Produkzioaren mundu zatiketari buruzko galderak

Produkzioaren mundu zatiketari buruzko galderak –

Gehiegizkoa litzateke erraitea globalizazioa pandemia honen hobendun bakarra dela.

Izan ere epidemiak betidanik izan dira eta etorkizunean izanen seguraz ere.

Produkzioaren mundu zatiketari buruzko galderakHala ere ohar gaitezke megapolo handi horiek eta haien arteko komunikazio errazek eta ugariek, dela lanerako, dela aisialdirako, badutela zer ikus epidemia honen hedapen lasterrarekin eta hari aurre egiteko eragozpenekin, masken eskasiak sortutako tragi komedia eredugarri da.

Birusa hau den baino gaitoagoa izan balitz, aise imagina ginezake desastrea pairatzen dugu hau baino oraindik handiagoa izan litekeela. Sarraski bat.

Munduko estatuetako gehienek berek gogoetatsu dirudite eta artetan uzten dute eskapatzera hau bezalako aitorpen prudent batzu : «honen ondotik mundua ezda aurrekoa bezala…».

Berriki aditzen nuen ekonomista bat, Dominique Meda, erraiten, eta nahikoa ados naiz harekin krisi honek erakutsi zuela Herrien atzerriarekiko dependentzia ekonomikoa, batez ere Txinarekiko dependentzia ez zela arrazoizkoa. Hots oraiko produkzioaren zatiketa oso danjerosa zela.

Gauzak gehiegi ez sinplifikatzeko, aurretik derragun erantzukizun maila desberdinekin enpresek, estatuek eta kontsumitzaleek denek parte hartu dutela eromen kolektibo horretan.

Enpresek, lehenik, herri arteko konkurrentzia bortitzak eraginda, beren produkzioen kostua behar zuten tipitu «kostarik kosta» barru eta kanpoko merkatu libre eta idekietatik ezeztatuak ez izaiteko.

Kontsumitzaileek pozik ikusten zuten behar oinarrizkoaren prezioa beheititzen eta gaineratekoaren erosteko ahalak hobetzen. Pentsa ginezake adibidez hemen usu aipatuak izan diren opor urrun eta exotikoak. Artetik erraiteko, ahanzten zuten lanari buruzko ondorioak Herrian.

Estatuei dagokienez, izatez azkenean nahi dutena da bizirautea eta politikariek nahi dutena da boterean egoitea. Horrengatik, biek ala biek ez zuten ez kapazitatea ez nahia ez adorea ere uholde horren kontra egiteko.

Kontziente izan behar gara, globalizazio hura limita arrazoigarrien artean mantentzea erronka beharrezkoa bezain erraldoia izanen dela. Euskaldunek besteek bezala unibertsal pentsatu behar baldin badugu, guziz gure Herrian ekin behar dugu. Ez da beste soluziorik.

Txapa honen ondotik, oraindik zilegi bada, giroa piskabat alaitzeko, anekdota eredugarri ugari daude. Frantziako hainbat ospitale pleini dira baizik Txinari komandatu zituzten maskarak amerikar lotsagabe batzuek han bertako airoportuetan Amerikara desbideratu zituztela beraiek proposatu zutena baino hiru aldiz gehiago ordainduz. Denbora berean ikasten zen Norvegiako bidean Frantzian geldialdi bat egin zuen maskaz beteriko hegazkin bati Administrazioak bahitu ziola «illico presto» kargamenduaren erdia.

Gero Herri arteko «egoismo» horrek ez gaitu sobera balditu behar, Frantziako ospitaletan beretan eta bideetan maskak lapurtzen dira hain alegeraki nun poliziako komando bereziek hegazkinetik jaistean beren gain hartu behar duten masken garraioen zaintzea.

Pentsatzen dut denak ari garela gure buruari hazka eta galdezka: zer ikaspen eta zer xede atera ginezake gertakari honetatik Euskal herriarentzat?

Beharrezko produktu industrialen burujabetzari buruzko gogoeta bat hasiko delako esperoan, txalo ditzagun azken urte hauetan goitikako ekimena goaitatu gabe elikadura burujabetzarako lan egin duten gure nekezariak eta erosle zintzoak.

Produkzioaren mundu zatiketari buruzko galderak

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua