Soziolinguistikaren erronkak

Soziolinguistikaren erronkak –

Soziolinguistikaren hiztegi komentatua (Atik Zra) amaitu berri dut. Eta, tarte horretan, Iñaki Iurrebasoren tesia irakurri dut. Tesian Iurrebasok aipatzen zuen euskal demolinguistikak lau erronka nagusi dituela:

  • Teorian sakontzea
  • Metodologia lantzea
  • Nazioartekotzean aurreratzea
  • Unibertsitatearen inplikazioa areagotzea

Horrez gain, honako hau ere esaten du Iñaki Iurrebasok:

Gure demolinguistikak enpirikoki izan duen garapen izugarri indartsuaren aurrean deigarria egiten da zein toki gutxi eskaini izan zaion elaborazio eta gogoeta teknikoari.

Soziolinguistikaren erronkakEta jo, nik berak demolinguistika aipatzen duen tokian euskal soziolinguistika bere osotasunean aipatuko nuke. Egia da, agian, nire ustez, bosgarren erronka bat duela euskal soziolinguistikak (seguruenik demolinguistikak ere) eta dibulgazioarena da, baina tira, beste lau erronkak demolinguistikak eta soziolinguistikak orokorrean partekatzen dutelakoan nago.

(Ez dauka zerikusirik, baina galdera bat sorrarazi dit demolinguistikak gurean izan duen garapen azkarrak: beste arlo batzuetan ditugun hutsuneak aintzat hartuta, zergatik ote dugu ondare demolinguistiko zabal, sendo eta aberatsa gaur egun Euskal Herrian?).

Iñaki Iurrebasoren tesia eta soziolinguistikaren gaiarekin amaitzeko, honako lerrokada hau ere dut apunteen artean, eta honek ere zer pentsatua ematen dit:

Soziolinguistika gaur egun oinarri teoriko bateratua duen diziplina bat izatetik urruti dagoen arren, eta gaur egun ikuspegi teorikoetan sakabanaketa handia badago ere, hizkuntzen ordezkapena, jarraipena eta indarberritzea finkatzen duten aldagai, faktore eta prozesuak zehazteko orduan ez dirudi hain urruti daudenik soziolinguistikan diharduten ikuspegi teoriko batzuk eta besteak: gaitasuna, erabilera(k), motibazio-jarrerak, testuinguru demolinguistikoa, sozializazio-prozesua, hizkuntzaren bilakaera eta hizkuntzaren uzkurtzea (hizkuntza gutxituaren adierazpenean gertatzen den murrizketa).

Soziolinguistikaren erronkak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude