Traizioa eta disidentziaren kume gara

Traizioa eta disidentziaren kume gara

Sortu zuten garaian ETA erakunde armatuarentzat izen bila zebiltzanean, ATA zen lehen aukera: Aberria Ta Askatasuna. Garai hartan ez zegoen euskara baturik eta ATA entzutearekin batera, jendeak AHATEA entzuten zuen, PATTA alegia, eta lotsatu egiten omen ziren militanteak ATAkoak zirela esaten zuten bakoitzean. Horregatik egin zioten Txillardegiri beste izen baten enkargua, eta honek ETA izendatu zuen erakundea: Euskadi Ta Askatasuna.

Gaurko ATA ez du inork lotzen AHATE hitzarekin. Beste denbora bat bizi dugun seinale. AMNISTIA TA ASKATASUNA lema nagusi duen mugimendu honek, ez ei du ontzat hartzen Ezker Abertzaleak presoentzat berrikitan ireki duen bide posibilista. Hitz laburretan esanda, ATArentzat soluzio globala behar da banakakoaren beharrean eta jarrera honek disidentzia berri baten kezka sortu ei du nola presoen aldeko erakundeen artean, hala ezker abertzalekoetan ere. Lehendik dago zaila presoen korapiloan aurrera-pausoak lortzea -batez ere parean gaia bost axola zaien gobernu espainiar eta frantsesak edukita-, konponbidearen alde bultzaka dihardutenen arteko zatiketarik eragiten ibili gabe.

Barkatu beharko didazu letra lodiegia, irakurle, baina nolabait adierazteko, maximalista eta posibilisten artean banatzen da gaur, zelabait, presoen konponbidearekiko ikuspegia. Eta gero besteak daude, Yoyesen garaietatik hasita, urtetan disidente eztabaidagarri izan direnak: Pikabeatarrak, Txelis, Gisasola, Urrusolo, Alza, Caride… eta beste hainbat, Langraiz bidea izenez ezagutzen den horretako partaideak.

Gauzak garbi ez ditugunontzat kontua berdintsu zaigu, batera ala bestera, sofrikarioaren amaiera nahi dugu eta ikusi. Presoen afera -biktimenarekin batera-, kontu mingarrienetakoa izateaz gain, nahitaez konpondu beharrekoa da inoiz normalduko bagara. Nola, ordea?

Traizioa eta disidentziaren kume garaGaia interesekoa baduzu, Humberto Unzuetak argitartutako liburu bat gomendatu nahi dizut Langraiz, bisean bis izenekoa.

ETArekin lehenbizi eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin (EPKK) gero disidente izandakoen historia kontatzen da bertan. Egia da orrazketa gramatikal hobe bat merezi zuela argitaralpenak, baina horretaz aparte, bikaina egiten da liburua aipatu etakideen bidea zein izan den jakiteko.

Liburua irakurrita ikasiko duzu, Yoyesengandik hasita traidoretzat hartuak izan diren horiek, Mugerren jaso zutela estreinakotz euren aldeko babes edo aitortza bat lehenengo aldiz, 2008urtean. Iparraldeko DEMOen aldetik etorri zitzaien hori, baina horretaz gain, esan liteke baztertuak izan direla nola ETAn, hala EPKKn eta baita Ezker Abertzalean bertan ere bai. Eta ez horietan bakarrik beste indar politiko batzuk ere uko egin baitzioten Mugerrekoa Hegoalden errepikatzeari. Disidentzia garesti ordaintzen da, besteak beste, kristautasunean hain errotutako gizarte batean: ardi beltza, beti beltz. Beti fusilagarri.

Irudipena daukat, ordea, gaur Ezker Abertzaleak presoentzat aldarrikatzen duen bidea (indarkeria utzi eta bide politiko soilak jorratzea, egindako kaltearen aitortza egitea, biktimen erreparazioan saiatzea…) ez dagoela oso urruti bakartu beharreko traidoreek  lehenagotik proposatzen zuten bideetatik. Nik, behintzat, ez dut alde handirik ikusten eta soilik alferrik galdutako hamarkaden tristura eta itzelezko sofrimendu alferrikakoaren konstatazioa dakuskit, besteak beste. Betikoak betikotua egotearen zoritxarra, kritika, heterodoxia eta disidentzia onartu ezinaren kaltea…

Carmen Gisasola oso mingots ageri da elkarrizketetako batean: “Nire gaztaroan borroka armatura bultzatu ninduen jendeak (borroka armatuaren beharraz teorizatuz, baina ez praktikatuz) gaur ardura handiko eserlekuetan jarraitzen du, gertatuaz erantzunkizunik hartu gabe eta zama preso guztiei lagata, denok itsasontzi berean ibili ginela ahaztuta”.

Gauza asko ikus eta ikas daiteke liburu honetan, baina nabarmenena seguru asko, traidoretzat hartuak izan diren hauen guztien koherentzia, ETAn sartzera bultzatu zituen erabaki berak bultzatu zituela handik irtetera eta gauzak beste ikusmolde batez ikustera. Hamarkadak kartzelan eman arren, euren kideek bakardadera zokoratuta ere, oraindik euskal gizarte hobe baten itxaropenak bizi dituela, etc., etc.

Traidoreak derrigorrezko baldintza du  etsaiaren aldera pasatzea, baina hauek guztiek ez dute inora alde egin. Betiko lekuan daude, betiko ametsen ondotik, indar guztiekin. Hori bai, irmoki, lotsagabeki, gogoeta askean beti,  dena jokoan jarri izanak ematen dien eskubidearekin.

Eta iruditzen zait horiek eredugarri baino traidore ikusten dituena dagoela ekinbidean galdurik, nolaz eta birigarroa neguko egun hotzetan, elurraren itsutasunarekin.

Traizioa eta disidentziaren kume gara / Traizioa eta disidentziaren kume gara

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

30 pentsamendu “Traizioa eta disidentziaren kume gara”-ri buruz

  • Ez hanka ez bururik. ATA presoen aferaren azpian ezkutatzen da (ahateak ez dakit, baina bai ostrukak) aurkeztera ausartzen ez diren proiektu bat (inork ez daki zein den, ze bertan ernegatu guztiak -gutxi, egia esateko- ezkutatzen dira guztiak aterpetzen baitira) sustatzeko. Maltzurki erabili dituzte, bai erabili nahi nuen esan, presoak eta familiak. Saiatu dira EPPK apurtzen, familiak izutzen. Metodo mafiosoak erabili dituzte sare sozialetan. Eta probokazioa izan da euren jarduteko manera. Mina eta herra sortzea da haien jokabidea.

  • Barkatuko didazu Hasier, baina “maximalista eta posibilisten” arteko gauza baino, betiko herri baten askapen mugimenduaren eta Arnaldoren “golpisten” artekoa dela uste det.
    Presoak beti izan dira herri bateko preso politikoak talde bezela, orain aldiz Arnaldok, gure “Mandelak” (Mandela 40 urte gartzelan egon ondoren INOIZ EZ ZEN DAMUTU, Arnaldo 6 egon da zearo damututa omen dago) presoei esan die “salbese quien pueda”, edo “ni kanpoan nago, zuek buscaos la vida”, damutu egin behar direla esaten die, eta AVT koak ixilik daude, badakitelako historikoki beste garaipen bat izango dela damutzen diren presoak “baietz, kriminal soilak zirela, damutu egiten direla eta Espaiñian arrazoi zuela” dioen dikumentua firmatzen dutenean.Historikoki beste garaituak izan diren batzuk bezela “bandolero” edo bidelapur soilak bezala geratzeko.
    Baina Arnaldok, ezker abertzalean kolpea heman duenean, “orijinalki”herri, nazio baten askapen mugimendu bat dena, soilik ezkerreko mugimendu marxista,CUP, edo PODEMOS estiloko bat biurtaz, edo kalkuluak oso gaizki egin ditu, edo abertzaleak parlamentutik kanpo utzi nahi gaitu hurrengo legislaturan, auskalo, gaia da SORTU,BILDU,eta GURE ESKU DAGO arazo larriak ari direla pairatzen, herri mugimendu izatetik soilik ezkerreko izatera pasaraztea nahi dituztenean batzuek.

    • Zur eta lur 2016-05-12 10:21

      Bai,KATTU,arazo oso larriak ari da pairatzen GURE ESKU DAGO.
      Ezin larriagorik,benetan!
      34 herri kontsultak datorren ekainean.askoz gehiago izango dira 2017an….
      Seguraski herri mugimendu hau ez duzu gustokoa.
      Jakin ezazu ateak zuretzat ere zabalik dituen.
      Ea zuk konpontzen dizkiozun arazo larriak !

  • Presoen afera gauza tragikoa da osoki. Nork pentsa lezake gaur egun amnistia lortu daitekeenik? Hala ere hor ditugu ATAkoak eta Sortukoak “amnistia” hitza errepikatuz, mantra bat bailitzan, jakinda ezker abertzale ofizial eta ez ofizialetik eta ez indarrak baturik ere ez dela lortuko ezer presoen arazoan eta ehunka baino gehiago bizitza ziega beltzean jarraituko beharko duela. Gauzak argi esan beharko lirateke, ez dagoela amnistiarik eta ezta gobernu espainiarrarekin akordio aukerarik. Hori lehen gauza. Bigarrena, hemen aukerak galdu dira, 2007an aukera bat okurritu zen Loiolan eta orain lider dagoen batek eskapatzen utzi zion. Presoak beti dira inportante mahai baten inguruan estatua eta ETA eta ezker abertzalea eserita ez diren bitartean. Negoziatu hasiez gero, presoen egoerak ez du garrantzirik, beste gauzak bai. Ba orain presoen egoeran hobekuntzarik gabe eta beste gauza hoiek lortu gabe aurkitzen gara. Presoak negoziaketetan azken tximuak izan dira eta hori errekonozitu behar da. Langraitzekoei buruz, esan beharrezkoa dela anaitasun pixka bat gehiago. Borroka armatuaren bideak frakasatu egin du, ez du ezer onerako balio izan, orain hemen dugu presoen giza arazoa. Noiz arte egon beharko dugu errealitatea hau errekonozitu gabe? Ze azken batean iragana modu preziosista batean pintatzeak balio badu presoen egoera tamalgarria luzatzeko, orduan zer? Jendeak sofritzen jarraitu beharko dugu kanpoan oso ondo bizi diren batzuk medallak eraman ditzaten?

  • Kattu eta bere zatikatzaileak sare sozieletan bizi dira, eta arrantza eremuaren bila dabiltza ezker abertzalean, zirikatzen eta herra hedatuz. Errealitatean amorruan bizi diren mafioso batzuk baino ez dira. Herra ezker abertzalearen kontra, herra GEDri, herra Sareren aurka, herra, harra eta herra

    • Zur eta lur 2016-05-14 09:02

      Euskadi Ta Herratasuna

      Lau Kattu baino ez zortzirehun ezizen blogosferan erabili arren.

      • Lau katu dira (Arratia osoko “amnistiaren aldeko mugimenduak” -ATA- deitutako kontzentrazioan, SEI lagun-), herra hedatu nahi dute, mina dute helburu, eta amorrua lortu dute, jakina. Mina helburu, probokazioa bide. Baina zuk esan bezala, mila ezizen erabiltzen dituzte sare sozialetan, herra zabaltzeko, probokatzeko, mehatxatzeko (ezaguna da ezker abertzaleko militante baten neska-lagunaren argazkia eskegi zutela eta itxura fisikoaren kontura ibili zirela barreka, iseka eta trufaka). Euren ereduak Irlandako “disidenteak” (“bira” bat antolatu dute datozen hilabeteetarako EHan), eta denok dakigun zer den hori. Eta ATAren beste erreferente bat Espainiako PCE (r) da!!! Beste alde batetik, euskal komunikabideei (Berria eta Argia, zehatz-mehatz) tentuz ibiltzeko eskatuko nieke, ze badirudi batzuetan euren bozgailuak direla. Tentuz ze ondorioak oso larriak izan daitezke, lau katu izan arren, oso arriskutsuak dira.

  • Alferrik izango da ezer esatea, baina iruzkinetan, mesedez, elkarri mokoka baino, hobe genuke modu eraikitzaileagoak erabiltzea, elkarrizketa izan dadila benetakoa, gaiari garatzen lagunduko diona gaizki-esate hutsean geratu gabe, eta, ahal izatera, izen-abizenez sinatuta. Erraza baita ezkututik kaltea eragitea edo, Abbadiek esan zuen bezalatsu, aski da pertsona bakarra harria putzurat botatzeko, gero zazpi behar dira hura handik ateratzeko.

  • ATAkoak preso gehiago behar dute, zenbat eta txarrago, eurak hobeto. Ez dituzte kartzelak hustu nahi, bete daitezen nahi dute, eta dena herragatik. Ez zutelako lortu aldaketa geldiaraztea. Eta oraindik ez dakigu zer proiektu mota duten EHarentzat. Euren helburua ezker abertzalea ahultzea da, ezer eskani gabe. Herra eta amorrua ez da ona ezer eraikitzeko. Presoak behar dituzte baina kartzelan. Eta nik etxean nahi ditut.

  • Mikel Sagastizabal 2016-05-10 20:32

    Langraiz bidearen afera eta, oro har, presoen gai konplexu hau uste dut beste ikuspegi batetik jorratu daitekeela, Hasier. Nik, Langraizko bideak zekartzan onurez baliatu zirenak ez nituzke eredugarritzat kontsideratuko; ez eta traidore izendatuko ere.

    Kontu guzti honi gainontzeko gaiei nola, bi alde dituen auzia dela deritzot: ulergarriak zaizkidan erabakiak eta ez hain ulergarriak diren ebatziak.

    Ulergarriak iruditzen zaizkit honako erabaki eta iritziak:

    – Aurreko estrategiarekin bukatzeko beharra.

    Oso gai delikatua da estrategia aldaketa noiz eman behar zen esatea, baina duela hogei urte eskas suertatu zen aukera alferrik galtzeak ezker abertzalean bertan atsekabe saldoa eragin zuen.

    – Egia borobila da egun ezker abertzaleak presoen zauriak arintzeko hartutako neurriak Langraizko Bidea jorratu dutenen oso antzekoak direla, ia berdinak ez esatearren. .

    Jokabide egokia deritzot presoek kondena malgutzeko errazten zaizkien baldintzetara atxikitzea.

    Badaude, baina, horren ulergarriak otutzen ez zaizkidan kontuak, eta nolabaiteko errezeloa pizten didaten jokaerak:

    – Gogoratu nahi dizut, Hasier, traidoreez hitz egiten hasita handietan handiena, akaso, Patxi Zabaleta bera izan zela kontsideratua. Publikoki eta pribatuki hark jasotako demandak gutxik jasoko zituen. Seguru, gainera, beste izen-abizen asko izan zirela halatsu tratatuak, horren ospetxuak bilakatu ez direnak; ez, behintzat, Langraizko bidea hautatu duten hainakoa.

    – Carmen Gisasolaren berbak aipatzen dituzu, zera esaten duelako: “Nire gaztaroan borroka armatura bultzatu ninduen jendeak (borroka armatuaren beharraz teorizatuz, baina ez praktikatuz) gaur ardura handiko eserlekuetan jarraitzen du, gertatuaz erantzunkizunik hartu gabe eta zama preso guztiei lagata, denok itsasontzi berean ibili ginela ahaztuta”. Gisasolaren hitzetan itsasontziaren irudia ageri da nolabait adieratzeko ezker abertzaleko agintariak bertatik jeitsi eta barruan utzi dituztela gainotzeko preso guztiak noraezean.

    – Alabaina, Gisasolak eginiko adierazpenok eragin didate azkura ezerk eragin badit. Izan ere, itsasontzi horretatik jeisten lehenak beraiek izan ziren, Langraizko Bidea lantzea erabaki zutenak. Otegi-eta hauek, ordea, hauek ere aspalditik estrategia aldaketa baten larriaz jabetuta, baina ez, horregatik, itsasoratuak, Transatlantikoa zeritzen hura jiratzeko zailtasunez hitz egiten zuten.

    TRANSATLANTIKOA:

    Asuntu honetan datza disidentziaren bi ikuskerak. Disidentzia ezker abertzalean betidanikoa izan da aurreko estrategiarekiko, diferentzia, baina, disidentzia edo heterodoxia hori lantzeko moldean egon da. disidentzia batekoek hasieratik erabaki zuten transatlantikotik salto egitea, ondoko disidenteek, aldiz; transatlantiko horren norabidea guztiz jiratzen ahalegindu ziren barnean lana eginda, lehenengo aukeran uretaratu gabe.

  • Gogoan dut behin batean irakurri nuela liburu batean alderdi komunista sobietarraren disidente batzuk nola esan zioten alderdiko buru bati, alderdiaren zigorra jasota gero, beraiek, garai batean, arrazoia zutela, horregatik gaztigatuak izan zirela eta azkenean alderdiak beraiek hartutako bidea hartu zuela. Alderdiko buruak esan zien: “oker zeundeten arrazoia izaten”. Horrelako gogoeta sortu dit Sagastizabalen hausnarketak. Langraizekoek oker ziren arrazoia izaten nahiz eta gero bere bidea hartu ezker abertzale berak. Zergatik? Erabaki hori zuzendariek ez zutelako hartu garai horretan eta gero ordea bai.

    Orduan arrixku bat ikusten dut nik, batzuk disidentzia polita direla (Patxi Zabaleta, berriz ere etxera itzulia) eta bestea disidentzia itsusia eta baztergarria, nahiz eta eskertzekoa den Mikelek ez diela traidore deitzen.

    Badakit mingarria dela baina mahai gainean jarri nahi dut hori dagoelako Langraizkoen gogoetaren muinan, estrategia batek porrot egin du. Orain, aukerarik ez denean, presoak oso garrantzitsuak dira, baina presoen egoera mahai gainean zegoenean negoziaketa taulan inork ez zien garrantzi erabakiorrik ematen. Gisasolak aipatzen dituen zuzendari hoien erantzunkizuna da hori. Eta gauzak argi esan behar dira. Sortuk edo ATAk amnistiari buruz hitzegitea groteskoa iruditzen zait.

    Konforme nago Mikelek esandakoarekin, orain dela hogei urte aukera bat egon zen, gero ere bai, baina borrokaren txinpartak itsutu zituen batzuk. Kontuan har dezagun bidebatean trasatlantikoaren biraketaren teoriak dituen zuloak, trasatlantikoak bira eman baizuen 2009an, azken prozesua puskatu eta bi urteetara. Batzuk pentsatuko dute lan eskergaitza egin zutela buruek, baina esan daiteke ere oso berandu konturatu zirela gauzak ez zirela beti bezala joango. 2007an estatuaren interlokuzio agerikoa betirako joan egin zen. Horrela, negoziaketa mahairik gabe, oinazezko drama bat gelditu da aidean. Eta horrek ere bere erantzuleak ditu.

    Zer gertatzen da bada? Ezker abertzalean bakarrik hitzegin daiteke hartutako erabaki okerretaz baina ez erabaki hoiek hartu zituztenetaz eta erabaki hoiek suertatu zituzten egituretaz. Hor dago kakoa. Langraizekoek egia ikusi zuten, sofrikario doblea jasan dute, baina orain nahiz eta besteak bere bidetik joan (nahiz eta Langraitzekoek askosaz aurreratuagoa eduki estrategia-egitura oker baten ondorioei buruzko gogoeta) ezin zaie ezer aitortu eta jarraituko behar dute madarikazio politikoaren itzalaren azpian.

  • Mikel Sagastizabal 2016-05-11 15:37

    Kaixo, Edurnezuri:

    Azaldu dituzun zenbait puntutan erabat bat nator zurekin:

    – Ados nago borrokaren txinpartak itsututa jardun zutela zenbaitzuek, horretan gehiengoa zurekin dagoela esango nuke.
    – Baita ere zure hitzak neure egiten ditut bukaera beranduegi iritsi dela adieratzen duzunean. Begibistakoa da baieztapen hori.

    Dena dela, gaizki ulerturen bat edo beste argitzea gustatuko litzaidake, Edurnezuri:

    – Nolabait diozu, sobietarren liburuaren aipamenaz baliaturik, Langraizekoak okertu zirela arrazoia izaten nahiz eta gero bide berbera hartu ezker abertzaleak, berak. Eta diozu, halaber, Langraizkoak okertu zirela zuzendaritzako kideak ez zirelako, zeharka erakustaraziz, Langraizko Bidea zuzendaritzakoek probestu balute, bestelakoak liratekeela ondorioak.

    Ez dakidana da zein zuzendaritzaz ari zaren, ETAren zuzendaritzaz ala Batasunaren zuzendaritzaz ala beste egitura baten zuzendaritzaz, ez delako berdina batekoa zein bestekoa izatea. Nolanahi ere, nire iritziz afera ez da puntu horretan katramilatzen. Disidentzia jorratzeko maneretan dago gakoa, heteredoxia era eraikitzailean planteatzea edo nor bere egoskorkerian gotortzea ezberdinak baitira.

    Izan ere, disidentzia diferenteki garatu zitekeen; hala nola, joera berriak militantzia barnean txertatzen ahaleginduz edota gainontzeko kideak konbentzitzen tematuz. Garai horietan Gisasola, Pikabea eta enparauak ez eze, bazeudelako antzeko usteak zituzten lagunak, baina lanketa hori modu eraikitzailegoan sakontzea zela egokiena uste zutenak. Trasantlantikotik nehoiz jauzi egin barik esan nahi da.

    Gainera, Langraizko zera barneratu dutenen xedea ezker abertzaleak arrazoi osoa beraiei ematea dela deritzot, eta nago jazoera hori ez dela hala suertatuko. Berriz diotsut, Edurnezuri, “oker zeundeten arrazoi izaten” teoria darabiltela diozunean ez da hala. Nik, ez dut Langraizkoak oker zebiltzanik inon aipatu, hautu zuzena egin zutela baino. Kontua hautu zuzena bide okerretik aletu zutelako susmoa dudala baizik ez da.

    Bukatu aurretik, halere, aitortzen dut Langraizko Bideak eskeintzen zituen onurez baliatu zirenekiko jokabide makurra gailendu dela, oro har; traidoretzat joz eta era guztietako biraoak igorriz inguru batetik baino gehiagotik.

    Ea protagonistek liburuan zer aitatzen duten.

    Ondo ibili!

  • ETAren ala Batasunaren zuzendaritzaz ari naizen? Nik uste dut beti koordinazio bat gertatu dela bi zuzendaritza hoien artean. Estrategiari dagokionez, bat izan dira. Batasunakoek prozesua montatu zutenean orain urte batzuk, ETAkoak horretara makurtu ziren. Hori da dakidana eta konprobatu daitekeena.

    Langraizekoek gaizki egin zutela bere aldetik jokatuaz barruko jendea komenzitzen saiatu gabe? Ez dut uste, bide bat markatu zuten, gerora egokia dela ikusi dena. ETAkoek eta Batasunakoek urte askotan gaitzetsi eta oraintxe onartu dutena, hein batean bederen. Nik ulertzen dut, pentsatzen zen presoena mahai baten inguruan konponduko zela gobernu espainiarrarekin hitzeginda. Orain mahairik ez dago, eta ez dut uste luzaroan edo inoiz egongo denik. Hori zenen kulpa da? Horregatik estrategiarena eta egiturena esan dizut. Gauzak gertatu diren bezala ikusita, disziplina eta trasantlikoan egotea erraza da esaten baina kontua da jende pilo batek espetxe urte dezente pasa dituela bide batetik azkenean ikusteko bide hori okerra zela eta bestea, Langraizekoen antzekoa, hartuko dela.

    Ezker abertzaleko buruak ezin dezake disidente batzuen iritzia ontzat hartu, hau bere burua oker zegoela ametitzearen tamainakoa izango litzatekeelako. Baina egia egia da, lehen kriminalizaturiko batzuen neurri berdinak agintzen ditu ezker abertzaleak. Halazta, Langraitzekoena sakonago doa, historia bera eta historiaren erantzunkizunak ikutzen dituelako hoien gogoetak.

    Beste baterako utziko dugu horretaz hitzegitea. Milesker zure erantzun gisakoarengatik eta ondo bizi.

  • Lukas Etxabe 2016-05-12 12:11

    Ez diot gaiari gasolinarik bota nahi, baina gaurko agerkari digital batzuetan, Vocento eta Deiaren taldekoetan, 20 presok bergizarteratze bidea eskatu dutela esaten da: (DV) http://www.diariovasco.com/politica/201605/12/veinte-presos-activan-audiencia-20160512001343-v.html eta (Deia) http://www.deia.com/2016/05/12/politica/euskadi/varios-presos-de-eta-empiezan-a-pedir-beneficios-penitenciarios.
    Ez dut albistea Naiz eta Berrian aurkitu.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2016-05-13 14:58

    Talde arrakastatsuetan, berdin gizarte, alderdi politiko edo herri mugimendu, bizkorrenak, etorkizunak zer dakarren besteak baino lehen ikusteko gauza direnak, lemazain izaten dira. Talde frakasatuetan artaburuenak jartzen dira leman eta bizkorrenak disidente bihurtzen dira (dituzte). Lemazain nor jartzen duen eta nola hautatzen duen arrunt kritiko eta erabakiorra da edozein talderentzat. Gogoetaldi baratza merezi duen gaia. Lemazain bikaina litzatekeena disidente bihurtzea garesti ordaintzen baita azkenean.

  • ganbaratxotik 2016-05-13 21:22

    1. Ahaztu egiten zaigu logika militar batean murgilduta egon garela urte gehiegitan. Logika horretan sektarismoa eta barne-kohesioa ezinbesteko baldintza dira eraginkorra izan nahi bada. Ezagutzen duzue Guardia Zibilean disidenterik? Nik ez.

    2. Ezkerreko ikuspegi zintzotik erakunde armatu batean sartzea eta goiko logikaren zerbitzuan sartzea erabaki larria da. Nere ustez ezkerreko pertsona batentzat urkoari min egitea azken arrazoia da, beste biderik ez dagoenean hartzen den hautua. Norberak hartzen duen bizi-erabakia. Eta erabaki horren ondorio eta emaitza goizo eta lazgarriak norberak asumitu behar ditu. Ez zait ulergarri egiten nola den posible ezkerreko militante batek hainbat gizaki hiltzea eta gero batbatean edo prozesu baten ostean bide horren antzutasun edo hutsaltasunaz jardutea. Nere iritziz, garai batean halako delibero larriak arinkeri gehiegirekin hartu zituzten hainbat lagunek. Nere ulermenetik ez dut beste esplikaziorik.

    3. Gerra-logika iraunaraztearen ardura-erantzunkizunaren pisua une historiko bakoitzean INIZIATIBA duenarena da. Ez dira historialari gutxi diotena Franco-k gerra urtebeteabn bukatzeko aukera izan arren nahita luzatu egin zuela bestelako garbiketa-helburuak lortzeko. Gurean 1990 hamarkadatik zeinek eraman du iniziatiba? Bidarteko atxiloketa haietatik Estatuko egiturek izan dute iniziatiba. Artifizialki luzatu dute gatazka armatua modu lotsagabean. Euskal Herrian borroka armatua zikloa bere ezaugarri eta kokapenari dagokiona baino askoz gehiago iraun du (irauten du). Horretarako pieza ezinbestekoa espetxe-politika izan da. hain zuzen presoetan disidentzia lortzeko (erakundearen zatiketa etatransatlantikoaren zatiketa), baina batez ere ETAren zuzendaritza “gazte-umetzeko” komeni zen unean. Gazteak iraultza nahi du, beti. Bere biologian dago,Alegia, sakabanaketa bidez erakundearen zuzendaritza ileurdindua desaktibatzeko erabili da. Izan ere, gerra-logikan berriro zenbat gudaroste ezagutzen dituzue 20 urteko generalekin? Gerretan gaztea hil egiten dira ez dute gerra zuzentzen. Horixe izan da estatuaren estrategia maltzur, ganorabako, ardurabako eta espainiarra. Batzuei etekin politiko-ekonomikoa ekarri diena (gogoan intxaurrena”) baina gehiegiei sufrikario latza. Egigurenek ezin hobeto laburtu du guzti hau esaldi batekin, gutxi gora-behera: “bakea putada bat izan da batzuentzat”. Beinke!!! esango nuke nik.

  • Goardia zibilek disidenterik ez edukitzeak ez du ezer esan nahi. Ustez askapen mugimendu batean horrelakoak gertatzea ezin daiteke logika politiko-militarraren azpian jarri, eta jartzen bada mugimenduaren izaera kondenatu egiten du. Dena den, ETAk zenbait disidente hil egin ditu, Yoyes hoien artean. Logika politiko-mlitarrarekin koherentea izan daiteke ekintza hori baina badira juzkatzeko beste moduak, horretaz aparte. Horrek determinazio zurruna erakusten du baina horrelako determinazioek luzarora desastre humanoak gordintzen dituzte. Esan dudana, gartzela frontean gogor ibiltzea orain egungo aldaketa erabatekora igaro da. Eta ehunak militante tonto aurpegiarekin gelditu da gogortasun mandatu hori luzez obedituta eta pairatuta.

    Logika politiko-militarrak irauten duenean azkenean bere eraginkortasunaz jabetu gaitezke. Erakunde batek, ETAk, zenbat eta jende gehiago hiltzera bultzatzen dituenean bere militanteak eta gero ordaina hutsaren urrena gertatzen bada, jende batek pentsatu dezake hartutako bide gogor hori txarra izan dela. Militante hoiek hil egin dute erakunde baten mandatuz, bere zerbitzuan. Erantzunkizuna dute, noski, aukera pertsonala delako. Baina gertatu daiteke hainbeste odoluste eginda gero ikustea bide hori okerra dela. Erabaki pertsonala eta erakundearen zerbitzua bat dira eta biak dira kontuan izateko. Agian, arinkeria ez ahal da izan erakunde armatuarena bonba-kotxearen taktika adibidez planteatu zuenean? Arinkeria ez ahal da izan pentsatzea “berriz ere hasi gaitezke, total negoziaketa mahai batean bilduko gara berriz eta dena bideratuko da horrela”?

    ETAk iniziatiba hartu zuen 90 hamarkadan kontzejalak, kazetariak eta halakoak hiltzen hasi zenean. Nola astindu zituen bazterrak! Eta sufrimentuaren sozializazioa saiatu zuenean, kale borroka alde guztietara eramanez, ez ahal zuen iniziatiba argiki erakusten? Azken batean, bi negoziaketa prozesu gertatu ziren geroago. Presoen egoera bi aldiz garbitzeko okasioa izan zen, baina orduan noski presoena ez zuen garrantzirik, ez zelako erabakiorra izan. Bestalde, ETAren buruak, Txelis, Mikel Antza, Anboto, Josu Urrutikoetxea eta Xabier Lopez Peña ez ziren hogei urteko mukitzu batzuk. Mukitzuak piso frankoetan ezkutaturik bizi ziren hoien mandatuen zain. Ez dezagula historia hainbeste itxura gabetu. Estatuak bere erantzukizunak ditu baina ETAren aginduak kupula ondo bizitako batek eraman izan du azken une arte. ETAkoak ez ziren tontoak, ia berrogei urte jardun dute borrokan. Erabakiak hotzki planteatu zituzten, eta ordaina ez da izan ona. Zaila da hori ametitzea, errealitate puroa izanda ere.

  • ganbaratxotik 2016-05-14 10:27

    50 urtetan zenbat zuzendaritza izan ditu ETAk?
    Urte tarte beretan zenbat izan ditu IRAk? Kartzelan zegoen portzierto. Elkartuta.
    Zein adin batesbestekoa batana zein bestearena?
    Ez gaitian hain inozoak izan. Erantzunkizunak ez dira izan berdinak denboran zehar. Aldatu egiten dira eta nere ustez printzipio bat sakratua beharko luke: gehiago eskatu behar zaio gehiago AHAL duenari. Gatazka armatuaren hasierako fasean ETArena zen erantzunkizun nagusia . 90hamarkadatik aurrera Frantzia eta Espainiako estatuetako azpijokoetan txapuzero baina ustelkerian maisu diren teknokrata kriminalena. (Galindok non egin zituen merituak, galoiak? Francok eta bere lagun afriKanistek non?) .
    Irlandan guzti hau ikertzeko unibertsitate eta baliabide ugari jartzen ari dira. Hain zuzen EGIA jakiteko eta berriro ez dadin errepikatu. Gurean metodo zientifikotik urruti politika logikan murgilduta soziologia eta orohar gizarte zientzietako fakultateak. Espainiarrak eta latinoak gara erabat. Noizko anglosaxoien prakmatismo piskatxo bat, apur bat,amiñi bat….Europarragoak alegia, Iparraldeko herrikideek exenplu ederrak ematen hari zaizkigu egunero eta hainbat arlotan. Gu hegoaldean beti Madril-era begira, portaera eta jarrera berdinak iminitatzen. Sektakeria gainetik kendu ezinda.

  • Pixka bat konkretuagoak izan beharko ginake arazo hauetaz hitzegitea. Hor izendatu ditudanak hamarkada luzeetan dominatu zuten ETAren aparailua. Mikel Antzak juxtuago 2004 urte arte. Eta Josu Urrutikoetxea gaur arte 70garren hamarkadatik hona.

    90garren hamarkadan ETAk zinegotziak eta kargo politikoak hasten da hiltzen et iaia Aznar bera hil egin zuen. Ezer esateagatik Kale Borrokare hedapenari buruz. ETAk bitan izan zituen aurrean, 90az geroztik, gobernu espainiarreko negoziatzaileak. Eta erakundeak aurrera jarraitu nahi izan zuen ohartuki, pentsatuz hori hobe izango zela berarentzat. Zure adierazpenak metodo zientifikotik nahiko urruti direla esango nuke.

  • ganbaratxotik 2016-05-15 15:19

    90 hamarkadan karguak hiltzen hasi? nik uste nuen polimiliek eta autonomoek (disidenteak) hasi zirela lehenago. disidentziak borroka armatu zikloa moztu ala luzatu du?

    Kale borrokoka “gazte-umeak” non bukatu zuten 20-30 urte eskasekin, errekord-denboran?

    Ba dakigu poliziaren hizkuntzan “haria ematea” zer esan nahi duen? Arrantza munduko metafora bat da.

    Ni ez naiz zientifikoa, ez da nere ofizioa, nik fundamentua eta seriotasuna besterik ez dot eskatzen mesedez. Ganora piska bat eta ez gaitzatela ergeltzat hartu. Horrelako fenomenoak konplxuak dira eta faktore DENAK ondo diagnostikatu gabe ez dugu ezer ulertuko. EGIAra hurbildu gaitezen ahalik eta gehien , horrela zailagoa egingo zaigu guri eta gure ondorengoei hankasartze terrible horiek berriro errepikatzea.

    Besarkada bat.

  • ETAk borroka armatua luzatu nahi izan zuen pentsatu zuelako borroka mota hori botere bat zela ezker abertzalearen kausaren alde. Hausnarketa guztiz arrazionala eta guztiz okerra izango zen, oraingo uneak erakusten duen bezala.

    Egia da, polimiliak eta autonomoak kargo politikoak hiiltzen hasiko ziren. Baina 90an ETAk hori zabalduko du eta aparailu berri batzuk Kale Borroka taldeak sortuko dira. Gauza hauek gogorkeriaren eraginkortasuna indartzeko asmotan egin ziren. Estatuak haria eman ziola ETAri edo kale borrokari? Ez dut uste. Konspirazioaren teoria horren oinarririk ez dut inon ikusten. ETAren estrategiak frakasatu baldin badu berak hartutako apostua indartu zuelako izan dela uste dut. Gogorkeriaren hedapenak azkenean herriareb ukapena eta errepresioaren eraginkortasuna bultzatu ditu. Hori da nik ikusten dudana.

    Milesker besarkadagatik. Beste bat zuri ere.

  • ganbaratxotik 2016-05-15 21:42

    “Konspirazioaren teoria”. Azkenean azaldu zaigu betiko leloa. Kosta da ateratzea, banengoen ba. Ez neukan eztabaidan jarraitzeko asmorik baina zerbaitek asaldatzen banau horixe da: ez pentsatu eta irentsi diskurtso ofiziala. Ba ez, ez nago prest.
    Mudu guztiko bestelako fenomeno politiko sozial, liskar,injustizia,altxamendu, (sahara, Venezuela, Estatu islamikoa,Kurduak,Kuba,Trump,….) den denak azaltzeko sekulako teorizazio eta azalpen sakonen bidez ulertzen saiatu ohi dira edo gara, aditu edota jende arrunta. Gurea ez. Gurea oso erreza da azaltzeko: Hemen gaizto-gaizto batzuk izan ditugu bazterrak nahasten eta kitto!
    Holaxe ekidingo dugu berriro hanka zulo berean ez sartzea. Gaixoak gu. Horretan ere euskaldun gainontzeko planetako bizilagunen aldean desberdinak gara BEREZIAK.
    Faborez,..Horretan ere berdin-berdinak gara. Haietan ere konfrontazioa handia izanen da. Minak eta aurreritziak itzelak. Errealitate konplexuak eta arazoak konpontzeko zailtasunak. Eta adituek sekulako analisiak egiten dituzte errealitate horiek ulertzeko. Nola ez Estatu handi eta korporazio handiek. Beraien interesak defenditzeko jakina. Egitura hauen analisten zerrenda zenbatekoa den jakiterik balego.
    Zaila den arren zergatik ez saiatu barrutik geronek egiten gure buruaren analisi autokritiko,objetibo eta teknikoa. Non daude horretarako dauden edo beharko luketen istituzioak ikerketa taldeak, unibertsitateak? Beste herrialdeetan ari dira horretan (Irlanda) guk zergatik ez?

  • Sentitzen dut hori baina teoria horrek oinarriren bat edukiko beharko luke. Eta ez didazu ematen. Nik uste dut ETAren estrategiak logika bat duela. Beste gauza da azkenean berak lortu nahi zituen gauzetarako okerra izatea. Hori ezker abertzalearen estratega egileen okerra da eta estatuak horretan ez du sarbiderik. Apostua gogorra izan zen eta galdu zen azkenean.

  • ganbaratxotik 2016-05-16 17:17

    Zein ETArena? Txillardegirena?Txominen-ena?, Argalarena?, Txikiarena Artapalorena?,Yoyesena?,Antzarena? Mario-Aulestiarena?ATArena?,………….

    Zehaztasunik gabe ez dago aklaratzerik. Topikoekin soilik ezingo dugu korapiloa askatu. Hain erreza balitz konponbidea mahai gainean aspaldi zegokeen. Nik teoria ez, nik ariketa bat planteatzen dut. Lana eta energiak gastatzea eskatzen duen ariketa zintzoa errezkerian erori gabe. Hori luzera garesti ordaintzen da.

  • Ganbaratxo, ez gauzak nahasi. Esan dizudana, ETAren zuzendaritza oso egonkorra izan da 2004an Antza atxilotzen duten arte. Eta gerora Oslon 2013an Josu Urrutikoetxeak negoziatuko du nazioarteko bitartekaretzarekin desarmea. Urrutikoetxea ETAko puntan dago 70 hamarkadatik. Konponbidea mahai gainean egon da behin baino gehiagotan. Hala ere ETAk borrokan jarraitu du. Ondorioak begibistakoak dira.

  • ganbaratxotik 2016-05-19 12:17

    “ETA-ko zuzendaritza oso egonkorra”. Lartxo esatea ez ahal da? Ez da hori hedabide eta adituek esan dutena. Atxiloketa eta ondorengo ardura banaketek ez dute hori esaten. Zenbat buruzagi atxilotu dituzte azken hamarkadetan? Hileroko berria zen erakundea buru berriekin zela (gazteak betiere).
    Edurnezuri, Egigurenena gogorarazi nahi dizut: “bakea putada bat izan da batzuentzat.
    Arnaldorena baita: estatuari krispazioa interesatzen zaio eta desarmea oztopatzen ari da.
    Josu Urrutikoetxea nork bota zuen negoziazio mahaitik? nork bidali zuen Txomin Argel-era erakundearen kontrola galduaraziz? T4-ko furgoneta hura bidaltzea zeinek agindu zuen? Eta nolatan pasa zen hain erraz? Gogoratu nahi dizut aldi horretara-arte hamaikako ahalegin egin zituztela eta denak porrot egin zutela, begiratu hemeroteka.
    ETAko kideek beraien ardurak dituzte, jakina, eta ez txikiak. Baina Estatuek ere bai, ala ez?
    Eta ardura horiek aldatuz joan dira denboran zehar. Aldi batzutan batzuena zen handiagoa eta besteta bestearena. Azken bi hamarkadatan nabarmena da zeinek eraman duen gatazkaren kontrola, begibistakoa da. Errezena ardura guztia bati botatzea eta kitto. Noski ahulenari eta bere burua defendatzea zaila duenari. Ez zait bidezkoa iruditzen. Gauzak hori guztia baino konplexuagoak izaten dira.

    Untsa izan

  • Ganbaratxo, Josu Urrutikoetxea 70 hamarkadatik 2013 arte ETAren buru izan da eta oraindik da. Mikel Antza buru politikoa, 1992tik 2004ra arte. Adituek esango dizute gauzak ez zirela horrela gertatu? ETAk eta orohar ezker abertzaleak bere estrategia izan du negoziaketa zikloen bila eta honek kale egin dio. Hainbeste kosta zaizu hau ametitzea frogarik gabe astintzen ari zaren esku beltzaren teoria hori baino? HIleroko berria zen ETAren buruen desartikulazioarena 2004tik aurrera, motel. Eta hala ere Josu Urrutikotxea ez zuten harrapatu eta Oslon erakundearen ordezkaria zen. ETAk eta ezker abertzaleak mahai gainean eduki dute aspaldian bukatzeko moduko irtenbide bat eta hala ere aurrera jarraitu nahi izan dute, inongo esku beltzaren bultzadaz, bere borondatez baizik. T-4ko bonba Estatuak jarri zuen, Ganbaratxo? Ez nuen horrelako teoriarik inoiz entzun. ETA ahulena? Nire ustez edozer pertsona hiltzeko ahalmena eta borondatea duen erakunde bat ez da batere ahula, oso indartsua baizik. Ba hiltzeko tenorea bukatu zaio eta horrela galdu du boterea eta gainera bidean aukerak utzi ditu beste modu batera gauzak uzteko.

  • Disidentzia beste muturretik erditu zaio orain ezker abertzale ortodoxoari. Ortodoxoetan ortodoxoenak matxinatu zaizkio, hara!
    Baina hauek ere, lehenago matxinatu zitzaizkionak bezala, “marjinalak” dira, “lau katu”, eta “herriak bere lekuan jarriko ditu”.
    Bidé zuzen-zuzenean egon behar hori gogorra da gero, beti arrakastatik arrakastara, azken inkestek ere iradoki bezala.
    Konturatu dira ezker abertzale zuzen-zuzenaren estrategak inongo “periferiarik” gabe geratzen ari direla? Hain zuzen-zuzenak ez diren ezkerreko abertzale askok, nahiago dutela Podemos españolísimoa, ezker abertzale zuzen-zuzena baino?