NONdik NORa

NONdik NORa –

Eneko Olasagastik Argia astekarian.

Donostiako Zinemaldiaren baitan eskainiko den Euskal Zinearen aurkezpenera hurbildu nintzen. Zenbat jende, aizue, harritzekoa benetan. Ez dut uste gure herrian zinea egitetik jende asko bizi denik, baina zinetik bai ordea. Inoizko partaidetzarik handiena omen da aurtengoa, hogei film. Niri, egia esan, eta laburrak kanpoan utzita, hamazazpi ateratzen zaizkit. Hala ere… Ziur zenbakien lilurak albiste ona dela esanaraziko diola askori. Ez naiz ni kontrakoa esaten hasiko, baina zalantzak ditut. Sail nagusitzat har ditzakegunetan bi bakarrik azaltzen baitira. Ofizialean, baina lehiaketatik kanpo, Telmo Esnalen Dantza eta Zuzendari Berriak delakoan Koldo Almadozen Oreina. Botila erdi hutsik ikusten dutenek behera egin dugula esango dute.

Handik egun batzuetara Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan euskal zinemaren etorkizunaz aritu ziren Jose Luis Rebordinos, Itziar Ituño eta Aitor Arregi. Teknologia berriak, sare sozialak, kontsumo ohituren aldaketak, plataforma berriak eta abar aipatu ziren baina denon ahotan dauden horietaz aparte garbi geratu zen zaila dela iragarle lanak egitea. Gure tamainako zinemagintzekin alderaketetan ibiltzeko ohiturari jarraiki, Danimarka eta Islandia bezalako herrialdetan garatzen dituzten politikak eta ereduak aipatu ziren. Eta nik ezaugarri nagusi bat aipatuko nuke, herrialde horietako agintariek euren zinemagintza propioa garatzeaz duten kontzientzia. Konparaketa horretan, botila erdi beteta ikusten dutenek ere galtzaile ateratzen garela esango dute.

Beste garai batzuen aldean, egun ez da zalantzan jartzen geure historia geuk kontatu beharraren garrantzia. Eta nagusitzen ari den beste ideia bat “ikusgarritasuna” da. Ez da nahikoa egitea gero ikusten ez bada. Eta horren harira Zinemira sailaren eraginkortasunaz ere hitz egin zen. Garbi dago Zinemaldia lehio handi bat dela gure filmak erakusteko, baina non ikusten diren kontu garrantzitsua da. Ez da berdin Ofiziala, Zabaltegi, New Directors edo Zinemira. Zinemirara ez da industria delakoan dabilen jenderik hurbiltzen. Beraz ez dituzte pelikulak ikusten. Beraz, Lekeitioko Bileran emateak bezalako eraginkortasuna dauka. Ez, Bilerak baduelako Euskal Herriari begira eraginkortasun handiagoa.

Horri Euskal Zinearen egunean ospatzen den Festaren traza hartzen diot. Hortxe biltzen gara Euskal Zinearen inguruan gabiltzanok, ez denok baina ezta beste inor. Hala ere, ziur naiz, urteko beste edozein egunetan ospatuko balitz ez litzatekeela hainbeste jende hurbilduko. Glamourra izango da nonbait.

Ez dakit nola ikusi botila, erdi hutsik edo erdi beteta. Gauza bakarra dakit. Euskal zinearen aurkezpena egiten zen egunean bertan Non filma estreinatzen zen. Lehenengo pasean hamar lagun ginen. Ondorioak zeuek atera.

NONdik NORa

NONdik NORa NONdik NORa NONdik NORa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.