Hirukaren Film Labur lehiaketa, etxean sartuta leihotik begira

Hirukaren Film Labur lehiaketa, etxean sartuta leihotik begira –

Konfinamenduan gauden honetan asko izan dira han eta hemen sortu diren ekimen interesgarriak. Hirukak antolatu duen Film Labur Lehiaketa izan da horien artean arrakastatsuenetakoa. Aurreneko astekoan, “Herriwatch” izan da garailea.

Uribe Kostako hedabide euskalduna da Hiruka, eta honela aurkeztu zuen ekimena itxialdia ezarri eta gutxira: “Aspertuta? Egin bideoa etxean eta irabazi sari ederrak! Bai, badakigu, ez duzu egun osoa kirolean emango, hori ere ez da ona. Horregatik, beste proposamen bat dakarkizugu: etxean grabatutako film laburren lehiaketa. Lasai, mugikorragaz (edo gura duzun legez) grabatutako edozer gauza xumek balioko du, hau ez baita Hollywood (hau askoz hobea da!)”.

Bi sari izango ditu lehiaketak -sekretupean direnak!-, bata komunikabideak berak hautatutako lan onenari, eta bestea lanik ikusienari. Eta parte hartzaileak, zeinbait  baldintza: Lanek asko jota 5 minutuko iraupena izan behar dute, berbarik entzutekotan euskaraz izan behar da, eta gaia librea izan arren, pieza guzti-guztietan komuneko papera agertu behar da. Adarra jotzen bukatzeko, hitz tabu bat ere jarri dute baldintzen artean: Koronabirus.

Lehiaketa astero egiteko asmoa dute Hirukan -konfinamenduak iraun bitartean?-, eta jada eman dituzte ezagutzera lehen asteko irabazleak. Jasotako zortzi lanen artean, “Herriwatch” izan da epaimahaiaren saria jaso duen pieza, baita film laburrik ikusiena ere. Horregatik, bigarren sari hau, ikusienari ematen zaiona, bigarrenari ematea deliberatu dute: “Berriz” izeneko ikus-entzunezkoari.

“Herriwatch” film laburrak 90. hamarkadako telesail ospetsu bati egiten dio keinua, “Baywatch” izenekoari, non Santa Monicako hondartzain lerdenak ageri ziren, Kalifornian. Honakoan baina, balkoietatik zelatan dauden herritarrak dira protagonista.

Hirukak irekia du jada bigarren asteko lehiaketa, eta lanak jasoko ditu datorren osteguna bitarte foto@hiruka.eus helbidean. Ea ba, bizi ibili!

Hirukaren Film Labur lehiaketa, etxean sartuta leihotik begiraHirukaren Film Labur lehiaketa, etxean sartuta leihotik begira

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude