Udaberri-lorea azaldu da

MTE2MQ==

Egun hotzak pasa ditugu, bai, bainan beroak ere aurretik izan genituen. Zer gertatzen ari da eguraldiarekin, beraz? Hau al da aldaketa klimatikoa?

Halako aldaketa azkarrak aztertzea ez da biderik egokiena klimaren aldaketa aztertzeko. Naturak ematen dituen erantzunak bai, ordea.

Orain duela 25 urte, Ingalaterratik etorri nintzenean, nire burua animatzeko, Udaberri lorearen agerpena erabiltzen nuen, biziaren jaiotza eta hazkundeko fasera bueltatuak ginela adierazteko.

Udaberri lorea, fase berriaren lehen seinale biologikoa da. Erlastarraka martxan jartzen ditu, gero bioletak, eta biziaren gurpil astuna mugitzen hasten da, beraz. Bainan Martxoaren 19an! San Jose egunean, gertatu beharrekoa zen hori, edo hala uste genuen.

Loreen florazioa argi ordu kopuruen eta tenperaturaren araberako erabaki konplexu bat da. Dakigunez, argi kopurua ez da aldatu era nabarmenean, baina hotzak etorri eta hotzak joan, Udaberri-loreak gero eta lehenako etorri da urte hauetan.

Aurtengo errege egunean, Hendaiako Beltzenia frontoiko parean gutxienez 50 Udaberri-lore ikusi nituen. Orain direla hamar urte, ordea, Hendaiara etorri berria nintzenean, Otsailaren 6ean agertu ziren. Beste hamar urte lehenago, Martxoaren lehenean ikusiak nituen, hori Irunen.

Beste loreekin ere ikusi dituzte  antzeko aurrerapenak.

Landareak bere kalkulua egiten ari dira, eta neurriak hartzen. Guk, oraindik zer egin jakin gabe.

Irudia | Udaberriko erregina | xx | Creative Commons By SA
klima aldaketa, negutegi efektoa
Unai Ugalde

Caracasen jaioa 1956. urtean, Euskalherrira 12 urtekin etorri, eta 17 urtekin berriz Ingalaterrara joan nintzen ikasketak egitera Biologian. Biokimikaria naiz, eta EHUko Donostiako Kimika Fakultatean irakatsi eta ikertzen dut. Onddoen biokimika da nire espezialitatea, bainan zientziaren komunikazioan ere aritua naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude