Sastraka, erakusketa bat baino askoz gehiago

Sastraka, erakusketa bat baino askoz gehiago –

Sastraka erakusketa ibiltaria ikusgai egongo da Oihaneder Euskararen Etxean maiatzean. Pello Lizarralderen, Jose Ignacio Agorretaren, Imanol Rayoren eta Imanol Ubedaren proiektu artistikoak diziplina ezberdineko lanak batzen ditu erakusketa honetan. Erakusketaz gain, Don Inorrez taldearen kontzertuak eta artistek zuzendutako bisitak osatuko dute egitaraua. Maiatzaren 6tik 29ra bitartean egongo da irekita erakusketa Gasteizko Ur-biltegian zaharrean.

PELLO LIZARRALDE (idazlea): “Sastrakan bidaia labur bat dago, ezinezko bidaia bat. Heriotzaren kontzientzia, apur bat bada ere, izan orduko, gero eta maizago harrapatzen gaitu iraganera itzultzeko bidea hartzeak. Eta itzuli egin behar jakiteko bidearen buruan itzalak eta dezepzioa besterik ez dagoela eta irtenbideren bat bilatzera behartuta zaudela”.

JOSE IGNACIO AGORRETA (margolaria): “Pello Lizarraldek opari “pozoitu” bat egin zidan Sastraka proiekturako testuak eman zizkidan egunean. Baina, esan dezadan haren deskarguan, ez zekiela bi urte luzetan harrapatuta edukiko ninduen prozesu baten hasiera izango zenik hura”.

IMANOL UBEDA (musikaria): “Pello Lizarralderen narraziotik abiatuta eraiki dugu disko osoa. Ez da ibilbide errazena izan. Aukeratu dugun mapak sekula urratu gabeko bazterretara eraman gaituelako. Baina jakingarria bezain asegarria izan da bidaia”.

IMANOL RAYO (zinemagilea): “Sastraka iraganera itzultzeko ezintasunaz ari dela jabetuta (“inor ez da kalterik gabe ateratzen oroitzapen batetik” dio testuetako batek), proiektua aberasteko modu bat bururatu zitzaidan, hura “itzulipurdikatuz”. Funtsean, Pello Lizarralderen testuekiko leial jokatuz, baina forma haietatik erabat aldenduko zen zerbait egitea pentsatu nuen”.

UXUE RUIZ DE ARKAUTE (Oihaneder Euskararen Etxea): “Gero eta ugariagoak dira, beren disziplinatik harago dagoenaren ikusminagatik, elkarlanean batzen diren artista zein proiektu porotsuak. Sastraka, erakusketa horietako bat da; beren parteen batuketa baino gehiago izateko izaerarekin korapilatu dena”.

Sastraka erakusketak Oihanederren izango du bigarren geltokia maiatzean zehar. Iruñeko Ziudadelatik zuzenean etorriko da, eta Donostiara eta Bilbora joan aurretik, Gasteizen izango du geldialdia erakusketa ibiltari honek.

Sastraka, erakusketa bat baino askoz gehiagoPello Lizarralde, Jose Ignacio Agorreta, Imanol Ubeda eta Imanol Rayo sortzaileek burututako diziplina hibridazio bat da Sastraka. Pello Lizarraldek idatzitako 12 testutatik abiatuta, Jose Ignacio Agorretak 25 olio-pintura margotu ditu. Oinarri bera hartuta, Imanol Ubeda musikariak 12 kanta ondu ditu, eta Imanol Rayo zinemagileak 36 argazki dituen bilduma. Guztiarekin Erein argitaletxeak argitaratutako liburu dotorea osatu dute (Sastraka/Maleza), eta diziplina desberdinak biltzen dituen obra bere osotasunean ikusteko eta entzuteko aukera erakusketara ekarri. Lan intimistak, soilak, atenporalak osatu dituzte, eta Sastraka egitasmoak ezaugarri horiek denak barnebiltzen ditu.

Sastraka erakusketa maiatzaren 6an arratsaldeko 19.00etan irekiko da Montehermoso Kulturunearen parte den Gasteizko Ur-biltegi zaharrean. Hilaren amaierara arte egongo da egitasmo artistiko hau ikusi eta entzuteko aukera, 29ra arte, hain zuzen ere.

Erakusketaz gain, Don Inorrez taldearen kontzertua izango da, baita artistek gidatutako bisita ere:

Don Inorrez talde tolosarraren zuzeneko kontzertua egingo da erakusketan bertan, hots, Ur-Bitegian. Don Inorrez taldea Imanol Ubeda kantariak, Karlos Aranzegi bateria-joleak, Fernando Neira baxu-joleak eta Ruben Caballero gitarra-joleak osatzen dute. 2018an ekin zioten proiektu honi, eta estraineko diskoa plazaratu: Mugiro bila. “Power pop” estilora lerrokatzen ziren disko hartako kantak. 2019ko udazkenean, “new american”-a estilora hurbiltzen den single bat plazaratu zuten: Dardara hura. Lan horretako kanten hitzak Pello Lizarralderenak dira, eta azala Jose Ignacio Agorreta margolariak osatua da. Don Inorrezek disko berri bat aurkeztu zuen 2021ean: Esku hutsik izenekoa. Sastraka egitasmoaren baitan, aipatutako idazle beraren kantuak oinarri hartuta, diskoa argitaratu dute liburuarekin batera.

Pello Lizarralde, Jose Ignacio Agorreta, Imanol Ubeda eta Imanol Rayo artistak beraiek izango dira Sastraka erakusketaren nondik norakoak azalduko dizkigutenak bisita gidatu honetan. Nondik abiatu zen ideia? Nola eman da sorkuntza kate hau? Zeintzuk izan dira prozesuaren xehetasunak? Nolatan erabaki zuten erakusketa formatua bereganatzea? Erakusketaren zein liburuaren errealitatea beraien bizipen propioetatik zuzenean entzuteko aukera.

Erakusketari lotutako jarduerak doakoak diren arren, kontzerturako eta bisita gidaturako gonbidapena aurrez eskuratzea gomendatzen da, ohiko moduak erabilita: oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita, telefonoz eskatuta edota BIBE plataformaren bidez eskuratuta.

Kontzerturako gonbidapenak dagoeneko eskuragarri, eta bisita gidaturako gonbidapenak, aldiz, maiatzaren 5ean.

Sastraka, erakusketa bat baino askoz gehiago