Txillardegi Naffarroaz eta naffarrerataz, 1960co decada hartan

Txillardegi Naffarroaz eta naffarrerataz, 1960co decada hartan – 

Honaco textu hau publicatu çuen Jose Luis Alvarez Enparantza jaunac Eginen, 1996co irailaren 10ean. Honetan, Txillardegic Naffarroa eta naffarrera cocatzen ditu problema nationalaren erdigunean, eta açalcen du nola 1960co decadan jada ba ceducatela horrequin lothurico projectu bat.

Testimoniança historico guisa textuac importancia handi bat daduca, eta horregatic honat ekarri nahi ukan dugu.

Jathorrizcoa: https://www.jakin.eus/da0859545

Belatz Gorri

2022co urtharrilac 20

Joanak joan? (Projektu ahantziak)

Zer esan gaur projektu hartaz? Erokeria zen ote? Orduan bai, baina gaur ez?

Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”. Idazlea

EGIN, 1996 iraila 10

1961-1964 urteetan, projektu abertzaleen arrago bihurtu zen Iparraldea. Frankismoaren amaia ez zen oraindik somatzen. Eta mugaz bestaldean bizi ginenok, oso giro berezia ezagutu genuen, eta oso harreman berezitan oratua.

Borroka harmatua hasi gabe zegoen oraindik (nahiz ETA jaioa izan). Iparraldean Enbata besterik ez zegoen politikaren alorrean. Gehi, hori bai, guztiz at zeutzaten (hitz egokia hauxe baita) Jaurlaritzaren eta PNVren «delegazioak», adineko beteranoen eskuetan herdoildurik.

«Zerbait» asmatu behar zen. Baina handia zen ezintasuna. Eta poto egin nahi ez genuen deserritu gazteon artean, projektuen loraldia izan zen. Nahiz projektu horiek, gaur azalduko dudan hau bezala, obratu gabeko amets gisa suntsitu eta ahaztu. Projektu askoren aita, egian bere bidea, Federiko Krutwig getxotarra; bera ere Hegoaldetik aspaldidanik ihes egina.

Arrapaladan sortu ziren horrela “Vasconia” liburua, Baionako Euskal Idazkaritza, Itzul, eta abar luze bat.

Ideia batzuk nagusi, orduko deserritu gazteon artean:

1.— PNVren politikak (Espainiako Errepublikako Gobernuaren menpe egotea, PSOE-PNVren inguruko «Pacto de Bayona» izenekoari nola-hala eutsi beharra, Iparraldean ezer ez egitea, euskararen normalkuntza geroko uztea, eta abar luze bat) irtenbiderik gabeko zulo batean sartu gintuela.

2.— Fraintziako Gobernuari gustatuko ez bazitzaion ere, harreman mota guztiak estutu behar zirela Iparraldeko aberkideekin; eta estrategia nazionala bultzatu behar zela.

Eta orduan azkartu zen gure artean projektu ausart hau: «Euzkadi» hitza alde bat utzi, eta «Nafarroa» besterik ez erabiltzekoa. «K.L.M.» hirukote bitxiak (Krutwig, Legasse, Mingolarra) harrera ona egin zion; eta gauza bera Lezo, Urreztietak, Zumalabek, eta beste «Jagi-Jagi»tar batzuek.

Gure ideia nagusiak hauek ziren:

1.— Gure herria, lurraldez eta historiaz, baina hizkuntzaz batez ere, Euskal Herria da; alegia, euskaraz egiten, edo orain dela gutxi arte, egin duen herria. Oinarria hizkuntza da; eta ez arraza eta gainerakoa.

2.— Eraiki behar den Euskal Estatu Askatua ez da gauza berri bat. Euskal Estatu hori kondairan gauzatu da mendeetan barrena, eta «Nafarroa» du izena. Hedaduraz ere Euskal Herria, Nafarroako herria da. Euskara nafarrera da (erdaraz «el navarro» esatea proposatu genuen; Antso Jakintsuaren «lingua navarrorum» hura). Arana-Goirik asmatutako «Euzkadi» hitza soberan dago; eta ahaztu egin behar da.

Gure oihua, hitz batez: «Gora Nafarroa nafartarra, askatua eta batua». Baxenabarra, bidenabar, Ipar Nafarroa da besterik ez.

Aldizkari bat sortzea pentsatu genuen. Donibane Garazin aterako zen; Nafarroan, beraz. Batez ere frankismoak iraungo zueno, Hego-Nafarroan argitaratzerik egongo ez zen bitartean.

Projektuak ez zuen harrera txarrik izan ETA zaharrekoen artean. Baina presa handiagoa zuten beste eginkizun batzuei lehentasuna emateko, eta PNVrekin genuen arazo larria ez okerrago jartzeko, aurrera ez egitea erabaki genuen.

Zer esan gaur projektu hartaz? Erokeria zen ote? Orduan bai, baina gaur ez?

Arazoa ez da, jakina, «nominalismo» arazoa; eta hitz-aldaketa batez konpontzeko modukoa.

Baina «Euzkadi» hitza, are balio semantikoaz ere, guztiz lardaskatuta dago. Euskal Estatuak, bestalde, badu bere izena: Nafarroa. Honen oinarri soziologikoa. Euskal Herria izanik. «Euzkadi» hitza sobera dago. Egia da gaur ere.

Euskal Herria askatzeko, Nafarroa berreraiki behar da. Projektu politiko gisa, Nafarroa da sustraia eta helburua. Oihenarte Ipar-nafartarrak, Gérard Lucotte Parisko antropologoak, eta Corominas kataluñar hizkuntzalariak, Euskal Herri ber-bera jartzen digute begien aurrean: lapurreta historikoen aurreko Nafarroa zaharra, Ipartarra eta Hegoarra batera, antzinatekoa eta XXI. mendekoa, baskonikoa eta gure herria saldu zuten jauntxo eta burukide guztien kontrakoa, euskalduna eta ezkertarra.

Hori da helburua. Eta nekez gaindituko da gure herriari dagozkion nazio-eskubideak ardatz jarri artean.

***

Zer duzu buruan “Txillardegi Naffarroaz eta naffarrerataz, 1960co decada hartan”-ri buruz

  • Belatzgorri,
    Textu cinez bicaina’ Euskara Batuaren Aita (Krutwigen ustez) Txillardegi euscalçale erraldoi honena.
    Interessantac osso Naffarroa eta naffarreraren conceptuac hain argui eduqui içana.
    EGIN erosten nuen nic egunero dembora hartan, baina articuluaren mamia ahanciric neducaqueen.
    Anhitz esquer!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude