SOS Umorea

SOS Umorea –

Maiatza eta ekaina bitartean, Barre Librea ETB1ko umore programan blackface praktika arrazista zuen esketxa ikusi ahal izan genuen. Hots, gizon zuri bat hipersexualizatutako emakumez mozorrotu zen (hau ere lekuz kanpokoa guztiz), eta emakumea beltza behar zuenez, aurpegia beltzez margotu zuen. Irudi horiek telebistan agertu ziren momentutik kritikak hasi ziren eta programak erantzun egin zuen.

Horretara noa. Harrigarriena iruditu zitzaidana erantzuna izan baitzen. Denok dugu akatsak egiteko eskubidea, baina, nola bihurtu daiteke hain nabarmena den praktika arrazista bat umorearen defentsaren aldarri batean?

Telebista publikoak prime timean eskaintzen pribilejioko egitura, posizio eta bozgorailua erabiliz,  barkamena eskatu ez, eta hausnarketa besteek egin behar zutela iradoki zuten. #SOSumorea traola sortu zen eta zuria hain zuria ez dela eta beltza hain beltza ez dela ere ikasi zuten. Hilabete batzuk pasa dira hura gertatu zenetik, eta azkenik, Barre Libreak bigarren denboraldiari begira, Twitter bidez barkamena eskatu du, eta bueno, arraza guztiekiko erasoak  kondenatzen dituztela garbi utzi du.

Lotsagarriena traolaren erabilera bera iruditu zitzaidan, benetan feminista kontsideratzen den batek umore arrazistaren aldeko aldarria egin dezake? Umore librearen izenean? Umore arrazista akaso, sos egoeran dago? Hor dago arazoa, txistea botatzen duenak ez duela arazoa. Besteok dugula, ez dugulako umorea ulertzen, “plazerra ematen diguten gauzei muga jartzeko joera” erretxin hori daukagula.

Baina umorearen mugei buruz hitz egin behar bada ni sinistuta nago umoreak ez dituela mugak, espazioak baizik. Espazio, une edo leku bezala ulertuta. Eta mugarik izatekotan, nahiko argia den bat du, naturala zaiona gainera: grazia bera baita umorearen muga. Grazia umorearen funtsa den momentutik, publiko jakin bati barregarria zaiona baina ez da umorea. Gainontzeko guztia hortaz, ez da umorea.

Iraingarriak diren txisteak bota daitezke, noski, iraina sentituko ez duten publiko bati zuzenduta,  grazia egingo diolako. Txiste arrazista, matxista eta klasistek grazia dute, noski, dagozkien espazioetan botatzen direnean. Baina horrek ez dio txisteari bere konnotazio iraingarria kentzen, statu quo baten grazia botere harreman zapaltzaile batzuetan oinarritzen dela baino ez baitu berrindartzen.

Eta espazio horietan ez nauzue aurkituko, eta hor banago, ez dit graziarik egingo, beraz, sentitzen dut, baina zentsore jarriko naiz. Ekarri dudan kasuan gainera, arrazakeriaren aurka dedikatzen diren erakundeak izan ziren. Eta ez da umorea galdu delako, gizajoa umorea, galtzear dagoen espezie hori, ez. Egin den grazia, publiko zapaltzaile bati zuzendua izan delako, zapalduta dagoen publiko baten kontura.

Umorearen martirrak botako zaizkit gainera, samindutxo deituko didate, eta umorerik ez dudala eta haiei umore librea egiten uzteko, adierazen askatasunaren kontrakoa naizela eta azala leunegi dudan belaunaldiko naizela eta bla bla bla. Denetarik entzun dut.

Baina badago behetik gorako noranzkoa duen umorea, subertsiboa deritzona, umorearen kariaz, subalternitatetik irri eginez, egitura zapaltzaileak kritikatuko dituena, pribilejioko egoerak salatuko dituena, molestatzen duena. Umore mota asko dagoelako bai, baina oinarrian bi umore klaserekin aurkitzen gara: zapaltzailea edo askatzailea. Eta hemen bakoitzak ikusiko du nondik eta nora egiten duen umorea, eta zer posiziotik oihukatuko duen SOS. Eta batzuetan, entzumena handitu, norbere burua berrikusi eta barkamena eskatzea baina ez zaigu gelditzen.

SOS Umorea

Nire begietatik ...

Zer duzu buruan “SOS Umorea”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2020-09-04 12:46

    Batzuen ustetan “Blackface” delakoa hain praktika arrazista “nabarmena” baldin bada, da Estatu Batuetako kulturan halaxe ikusia dagoelako. Noizbait ohikoa izan omen zen hango ikuskizun komikoetan antzezle zuriek aurpegia beltzez pintatzea, pertsonaia beti arlote, tentel, irrigarrien papera jokatzeko.

    Honenbestez, hango aktibibismoak gogor eta batere ñabardurarik gabe gaitzesten du gizon, emakume eta ume zuriak pertsona beltzez mozorrotzea, edozein testuingurutan, zein dela ere mozorrotzeko motiboa eta mozorrotuaren jokabidea.

    Adibide gisa, duela gutxi irakurri nion horrelako aktibista afro bati, ikaragarri gaizki iruditzen zitzaiola haur zuriak, Halloween egunean (Arimen Egunean, alegia), Thriller-eko Michael Jacksonez mozorrotzea.

    Esketxa ikusi ondoren, personaia femenino “hipersexualizatua” ba ote dagoen ala ez, pentsatzen dut norberaren betaurrekoen araberakoa izanen dela. Nik, bederen, baldarki (oso, ikaragarri baldarki) emakume beltzez mozorroturiko antzezle gizona ikusi dut; hori bai, emakumezko pertsonaia euskaldun, argi eta bizkorra antzeztuz. Pentsatzen dut ETB1eko makilaje zerbitzua ez dela beste kanal handiagoetan duten bezain ona.

    Sektore ezkertzaleak transformismoaren kontra kanpaina egiten. Hamaika ikustekoak jaioak gara.