Sardiniarrak eta euskaldunak, antzinako jatorri bera

Gizakiaren DNAn dagoen informazioak ez du bakarrik pertsona bat osatzeko beharrezkoa den proiektuaren berri ematen, bere historiaren aztarnak ere erakusten ditu, eta arbaso guztiak inplikatzen dituen prozesu baten emaitza da. Izan ere, pertsona guztiek partekatzen dute DNAren % 99a, eta aldakuntzen ondorioa da bata bestearengandik desberdin egiten gaituen zatitxoa, mutazioak esaten zaien horiena, aurreko belaunaldietatik heredaturikoa.

Sardiniarrak eta euskaldunak, antzinako jatorri beraPertsona bakoitzak aitarengandik jasotzen ditu kromosoma erdiak eta amarengandik beste erdiak, eta, era berean, aitona-amona bakoitzarengandik datorkio laurdena, eta horrela hurrenez hurren. Urrats bakoitzean kromosomak nahastu egiten dira elkarren artean, eta gure genoma (kromosoma multzoa) aurreko belaunaldien ekarpenez osaturiko puzzlea da. Soilik 10 belaunaldi atzera jota, hots, 300 bat urte inguru, garai hartako gure aitona-amonen DNAren milaren bat besterik ez daramagu guk. Gutariko bakoitza, beraz, milaka historia txikiren ondorioa da,eta lurralde geografiko jakin baten historia korapilatsua islatzen du, baldin eta gure arbaso gehienak lurralde horretan bizi izan badira.

Baina badira oso era ezberdinean jokatzen duten eta besteekin nahasten ez diren bi kromosoma. Bata, zelularen organulu batean kokatua dagoen harizpi zirkular txikia da, mitokondria, amak alabari heredatzen diona. Bestea, Y kromosoma da, gizonak daramana eta emakumeak ez duena. Kromosoma hau aitak semeari igarotzen dio, izaera kulturalekoaren antzera: abizena. Y kromosoma, beraz, ez da familiako osagai femeninoarekin nahasten eta aldatu gabe igarotzen da belaunaldiz belaunaldi, eta, analogiarekin jarraituz, bidean gertatzen diren mutazioak abizena idazterakoan gertatzen diren akatsak bezalakoak dira: abizena itxuraldatzen dute baina hala ere garbi ikusten da jatorrizkoarekin duen kidetasuna.

Abizenak gure aitaren lorratzari mende banaka batzuk soilik jarraitzen uzten digun bitartean, Y kromosomak ez du denbora mugarik. Horregatik, Y kromosoma oso aztertzaile ona da, oso egokia migrazioen historia eta herrien arteko harremanak kontatzeko, prehistoria urruneraino heltzen baita.

Europari dagokionez, badakigu lehen gizaki modernoak (Homo sapiens) duela 45.000 urte inguru heldu zirela, baina glaziazioaren azken aroan, duela 18.000 inguru, babesa hartu behar izan zutela bizitzeko klima egokia eta baliabide naturalak zeuden lekuetan. Bi babesleku inportanteenak Iberiar Penintsula eta Balkanak izan ziren. Duela 14.000 urte inguru izotzak urrundu zirenean, hutsik zegoen Europa erdialdea eta iparraldea bi babeslekuetako jendearekin birpopulatu zen. Gizakia ehizatik eta fruituak biltzetik bizi zen betidanik, baina aldakuntza ikaragarri bat abiatu zen duela 9.000 urte inguru, Neolitikoa deitzen zaion aroan, Ekialde Hurbiletik heldutako jendeak nekazaritza ekarri zuenean. Elikatzeko eraren aldaketak hazkunde demografiko azkarra eragin zuen.

Europa osoan nagusitu zen nekazaritzan oinarritutako ekonomia berria, batzuetan nekazari neolitikoek hartu zutelako jatorrizko ehiztarien bizilekua, beste batzuetan autoktonoak eta etorkinak nahastu egin zirelako, eta beste batzuetan aurretiko populazioaren akulturazioa gertatu zelako, nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritutako bizimodu berria ikasiz.

Europarren aldakortasun genetikoaren koadroan sardiniarrak eta euskaldunak dira besteengandik urrutien daudenak

eta hori beren isolamenduaren eraginez da, geografikoa sardiniarren kasuan eta linguistikoa euskaldunenean. Baina hau ez da partekatzen duten gauza bakarra.

Sardiniarren ezaugarria da Y kromosoma familia berezi baten jabe izatea, I2a1 deitua eta M26 izeneko mutazio zahar batez identifikatua, familia horretako ondorengo guztiek izaten dutena. Sardiniako gizonen % 40 eta Barbagiako (“barbaroen” lurraldea, antzinako erromatarrek esaten zioten bezala) ia erdiak dira kromosoma familia horretakoak. M26 mutazioa oso arraroa da islatik at, baita ondoko Korsikan eta Italiako penintsulan ere, eta ez da existitzen Ekialde Hurbilean, nekazaritza sortu zen lurraldean. Aitzitik, frekuentzia apaletan, I2a1 kromosomak agertzen dira eskualde Atlantikoan, bereziki Euskal Herrian, non %5era iristen diren.

Mutazio komun honek zera iradokitzen du: sardiniarren arbasoak eskualde franko-kantabrikotik helduak direla, ziurrenik izotzak urtu ondorengo birpopulaketaren garaian, banaketa berdina duten mitokondria (emakumeena) lerro batzuekin batera. M26aren ekarleak islara iritsi eta kolonizatu zutenean lurralde osora hedatu ziren, eta kromosoma lerro hau nagusi bihurtu zen “fundatzaile efektua” deiturikoari esker. Etorkinak ez ziren leinu oso jendetsuak izango, kontuan izanda Sardinia elikagaiz urri ibiliko zela, ez baitzeukan ehizarako ugaztun handirik.

Sardiniako biztanleria asko hazi zen nekazaritza eta abeltzaintza nagusitu zirenean, baina I2a1 kromosoma lerroak iraun izanak iradokitzen du ekialdetik etorritako jendeak ez zuela ordezkatu bertan bizi zena (lehen esan dugu kromosoma hori guztiz ezezaguna Ekialde Hurbilean), eta iberiar jatorriko aztarna genetikoak zituen populazio zaharrago baten akulturazioa gertatu zela.

Ezin da herri baten osaera ondo ulertu baldin eta antropologiak, hizkuntzalaritzak, arkeologiak, eta genetikak eskaintzen dituzten datuak elkarrekin gurutzatzen ez badira. Bide horretan Y kromosoma, aspaldiko jatorri komunen arrastoak gordetzeko duen gaitasunagatik, oso tresna inportantea da antzinako migrazioak eta iritsi berrien eta aurretik bizi zirenen arteko harremanak ezagutzeko.

Paolo Francalacci (Genetika Ebolutiboa Laborategiko Zuzendaria Sassari-ko Unibertsitatean)

Oharra: Artikulu hau Juan Martin Elexpuruk bidali digu, berak euskaratu baitu lagun duen Francalacci-ren lana. Horretarako arrazoia, duela hilabete batzuk hemen bertan ere izan genuen eztabaida baten karietara Atapuercako ondorio haiek zirela eta. Ana Galarraga ere aritu zen horretaz Elhuyar-en.

Kontua da orduko eztabaidaren berri eman ziola Elexpuruk Francalacci-ri eta hauxe dela haren erantzuna.

Atapuerca, jatorria, sardinia
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude