Merkurio eta hauteskundeak

Merkurio eta hauteskundeak

Merkurio eta hauteskundeakKobazuloren batean bizi ez bazarete (kasu horretan idatzi hau ez zenukete irakurriko) entzungo zenuten Merkuriok bere ohiko ibilaldia alde batera utzi eta eguzkiaren paretik joan dela txango koxkor bat egitera. Astrologoak, astronomoak eta ni bezalako astropitoak zeruari begira jarri gara, baina ikuskizun eder honetaz gozatzeko teknologia berezia behar da, begietan mina ez hartzeko.

Azkenaldian antzekoa pasatzen zait sare sozialetan edota telebistan hauteskundeen inguruko gauzak ikusten ditudanean. Merkurioa oraingoan tenperatura hartzeko ere balio dezakegu (nire kasuan zentzu metaforikoan, beste batzuenean literalean). Eguzkiaren paretik pasatzean Merkurio bola beltz txiki eta ia ikusezin besterik ez da. Hauteskundeen afera honetan tamaina ezberdinak antzematen ditut, baina ez nahiko nukeen ordenan.

Espainiar erresumako kalapitek irensten dute hedabideen denbora tarte handiena, baita sare sozialetan jende askok egiten dituen ekarpenak. Espainiar estatua da eguzkia, eta batzuetan gure aferek bere baitako puntu beltz bat dirudite, txikia, irrigarria kasik.

Ni naiz ni eta nire testuingurua; ezartzen didaten testuingurua, bai, baina hautatzen dudana ere; eta nire kosmoseko ordenan, Ipar Euskal Herriko elkargoaren inguruko galdeketek eta ekaineko herri bozketek helarazten dituzte argi izpiak. Ekainaren 26koa hor dago, ados, baina puntu beltz txiki bat besterik ez da. Merkurioa beroaren arabera igo eta jaisten da termometro barruan, baina bakoitzak bere besazpia dauka.

Merkurio eta hauteskundeak