion zifra altuenak. Tentuz begiratuz gero, ohartuko zarete badagoela beste guztien artetik nabarmentzen den laguntza bat: Enerpellet SL, 230.000€. Bere kargu publikoa utzi eta gero aurreikusi dezakezue nondik igaro zen Ascacibar, ezta? Enerpelletetik, noski.

Profil honetako enpresari bat ari da, gaur egun, sekulako obra publikoetan parte hartzen. Gaur ez nator zuri esatera erraustegiaren aurka egon beharko zenukeenik, edota AHT-ren kontra; askotan hitz egin dut gaiaren bueltan, eta beste egun baterako utziko dut hori. Esan nahi dizudana da: ondo iruditzen zaizu horrelako historiala daukaten pertsona eta enpresak milioika euroko obra publikoetan leporaino sartuta egotea? Zintzoki: niri ez.

Usteldutako harana eta aran ustelak (IV) Usteldutako harana eta aran ustelak (IV)

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

7 pentsamendu “Usteldutako harana eta aran ustelak (IV)”-ri buruz

  • ETAri enpresariek ere donazioak eman dizkiote:

    http://www.elcorreo.com/alava/pg060627/actualidad/politica/200606/27/ECD_madariaga.html

    Altuna eta Uria enpresa aipatu duzu, bai, Inaxio Uria zen horretako burua eta ETAk erahil egin zuen. Euskal Herrian enpresari izatea ez da gauza kaxkarra.

  • Ze zerikusia du batak ta besteak? Atentzioa desbideratu nahian? PPk Espainia osotuk 30 milioi jaso ditu,hau da 47 milioi biztanletik. EAJk aldiz EHtik? 3 milioi biztanle ta 15 milioi jasotzen ditu donazioetan. Bakoitzak bere konklusioak atera ditzala.

  • Hain da errepikakorra artikulu hauen tenorea ze beste ikuspegi bat eman nahi nuen. Baina, atentzioa desbideratu? Inolaz ere, hemen gure Beñatek susmoaren filosofia zabaldu nahi du EAJren finantziaketarekiko. Eta enpresariek dirua ematen badiote? Ez al diote nire linkean ageri diren bi enpresari hoiek bolondreski dirurik eman ETAri? Kontatu gabe noski pistola pean pagatu behar izan dutenak. Finantziaketa horrek ez dizkizue ileak lazten. Nik nire konklusioak baditut eta esango ditut, ezker abertzaleko akolitoak ustelkeriaren rolloarekin zabiltzate ezer frogatu ezinik.

  • joseba garcia 2017-06-07 00:00

    Unibertsitatetik epaitegietara, alderdietatik GKEtara, korrupzioak janda dago sistema goitik behera. Zerbait egin behar dugu behingoz.

  • Ulertzen dut baten batzuk horrela bizi zaretela, dena usteldua dagoela esanez eta adierazi nahiez zuek oso garbiak zaretela. Zer egin daìteke, zure ustez, horrelako egoera baten aurrean? Borroka armatua berpiztu?

  • Ez dut beti tarterik hartzen zuri erantzuteko Bentazar, beraz antipodetan egon arren, har ezazu errespetu keinu gisa, nire idatzietako iruzkingile sutsu eta interaktiboenetakoa baitzara. Ea, puntuz-puntu.

    – Diktatura garaian EAJ-ri donazioak ematen zizkiotenak altruistak ziren, ez zuten bueltan ezer espero (kasu gehienetan); EAJ-k zenbait instituzioetan boterea eskuratu duenez geroztik, gauzak aldatuko ziren, ezta? Negoziante batzuk berekoikeriaz jokatuko dute, ezta? Hala ez, Bentazar? Enpesari guzti-guztiak dira idealista batzuk, eta trukean ezer espero gabe ematen diote dirua EAJ-ri?

    ¿Hay contraprestaciones a los generosos donantes? ¿Son donativos interesados? Erkoreka, 44 años, diputado del PNV, responde así: “Es un caso de perogrullo. Seguro que entre nuestros donantes habrá gente que quiera llevarse bien con el PNV por la influencia que le puede favorecer y casos en que no sea así”. Anasagasti califica a los peneuvistas como “sablistas por naturaleza” y hasta hoy es quien lo ha explicado más claro: “Tenemos a los idealistas, pero también a los interesados. Esos que te dicen que les tengas en cuenta cuando estés en la Administración. La vida es así…”
    http://elpais.com/diario/2005/04/18/espana/1113775201_850215.html

    – Erantzun serio bat izango balitz bezala diozu ETA-ri bi enpresarik dirua eman diotela, borondate propioz. Zer esan nahi duzu horrekin, ustelkeriaren inguruko sarrera batean? Enpresari horiek zer edo zer espero zutela ETA-rengatik? Adibidez, zulo baten obraren plegua lortzea, edo horrelako zerbait?

    – Idatzia ustelkeriari buruz da, eta zuk Inaxio Uriaren izena atera duzu, debalde, nire ustez. Altuna&Uria enpresako goi kargudun bat ustelkeria kalapitetan nahastuta dago, eta egin zituen azpijokoak FROGATUTA daude, ADMINISTRAZIO PUBLIKOAren dokumentuen bitartez. Ascacibarren joko zikinez mintzatu gara.

    – Artikuluak ez bazaizkizu gustatzen, izorrai. ZuZeuko ateak zabalik dauzkazu zure idatziak nahi dituzunean plazaratzeko, Bentazar, beso zabalik jasoko ditugu; eta noski, iruzkinetan ikusiko gara.

    – Artikulu sorta “aspergarri” honek mahai gainean jartzen duena konpartitzen duzu, badakit baietz, behin baino gehiagotan esandakoa zarelako, baina zuretzat ezinezkoa eta antinaturala da ezker abertzaleko akolito honi zerbaitetan bada ere arrazoia ematea. ESPAINIAN USTELKERIA DAGO, TOPE (HEMEN EZ, EZTA?). Ustelkeria kasu horietako askotan daude inplikatuta URBASER eta FERROVIAL. Gipuzkoako zure ugazabek ateak ireki dizkiote jendillaje horri, eta diru publikoko milioika euro kudeatzen dabiltza. Ni ez nago lasai. Zure jendeagatik ulertu dezaket, baina eskua sutan jartzeko prest zaude bi enpresa horiengatik? Itsua baino itsuago, Jaungoikua eta Legezarren Paladina, EAJ babestearren Espainiako enpresa ustelenak babesteko prest. Animo ba.

    Eta noski, ohikoa den bezala, zurea da azken hitza.
    Hurrenarte

  • Eskerrik asko, Beñat, gaur niretzat tartea hartzeagatik.
    Zuk nahi duzuna susmatu dezakezu enpresariek EAJri egindako donazioari buruz. Enpresari batzuk abertzale izateagatik emango diote dirua, besteak akaso zer edo zer jaso nahiko dute bueltan… Hori ez da legez kanpokoa eta ezta ez zilegia ere. Oraindik ez gaude herritarraren burmuina irakurri dezakeen sistema batean, Jainkoari eskerrak.
    ETAkoarena aipatu dudanean soil soilik esan nahi nuen badirela enpresariak ETAri donazioak egiten dizkiotenak. Zure ustez, begibistan da, ETAri dirua ematen badiote beti ezerren truke izango da. Nik esango dizut milaka enpresariek jasan behar izan dutela ETAkoen eta beren akolitoen presio armatua eta noski zeozerren truke eman dutela dirua, beren bizia eta beren ongizatearen truke.
    Ez da debalde aipatzea Altuna eta Uria enpresaren kasuan bere burua Inaxio Uria ETAk erahil egin zuela AHTko mobidaren inguruan. Zoritxarrez Euskal Herrian zenbait “kausa ekologista” ala “idealista” borroka armatuaren ariketarekin lotuta daude. Aipatu ere nahi nuen: Euskal Herrian enpresari izatea ez dela arazo batere xamurra.
    Artikuluak errepikakorrak direla esan dut, ez ez zaizkidala gustatzen. Eta zure erantzunakin ez ados egon arren oso pozik uzten nau. Nik ez dut esaten hemen ustelkeririk ez dagoenik, esan du ez dagoela ezta itxurarik ere Espainiako ustelkeriaren tamainan. Eta hainbeste salaketa ikusi ditut esker abertzalearen aldetik eta nire herrian bertan “ustela” eta “zikina” deitu egin diote guziz gizalegez eta zuhurtasunez gobernatu duten mandatari jeltzaleei ze uste dut oso kontaminantea dela susmoa aizatzen ibiltzea froga erabakiorrik gabe eta batez ere kontrarioa aldez aurretik errunduntzat hartuta gero.
    Berriz ere eskerrik asko, Beñat. Gustoa ematen du Zuzeun parte hartzea eta esango dizut betiro gustora irakurtzen ditudala zure behelainoko artikuluak.