Selekzioa badaukagu, nazioa falta

Selekzioa badaukagu, nazioa falta

Aitortuko dizuet ez naizela futbol zalea, egunkarietako kirol orriak kolpe batean pasatzen ditut kasurik ere egin gabe. Aspaldi ez nuen futbol zelai bat zapaltzen, eta beraz, gutxi dut futbolaz (jokoaz bederen) esateko. Hala ere, kausalitatea edo kasualitatea tarteko Katalunia-Euskal Selekzioa partida ikustera joan nintzen larunbatean.

Ez da naziotasunaren aldarrikapenak, ikuskizunaren sinbologiak eta aurretiazko eta ondorengo festak tentatuta euskal selekzioa ikustera joaten naizen lehen aldia. Posible da azkena izatea. Futbolaz baino gehiago ikuskizunaz gozatzeko asmotan joan ginen laguna eta biok, Kataluniako egoera politiko beroa harmailetan gorpuztua ikusteko esperantzarekin edo.

Estaturik gabeko bi nazioren arteko norgehiagoka, bataila sinbolizatua, futbol politizatua nolabait. Ikus zitezkeen ikurrinak, esteladak, eta orain arte ikusi gabeko EAEko mapaz jantzitako bufandak. Harro zeramaten zenbaitek lepoan nahaspilatuta nik ordura arte —euskal selekzioaren partiduetan behintzat— inoiz ikusi ez nuen irudia.

Selekzioa badaukagu, nazioa falta

Futbolarekiko nire indiferentziak arreta harmailetan jartzen eraman ninduen, ezinbestean. “Katalunia ez da Espainia” zioten kartelak, esteladak, independentzia oihuak… bat baino gehiagori jarriko zitzaizkion ileak tente, zutik. Gernikako arbola abestu (Gernikako arbola da bedeinkatua… nik neuk ez dakit gehiago) eta hasi zen partida: aurkari indartsuagoa garaitu ahal izateko indar metaketa, entrenamendua.

Euskal zaleen artean ginen gu ere; ikurrinak lepoan, presoen banderola eskuartean… han dena zen sinbologia, dena abertzaletasuna, dena naziotasuna. Geure nazio ofizialtasuna aldarrikatzeko asmoz joan eta Euskal Autonomia Erkideagoa irudikatzen duten lepokoetan bildutako erdaldunez inguratua sentitu nintzen. Erdi lotsatua edo begiratu nion lagunari, behin zirku horren parte sentitu banintzen ere, orain, dena arrotz iruditzen zitzaidala esatera guztiz ausartu gabe.

Arreta jokoan jartzea erabaki nuen, behin etorriko eta festaren parte ezin sentitzeak frustrazio txiki bat sortu zidalako. Baina ezin. Bost edo sei laguneko koadrilla bat jarri zitzaigun aurrean 33 zenbakidun bandera zuriak aireratzen. Ez genituen gazte haien asmoak lehen begiradan igarri baina denbora aurrera joan ahala haien jarrera, keinu eta kantuek marraztu zuten euren haizeen norakoa. Alboko lagunak argitu zigun: “Son nazis catalanes”.

Berehala sortu zen iskanbila harmailetan, Mossoak kasko beltzak jantzi eta laster azaldu ziren haiek kanporatzeko asmotan. Jendeak txaloka hartu zuen polizia. Ez nuen asko usteko EAEko bufandaz dekoratutako euskaldunek eta independentzia oihuak  jaurtitzen dituzten katalanek halako harrera egingo zietenik bortizkeriaren adierazpide izan diren indar polizialei.  Bota zituzten naziak, irabazi genuen partidua.

2 pentsamendu “Selekzioa badaukagu, nazioa falta”-ri buruz

  • “Estaturik gabeko bi nazioren arteko norgehiakoa…” Esaldi hontan inperialismoaren ondorioak garbi ikusten dira. Katalunyaren kasuan haiek jakingo dute baina gure kasuan nazio apartez, Estatua ginen eta gara. Estatu okupatua eta desaktibatua baina Estatua: Nabar Estatua. Hori astertu eta ulertu ez gero irakurketa oso desberdina bihurtzen da. Hemen dagoena da hiru Estatu artean konfliktua (Frantzia, Espaina eta Nabarra).
    Konfliktua internazionala da. Irtenbidea ere garbi geratzen da: desokupazioa eta normaltasunera bueltatzea, Estatua berreskuratzea. Ez dago besterik.

  • Ezjakintasunetik:
    Gernikako arbola zer erabili zen, ereserkitzat? Orain artean EAEkoa erabili da. Ustezko jakintasunetik: 33n (Catalunya catalana) ez dira naziak exaktuki, ez guztiak behintzat. Eta Mossoak sartzearen arrazoia euskaldunek bandera horiek kendu izana ta tarteko liskartxoa izan zen.