Uda beroa

Uda beroa –

Bai, zinez uda gartsua, lehenik aroari dagokiola. Adibidez Larrabilen zigalen gitarra enzuten dut nasai, Provencen banintz bezala. Chirac Frantziako presidente ohiak bere aginte denboran zioen etxea sutan genuela. Erranaldiak urte andana badu, eta geroztik nora so gaude, zer ari gara ? Egoera hobetu ote zaigu? Aitzitik gaizkondu da. Estatuburuek delibero ederrik hartu digute nazioarteko goi bileretan, baina jarraian zer egin dute ? CO2 isuria ugarituz doa. Garapenaren izenean, petrolioa gero eta burrusta handiagoan hurrupatzen du mundu zabaleko ekonomiak, gero eta karbono gehiago errez.

Uda beroa

Haatik karbonoa ez dugu jokoan den elementu bakarra: zabalkiago ingurumen osoa kontutan hartu behar dugu, eta zinez artatu, natura zaindu, osasuna ere naski, elikadura on eta sano bat segurtatu.

Behar denaren egitetik urrun gaude, bereziki hain ongi mintzo den Errepublika honetan.

Laborantzako ministroa, Travert ongi deitua, etengabe ari zaigu Hulot gobernukideak egiten duenaren desegiten hariz hari, desleiala litzatekeen Penelope baten antzo. Adibidez berriki Glyphosate / Roundup belar pozoi fama gaiztokoaren debekua legean sartzetik baztertu du. Urde / zerrikeria bat gehiago ekologiaren eta laborantza berriaren aurka, denen kaltetan, salbu haatik pozoi egileen onetan!

Aquarius itsasontzia antzokitzat ukan duen drama lazgarrian, ahalkegarriak izan dira Italiako eta Frantziako gobernuak. Ber kariara, aldi bat gehiago mundu osoaren bistan agertu dira Europa zaharraren zikoizkeria, zatikeria, nagikeria, ezintasuna. Argikiago jokatuz, Espainiako gobernu berriak jendetasunaren ohorea salbatu digu bederen.

Benalla aferak udaren zati on bat bete du Frantzian. Itsusia izanagatik, beste berri guzien baztertzeko aski garrantzitsua ote zena ? Ez zait iduri. Haatik Bosgarren Errepublikak duen ahulune nagusia zinez argitan ematen du: errepublikar monarkaren boterea neurriz kanpokoa dela. Ez da sortu berria, eta aitzinetiko presidenteek eskandala handiagorik itzalean ito dute. Baina sistema horren gehiegikeria orokor eta organikoa sekula baino gehiago agertzen du oraiko lehendakari gazte eta lorios horren gobernatzeko manera teatral eta harroak. Baina lehenik eta bat, gobernatzea ez ote legoke gobernuari ? Hala dio bederen 1958ko Konstituzioak. Baina Frantziako monarkia legearen gainetik dagoela ematen du, eta txarrena zait antza denez frantziarrek Errepublikako presidenteen absolutismoa onartzen dutela.

Jean Bordaxarren Belako zaldüna pastoralaz Maule-Lextarrek herriko seme kuttun bat ospatu du. Iparraldeko euskaldunek bizi dugun egoera eskizofrenikoaren erdu klar bat izan zen: batetik Frantziaren zerbitzari leiala, bestetik Euskal Herriari zinez atxikia. Euskaltzale zin eta fina izan zela gauza segurua da historia ikertzen delarik. Hain zuzen ere “Histoire des Basques” bat idatzi zuen: eskuizkribuz hiru tomotan dago Parisko Bibliothèque Nationale delakoan. Eta Zazpiak-Bat aldarriaren arbasoa dugu, lehena idatzi baitzuen: “On divise les Basques en sept pays ou provinces

Uztaileko zenbakian, “Mendiz mendi” delako iritzian, bortuko hartz kente eskasaren emendatu nahiz Frantziako gobernuak Eslobeniatik bi emeren erakartzeko duen xedeaz mintzo nintzen. Hegoaldeko irakurle batenganik etorri zait ondoko ideia hau: hartz berri horiek seinale elektronikoz horni ditzaten, artzainek sakelako telefonoz usnatzeko gisan, une oroz jakin dezaten animalia horiek nondik dabiltzan. Ez zait ideia txarra. Haatik bortu aldeko laborari artzainen biltzeko nahikoa izan litekea?

Larrungo urbanizazio xedearen aurka inguruko eta itsas aldeko jendea mugitzen ari da elkarte andana baten bitartez. Hobe segur, eta ez otoi etsi: holako minbizi bat ez genuke mendian sartzera utzi behar.

Jean Louis Davant

Uda beroa
Uda beroa

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.