Udazkeneko Multimedia Eskolak antolatu ditu Aiaraldea Komunikazio Leihoak, hirugarrenez

 

Aiaraldea Komunikazio Leihoak Udazkeneko multimedia eskolak aurkeztu ditu. Aurtengoa hirugarren edizioa izango da. Formakuntza saioak abendua bitarte gauzatuko dira eskualdeko herri ezberdinetan. Zehazki, hiru ikastaro eta bost hitzaldi-tailer antolatu dituzte. Ikastaroek 12 ordutako iraupena izango dute. Eskola eguna zein ordua interesa duten herritarren artean adostuko da. Nola izena emateko hala jarraipena egiteko ume.aiaraldea.com orria jarri dute martxan.

“Komunikatzeko mila era daude. Begirada bat, testu bat, argazki bat, hitza… Bada, aurtengo udazkeneko multimedia eskoletan multimediari begirada berri bat eskaintzera gatoz. Hirugarrenez, euskarazko komunikazioa sustatzea helburu duten eskolak antolatu ditugu”, diote.

Sakelako kazetaritza, bideogintza eta irratigintza izango dira aurtengo ikastaro luzeak. Hiru Ikastaroek 10 euroko prezioa dute, Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz eginiko ekimena baita. Hitzaldi-tailerrak, ordea, dohakoak dira.

Hitzaldi-tailerrak aldiz, hauek:

  • Irudi eta lengoaia sexistak (Hizlaria Itxaso Fernandez): Azaroak 17 (larunbata) 11etan Laudio Udaleko erabilera anitzeko aretoan
  • Fotokazetaritza (Hizlaria: Raul Bogajo): Azaroak 24 (larunbata) 11etan Arespalditzako erabilera anitzeko aretoan.
  • Komunikabide eta komunitate lokalak interneten (Hizlaria: Josu Azpillaga): Azaroak 28 (asteazkena) 19etan Laudio Udaleko erabilera anitzeko aretoan.
  • Internet telebistan, telebista interneten (Hizlaria: Josu Garaio) Abenduak 12 (asteazkena) 19etan Amurrioko kultura etxean.
  • Crossmedia eta transmedia (Hizlaria: Libe Mimenza): Abenduak 15 (larunbata) 11etan Amurrioko kultura etxean

 

Ikastetxeetan multimedia rallyak

Bestalde, eskualdeko bost ikastetxeetan multimedia rallyak egiteko asmoa iragarri dute. Helburua, gazteak euskarara eta ikus-entzunezkoen mundura erakartzea da. Horretarako, hiru ordutako saioak eskainiko dituzte Amurrio zein Laudioko hezigune ezberdinetan. Besteak beste, bideogintza, argazkigintza, blogak eta sare sozialak landuko dituzte. “Hiru ordutan laburmetrai bat grabatu, timeleapse teknika ikasi… egingo dute”, zehaztu dute. Azaroaren 23an egingo dute lehenengo rallya, Amurrioko Aresketa ikastolako gazteekin. Azaroaren 29an Laudio BHIn egingo dute saioa, eta abenduaren 14an Amurrioko Zaraobe institutuan.

Larunbatean emango zaio hasiera udazkeneko multimedia eskolari Itxaso Fernandezek Laudioko udaleko erabilera anitzeko gelan gidatuko duen “Irudi eta lengoaia sexistak” hitzaldi-tailerrarekin.

Udazkeneko Multimedia Eskola 2.1 from aiaraldea komunikazio leihoa on Vimeo.