Salba daigun LarrabeTZu!

Amumak kartetan, tz gora eta tz behera - Salba daigun LarrabeTZu!

Hiri-kondaira delako baten arabera, bizkaieraz ez ei da TZ ahoskatzen.
Ez dauka ez hanka eta ez buru, Bizkaiko herri oraindik euskaldunetan erraz egiaztatu litekeenez, adin batetik gorako jendearen berbetari arreta apur bat ipiniz gero. Hori bai, zenbat eta gazteago, orduan eta tz gitxiago eta tx/ch gehiago…
Radio Euskadiko zenbait esatarik be, tema handia ipinten dabe tz-ren aurkako izurritea “sabaltxen”. Amumak burue altzako baleu!!!
Horreentzat guztientzat, gida labur bat osatu geinke auzolanean.
Berbarako:
LarrabeTZu ahoskatu behar da, eta ez Larrabetxu edo Larrabechu.
ArraTZu, eta ez Arratxu edo Arrachu.
EnTZun, eta ez entxun edo enchun.
ZuhaiTZa, eta ez suaitxa edo suaicha…
“Animatzen”?

Salba daigun LarrabeTZu!

32 pentsamendu “Salba daigun LarrabeTZu!”-ri buruz

  • Hizkuntzak aldatu egiten dira, eta euskara ere bai. Aldaketa “naturala” bada, berdin dio “animatzen” zein “animatxen”. Sasoi batean eta ere ahoskatzen ziren Bizkaian. Gaur egun, ez.

  • “z” eta “ts” ere, esan nahi nuen.

  • Bai, hizkuntzak aldatu egiten dira, era askotara.
    Batzuek eboluzionatu egiten dute, garatu. Beste batzuk degradatu egiten dira, higatu.
    Zergatik Nafarroako euskaldunberri gehien-gehienek TZ ahoskatzen dute garbi-garbi, baina Bizkaikoek ez?

  • nik ez dakit nork esaten duen hori. Bizkaian ahoskatzen ez dena (edo hobeto esanda, bestela ahoskatzen dena) ts eta z dira, tz eta s bezala, hurrenez hurren.
    Bizkaiko herri batzuetan, dena den, euskaldun zaharrak (baina gazteak) badira tx ahoskerara jo dutenak (bereziki mutilek omen!), Iñakik dioen moduan hizkuntzak aldatu egiten direlako.
    Radio Euskadikoa ez da bizkaiera, española baizik, euskeraz ez dakitenek ahoskatua alegia.

  • Iñakik eta zeuk hizkuntzak aldatzen diralako dala dinozue. Oso errespetagarrie deritzot, baie nik neuk uste dot hizkuntzaren degradazinoaren ondorioz dala, kasu honetan.
    Tz-ren ordez tx erabiltea euskaldunbarrien eskutik etorri da nik uste, beren beregi Bilbo Handiko euskaltegietan eta ikastetxeetan aritutakoen eskutik, baie zabalduz doa Bizkaia osora, tamalez. Eta kontuz gero! Ez nabil euskaldunbarriei ezer ere leporatzen. Oso deigarria iruditu jat beti, Bizkaiko eta Nafarroako euskaldunberrien arteko aldea, ahoskerari jagokonez. Nik ezagutu ditudan euskalduynberri nafarrek ederto ahoskatzen dabe tz. Zergatik Bizkaiko askok eta askok ez?
    Uste dot horretan ardura handie daukagula euskaltegietako eta ikastetxeetako irakasle beharretan aritu garen asko, oro har ahoskerea ez dalako landu izan, edo ez behar legez behintzat. Ganera, Bizkaian tz ez dala ahoskatzen, uste oker zabaldua da oso. Aurreko baten, lagun itzultzaile batek esan eustan, itzultzaile eskolako irakasle (gipuzkoar) ezagun batek ere, horixe esaten eutsela, Bizkaian tz ez zala ahoskatzen!
    Kontua da ikaragarri zabaldu dirala uste eta erabilera okerrak (atzo bertan, Euskadi irratian gazte bat elkarrizketatu eben. Bizkaieraz polito egiten eban, ez bada ze, tz bakar bat be ez zeuela ahoskatu).
    Eta Radio Euskadikoa lotsagarrie da, bertako inor hau leiduten badabil, jakin dagiala.

  • Hizkuntzak, oro har, ahalik eta txukunen erabiltzen saiatzea ona dela iruditzen zait.
    Baina eskerrik asko aspaldiko argazki hori hona ekartzeagatik, amona Frantxiska gogorarazi baitit.

  • Hara! Zeurea Frantxiska eta neurea Pantxike!

  • Bermeo eta Mungia aldean ohikoa da euskaldun zaharrek ere “tx” ahoskatzea Bizkaiko gainerako lekuetan “tz” dena.

  • Ba nik uste dut Bizkaian TZren ordez gero eta gehiago zabaltzen ari den hori ez dela TX garbia, tarteko zerbait baizik.
    Txotxolo esatean TX garbia esaten ez duten bezala. Oso iritzi pertsonala da, baina niri oso desatsegina gertatzen zait.

    Beste kontu bat da azken urteetan TZ galera hori bezala beste gauza asko sartzen ari direla… yeismoa esaterako. Hamarka esatari daude hor zehar (euskaldun “onen” artean ere bai), Urkuyu ahoskatzen dutenak, Urkullu esan ezin eta.

    • Oxandabaratz 2014-01-23 18:09

      Bizkaian Tx horrek ez du Giopuzkoako zonalde batzuetan (eta ez gipuzkeraren eremu osoan, baizik eta batzuetan) duen bustidura hori. Ez dakit atsegina edo desatsegina den, gustoen araberakoa da, baina bustiduraduna bezain tx euskalduna da.

      • Bai bai, badakit TX ez dela berdin ahoskatzen leku guztietan.

        Baina desatsegina egiten zaidan hori ez da bizkaierako TX jatorra, baizik orain gazteen artean zabaltzen ari den tarteko txistukari bitxi hori.

  • Hori ez da horrela. Bermeoko parte batean bazegoen tx-rako joera hori, baina zenbat eta Sollube alderago, orduan eta gutxiago. Hala ere, tx-rako hori orokortu egin da Bermeon ere… euskaraz egiten denean behintzat.
    Ostera, Mungialdean inondik ere ez. Besterik da, Gipuzkeraz tz garbiak diren zenbait hitz, tx ahoskatzen direla bizkaieraz: Gaztelugatx (Gazteluko Haitz), Udalatx (Udal haitz), Haretxa (haritza)…
    Aldiz, etzan, entzun, areetza (hondartza), etzea (etxea), atzoa (atsoa), otzoa (otsoa), lokatza, basatza, lupetza… Horiek eta beste asko tz garbi-garbiak dira Gatikatik Matxitxako puntaraino. Informatu ondo idatzi aurretik, dokumentazioa zeozertarako da eta.
    http://www.bizkaiera.com/euskorofon.htm

    • Oxandabaratz 2014-01-23 17:15

      Oso ondo Iban!!

      Fijatuz gero, konturatuko zinateke, bizkaieraz tx egindako tz horiek (ez direla tz guztiak inondik inora ere) i baten ondoren datozen tz-ak direla “haitza” “hatxa” (“hatxá! ahoskatuz) egiten den moduan, edo haritza “haretza” egiten den modua. Ez da bakarrik tz-ekin egiten z soilekin ere egiten da, adibidez “bixerra”, batuaz edo gipuzkeraz “bizarra” dena.

      Agur!!

    • Guztiz ados, Durangaldean ere euskaldun zaharrek “tz” erabiltzen dute, baita batuan existitzen ez diren berba askotan ere: otsoa -> otzue, atsoa -> atzue.

      Eta ez, “tz” desagartzeko joera ez da naturala, kanpotik eragindako zerbait baizik. Esan nahi dut, gaur egun euskarak ezin du aldaketa naturalik izan, inon ez baitago kanpoko eraginaren menpe egotetik salbu. Papuako tribu isolatu bat bagina, orduan bai izango zirela aldaketa “naturalak” (hori dena delakoa), baina hemen eta orain bi aldaketa “ez natural” ikusten ditut nik: Euskaltzaindiak eta hizkuntza arautzen dutenek barrutik eragiten dizkiotenak, eta kanpoko hizkuntzen ondorioz etortzen direnak.

    • Berriz ere diot: Bermeo eta Mungia aldean ez da batere bitxia euskaldun zaharrek ere “tx” ahoskatzea Bizkaiko gainerako lekuetan “tz” dena. Horren adibideak jasoak ditut Meñakan, Maruri-Jataben, Mungian eta Gamiz-Fikan, guztiak ere euskaldunzaharren ahotan. Nik ez ezik, Iñaki Gamindek ere jasoak ditu -txian eta -txean aditz-izenetan Mungian eta Meñakan (“Bizkaian zehar euskararen ikuspegi orokorra”, 141. orrialdea). Beraz, a) informa zaitez hobeto zeu, edo b) inguru horretako euskara zeuk uste baino zabalagoa da.
      Bestalde, ez da jakitunegi izan behar ikusteko aipatzen dituzun hitz horietan (Gaztelugatx*, Udalatx, Haretxa…) ez dagoela tz bat jatorriz, ezpada -i bokalak eragindako palatalizazio bat. Eta bestalde (2): “entzun”, “etzea”, “atzoa”, “otzoa” eta abarrak ez dira egokienak “jatorrizko” tz-z hitz egiteko, nahiko argia da kontua…

      *Oker ez banago, “Gaztelugatx” ez dator “gazteluko haitz”-etik, ezpada “gaztelu gaitz”-etik. Jakin beharko zenuke, informatu horrek, “gaitz”-ek badituela beste esanahi batzuk, esaterako ‘handi’ eta ‘iristezin’.

      Oraingoan ez duzu hainbeste suerterik izan, informatu xamarra nabil euskalki kontuez.

  • Jon Intxaurraga

    Gipuzkoara etorri nintzenean, bizkaitarrok “s” eta “z” ez genituela ezberdintzen esaten zidaten bertokoek. Hori uste nuen amamaren hizkerari erreparatu arte (amama bizkaitarra daukat). Adibidez, ez du “sarratu” eta “haizea” berdin ahoskatzen, batean “s” eta bestean “sh”ren moduko soinua egiten baitu. Ez dakit nondik datorren uste hori baina nago “bizkaitarra euskara degradatuagoa da” ideia okerratik datorrela.

    Ondo ibili

  • Ni Iban eta bere jarraitzaleekin nago. Markina, Ondarroa, Lekeitio eta inguruetan ez det inoiz LarrabeTSu entzun.

    Bilbon bai. Gran Bilbado ts-ren erreinua da.

  • Olentzero, ez da TS ere, tarteko gauza bitxi bat da.

    Eta ea, besteak, nik ez dut ezer bizkaierak herri honetan edo hartan berezkoak dituen neutralizazioen kontra (Gipuzkoan ere herri askotan gertatzen dira Zren alderako edo Saren alderako neutralizazioak).

    Gazteengan orokortzen ari den joera BERRI bati buruz ari naiz ni. Joera berri horrekin duela urte batzuetako ziklista batekin konturatu nintzen (ez dakit Mikel Zarrabeitia edo beste bat zen). Telebistan entzuten nion bakoitzean pentsatzen nuen nerekiko nola zen posible zaharrek hain ondo hitz egiten zuten herri bateko gazte batek TZ hain horrorosoak ahoskatzea. Eta gero konturatu nintzen zabaltzen ari den gauza bat dela… ez Bizkaiko herri guztietan seguru asko… baina ez Bilbo Handiko euskaldun berriengan bakarrik. Askoz orokortuagoa da.

    Adibidez, Donostian yeismoa orokortzea belaunaldi pare baten kontua da, eta gauza berri bat da. Ez da Donostian txistukarien neutralizazioa bezalako fenomeno tradizional bat.

  • Enekori eta.
    Kontua ez da bizkaieraz tx ahoskatzen ez denik.
    Kontua ez da herri batzuetan edo eskualde bateko baxter batean ez dakit zein erabilera ematen dela.
    Kontua da tz erabat ordezkatua izaten ari dela espainierazko ahoskeraren, uste okerren eta utzikeriaren eraginez.
    Portzierto, Meñakan, Gamiz-Fikan, Jataben eta Mungialde osoan ere, tz ederto ahoskatzen dabe euskaldunzaharrek, tz ahoskatzea egokitzen denean.
    Arazoa ez da tx ahoskatzea egoki denean. Arazoa sortzen da, espainieraren eraginez batik bat, tx edo antzeko zeozer kasu guztietan ahoskatzen denean. Alegia, Larrabetzu, Larrabetzu dela bertan eta Meñakan, Durangon edo Arratian.

    • Kontua da gauza batzuk uste baino konplexuagoak izaten direla hizkuntzetan, eta komeni da bereiztea zer den euskaldunberri batek ahoskatzen duena (oraindik ez duelako ikasi tz behar bezala ahoskatzen, kasurako) eta Mungia aldeko -tx- horiek, berez gainerakoan -tz dagokion lekuetan. Ez dut nik esan -tz ahoskatzen ez denik inguru horretan, ezpada ez dela batere ezohikoa -tz horren ordez -tx entzutea euskaldunzaharren artean. Lehenengo kasuak bai, baina zalantzak ditut espainierak azaltzen ote dituen bigarren horiek. Ez litzateke lehenengo aldia izango berez euskara orokorrean -tz “behar duen” lekuan, “-tx” agertzen dela, Bizkaian bertan begiratu Orozkotik Berangora bitartean sasoi bateko testuetan agertzen diren “honantxa” bezalakoak. Purista jarrita, zergatik ez dugu ts-a berreskuratuko Bizkaian (eta Gipuzkoako zenbait lekutan). Beste batzuen kontsolagarri: Gernika inguruan, ematen du gazteen arteko joera bat dela tx-ak ere tz egitea: “kotzea”, etab. Beste barik.

      • Oxandabaratz 2014-01-24 14:51

        “Kotzea” ez, baina “etzea” pila bat aldiz entzunda nago ni. “Tzakurra” ez ordea. Ez dakit, agina hasierako TX (eta tx-z ari naiz orain , ez ts-z) hasieran bada edo mailegua bada ez da tz egiten

        (Ez naiz ez filologoa ez dialektologoa)

        • Utzi gauzak dialektologo, filologo eta antzekoentzat. “Etzea” oso ohikoa da Bizkaiko alderdi batean, ziur asko hitz edo aldaera horren atzean ts dagoelako, ez tx, jatorriz.

  • Bai, nik ere oso indartsu ikusten dut euskalki berria: “Txetxeniera”.

  • Derio lako herri erdaldundu batean LarrabeTZu ahoskatzen dugu bertako euskaldun gehienok. Erdaraz ari direnek ostera ez dute horrela egiten. Eta etzea, otzoa eta abar ere. Bilbotik 8 kilometrotara.

    Anekdotatxo bat amaitzeko: Gipuzkoako irakasle bat eduki zuen nire lagun batek, Oiartzun aldekoa. Harek esaten zuen bizkaitar euskaldunok dikzioa geneukala, ts eta z eta horrelakoak “ondo” ez ahoskatzegatik.

    Aurreiritzi gehiegi daude gai honetan. Eta horrek behingoz desmontatzea ere bada Bizkaian normalizazioaren alde egitea. Txiri-txiri, baina lotu barik.

  • Eneko, Txerra… Hortaz? Ez da ezer gertatzen ari?
    Ametsetan egin dugu “Aritx Aduriz”, “lokatxa”, “etortxen nais”, edo “Larrabetxu” entzun uste izan dugunean?
    (Hemen ez dago, ez Bilbo handiaren ez bizkaieraren aurkako gurutzada bat, mutilok).

  • Pello Andrearriaga 2014-01-24 18:35

    Iñakik dio: “Hizkuntzak aldatu egiten dira…” dudarik ez, baina, okerrera? Tz eta abarrekin gertatzen ari dena, nire ustez, gazteleraren eraginez, noski, tx, eta ts diren guztiak tx edo gaztelerako ch bihurtzen ditugula. Gazteleraren eragina ez bakarrik honetan, beste askotan ere eragiten digu, adibidez, euskaraz mila ta (eta) berrehun esan beharrean, orain mila berrehun esaten dugu, bi eta hamar esan beharrean, bi hamar, gazteleraz mil doscientos eta ez mil y doscientos, eta dos diez eta ez dos y diez esaten delako. Honetan ere, hizkuntza aldatu egiten da, baina, euskararen jatortasunaren kaltetan. Agian, orain beste egoera batean gaudelarik, eta, berriro esaten hasiko gara, juntagailu bezala, noski.

  • Ez dakit nola neurtzen den hizkuntza bat onerako edo okerrerako aldatzen den. Ez dakit “ts” > “tz” bihurtu izana eta “z” > “s” bihurtu izana ona edo txarra den. Ez dakit nola neurtzen den hori eta ez dakit nik gaztelaniaren eragina izan den. Bada liburu bat, “Language change: progress or decay” izena duena. Beharbada lagungarri izango zaio baten bati. Era berean, ez dakit zergatik kritikatzen den, erderakada dela salatuta, euskaldunberrien “tx” hainbeste, hori kritikatzen duen berberak aldaketak “eman” egiten direla lasai-lasai idazten duen artean.
    Bestalde, ez dakit zeri deitzen diozun “euskararen jatortasun”, ez dakit noiz izan zen euskara “jator” eta noiz utzi zion “jator” izateari. Behin Txorierriko gizon bati entzun nion Koro Navarrok itzulitako R. Carver-en ipuin batzuetako euskara ez zela “jatorra”, ez zuela “Txorierriko euskararen muina islatzen”. Ez dakit batzuk ez ote diren jatortasunaren mito aspaldikoan.
    Ikusten duzu zalantzaz beterik nagoela. Argi dudan bakarra da orain dela bost minutu mungiar batek esan didala: “gero lotxean espagara, ondo ibilli biher sagardotegien” 😉

  • Pello Andrearriaga 2014-01-24 19:07

    Ez dut nik, zuk aipatzen duzun liburua irakurri, lehenengo eta behin inglesez ez dakidalako. Beste aldetik, behar bada, liburu hori oso interesarria izango da, ez dut dudarik egiten, baina, pentsatzen dut, eta nire iritzia besterik ez da, inglesarentzat edo gaztelerarentzat ona izan daitekeena, agian, eta agian bakarrik, ez dela ona euskararentzat. Beste aldetik, ez naiz ni sartu euskaldun berriekin, nik dakidala behintzat, gazteleraren eraginari egin diot aipamena, eta zuk, gaztelerak guregan ez duela eraginik pentsatzen baduzu, ongi, ez da ezer gertatzen, ez da zertan haserretu behar. “Jator” hitza dela eta, behar bada, ez zen egokiena, hori etorri zait behatzetara eta hori idatzi dut, kendu, eta norberak jarri dezala gehien gustatzen zaiona, bestela kendu eta kitto.

  • Jakin Tsuekilan 2014-01-24 19:15

    Euskarari es saio eser gertatxen. Ebolusionatxen dago, modernisatxen. Adaptatxen denbora berrira.
    Baña puristak dena isorratxen dusue. Suek ser dakisute ona ser da eta ser da txarra?
    Atxo Meñakabarrenan egon nintxen, eta batek esan sidan. Eh, pringao, págate un surito!
    Morfema ta leksema ta sudurkari gustiak bueltalaire!
    Ori es da jatorra, oké(ase)? Eta da betiko de Meñakabarrena, eh!

    • Entropia koloniala da, ez besterik.
      Bi irtenbide:
      edo negentropia estatala,
      edo bero-heriotza.
      Erabaki dezala norberak.

  • fermin morrokozoko 2014-01-25 09:45

    ‘Etze’ mendebaldean ahoskatzea, berezko joeraa izan da, ‘etse’ dela pentsaturik, hauxe omen baita jatorrizko modua; horrela, halaber, ekialdeko Ahuñamendiko ibarretako deituraren bat duzu, gaztelandurik, ‘Eseverri’, eta joko nuke ‘Esáin’ ere baietz. Ekialdean ‘etse’ ere mantendu da. Eta euskara ona da, koanto. ‘Etze’ hori, joera fonetiko dialektala da, eta ez da euskaratik kanpokoa. Ezin da arbuiatu, mezprezu prepotente enorantez.
    Orokortuz, ‘ts’ direnak ‘tz’ ahoskatzea beti ulertu dugu mendebaldeko euskal joera bat zena.
    Halere, nik joko nuke Bizkaiko toki batzuetan ‘ts’ lege bat entzun dudana, ‘tz’ ez zena, ‘tz’ ahoskatzen zekitenen aldetik. Beraz, ez legoke galdurik, beren euskalkian, eta ez galtzearen alde gaudenok, berreskuratzea hobetsiko genuke, ezta?
    Orain, ‘tz’ dena, ‘tx’ ahoskatzea, ez da hain zaharra, eta gainera gehiago egiten da ‘ch’. Behar bada azpieuskalki oso zehatz batzuetako joeraa da, baina aunitzez gehiago ere hizkuntzaren endakaze fonetikoa da. Izan daieke argot baten ezaugarria, baina niri toxikoa iruditzen zait, eta damu dut gazteek errebelde izateko ohituraa horrela ahoskatzearen aldetik bideratzeaz, zeren-eta errebeldea izatea ahalegineen alderat eginez, bapo, baina errazkeriaa eta atxakiaren alderat eginez geroz, kontu handia eta aski guti gehiago.
    Herri honetan hainbatetan bezala, hizkuntza zuzenaren alde egin behar litzateke herrikoiki, pedantekeriarik gabe, baina aktiboki, bestela anabasa eta entropiarako jaidura izigarria baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude