Eusko Jaurlaritzak inposatutako Telelana eredua aukera berdintasunean eta lan baldintzetan inboluzio bat da

Eusko Jaurlaritzak inposatutako Telelana eredua –

Pasa den astean EAEko Mahai Orokorraren bileran Eusko Jaurlaritzak bere azken zirriborroa aurkeztu zigun sindikatuoi itxurazko aldaketa batekin. Horrela, tramite hutseko Mahaiari negoziazio itxura bat eman nahi izan zion, baina beste hainbatetan bezala, prozesuaren hasiera-hasieratik argi zegoena berretsi zuen: Eusko Jaurlaritzak Telelanaren dekretua sindikatuon babesik gabe inposatu du, halaxe nahi eta ahal duelako.

LABek, kritika orokor hori egiteaz gain, zirriborroari hainbat ekarpen egin zizkion, baina Jaurlaritzak ez ditu jaso nahi izan. Telelana sistema hau langilearekiko mesfidantzan, botere harremanetan eta adiskidekerian oinarrituta dago eta langileen indibidualizazioan sakontzen du. Hona hain zuzen ere gure ustez zuzendu beharko ziren gabeziak:

Eusko Jaurlaritzak inposatutako Telelana eredua aukera berdintasunean eta lan baldintzetan inboluzio bat da

  • LABen iritziz lan ez presentziala eskubidea da, eta honetan arautegia hankamotza da. Borondatezkoa eta adostua izan behar da, eta balizko desadostasunak bideratzeko mekanismoak langileon ordezkariekin adostu. Uko egiteak ondo arrazoituta egon behar dira.
  • Lan ez presentziala iraunkorra izan behar da, eta langileak lan presentzialera itzultzeko aukera bere esku izan beharko luke, aurreabisu batekin.
  • Administrazioak langilea lan presentzialera itzultzeko soilik arrazoi teknikoak edo antolamenduzkoak argudia ditzake, langileon ordezkaritzarekin adostu ondoren.
  • Langilearen baldintza subjektiboak hartu behar dira kontuan, lanpostuaren ezaugarrien zerrendatze huts bat baino.
  • Telelana eta lan presentziala bateratu egin behar dira, proportzioa adostuz. JaurlaritzakĀ  astean 2 egun telelanerako eta presentzialerako 3 baino, LABek hurrenez hurren %60 eta %40 proposatzen du dagoeneko administrazio ugaritan ematen den bezala.
  • Lan ez presentziala egiteko guneak behar dira herri edo eskualde mailan, azpiegitura egokiarekin, langilearen bakardadea eta isolamendua saihesteko.
  • Administrazioak materiala eta tresnak hornitu behar dizkio langileari (aulki ergonomikoa, ordenagailua, telefono mugikorra, inprimagailua, bulegoko materiala, eskuzko itzalgailua, VPNa…) kostu guztiak ordainduz.
  • Gehienezko lan denborak, gutxieneko atseden denborak eta ordutegia finkatuta egon behar da.
  • Deskonexio digitala bermatuta egon behar da, posta elektronikoak, deiak… soilik lanaldian jasoz.
  • Langilearen pribatutasuna bermatu.
  • Genero ikuspegia bereziki zaindu, izan ere idazkera tranpatia agertzen da: erantzunkidetasun politikak, zaintza-karga orekatuak… ondo jaso behar dira. Lan ez presentziala egiten duten emakume eta gizon kopuruak maiztasunez aztertu eta desorekak antzeman ezkero zuzendu.
  • Lan mota horrek eskatzen duen berariazko prestakuntza teknologietan eta lan osasunean. Etengabeko prestakuntza gainontzeko langileen baldintza berdinetan bermatu.

Arestian esan bezala, Eusko Jaurlaritzaren agintekeria eta langileekiko begirune falta agerian gelditzen da bai arautegian bertan zein negoziazio prozesu osoan ere. Gehiengoa edukita, bere interesei begira dagoen proiektu hau ere inposatuko du, nahi eta ahal duelako. Arrabol honi aurre egiten jarraituko dugu langileok eta sektorez sektore, lantokiz lantoki, lan ez presentzialaren eskubidea langileon mesedetan kokatzeko borroka egingo du LABek.

INFO

Eusko Jaurlaritzak inposatutako Telelana eredua aukera berdintasunean eta lan baldintzetan inboluzio bat da