Politikari abertzaleak eta Borboiak

2127779_640pxGaritanok ongi-etorria egingo lioke Espainiako printzeari, “borondate eta errespetuarekin baletor”… Gipuzkoako Aldundia ez da Basque Culinary Centerren inauguraziora joango, Espainiako printzea izango delako…  Espainiako erregea Amaiurrek talde propioa izatearen alde dagoela esan du koalizioak. Gaur eguerdian bildu dira Amaiurreko ordezkariak Juan Carlos I.a Espainiako erregearekin… Bildu ez da joango Gasteizko “Green Capital” festara Estatu espainiarreko erregina gonbidatu dutelako…
Garitanok ongi-etorria egingo lioke Espainiako printzeari, “borondate eta errespetuarekin baletor”…….Gipuzkoako Aldundia ez da Basque Culinary Centerren inauguraziora joango, Espainiako printzea izango delako…….Espainiako erregea Amaiurrek talde propioa izatearen alde dagoela esan du koalizioak. Gaur eguerdian bildu dira Amaiurreko ordezkariak Juan Carlos I.a Espainiako erregearekin… Bildu ez da joango Gasteizko “Green Capital” festara Estatu espainiarreko erregina gonbidatu dutelako…
Euskal komunikabide desberdinetako titularrak dira guztiak. Azken hilabeteotan jasoak. 

Kontraesankorrak?
Gaur bertan (ia) nahigabe entzundako elkarrizketa bat laburtuko dut segidan, trenean zihoazen bi lagunen arteko berriketa. Batak zioen ez zuela ezer ulertzen, nola izan zitekeen posible batzutan “normaltasun politiko eta garai berrien adierazle” bezala aurkezten dizkiguten topaketak, hurrengo egunean onartu ezinezko argazki bihurtzea, herri honen ukazioaren sinbolo nagusi den sendia batekin biltzea eskandalagarria dela iritziz. Besteak aldiz, zera zioen, dena marketing ariketa kalkulatua baino ez dela, Garitanok printzearen etorrera bezperatan egin adierazpenak salbu, gainontzekoak baduela zentzua. Garitanok hanka sartu zuela, baina Gipuzkoako diputazioak berehala zuzendu zituela haren hitzak, ezker abertzalearen jarrera argi adieraziz: espainiar erret familiarekin biltzea zilegi eta probetxugarria da, baldin (eta soilik baldin)  topaketa Euskal Herritik kanpo denean.  Garai berriak direla erakusten duen argazkia ei da hori, ziklo berri baten hasiera erakusten duena. Aldiz etxean ezin ongi etorririk egin borboiei, hemen erresistentzia irudi bat ematea komeni delako.
Baliteke arrazoi izatea bigarrengo lagunak. Ez dut uste ezker abertzalearen baitan tokian tokiko eta garaian garaiko hautetsiek erabaki beharreko zerbait izango denik borboiekin hartu beharreko jarrera. Izango da noski aurrez erabakitako jokamolderik.  Dena dela ere, bada eztabaidarako gaia. Batzuk esango dute kontraesankorra dela kokapenaren araberako jokaera aldaketa hori. Beste batzuk aldiz defendatu egingo dute. Eta izango da politikari abertzaleak borboiekin inoiz ez biltzea dela onena pentsatuko duenik ere.
Niretzat azken hauek defendatzen dute jarrerarik kontraesankorrena. Behin espainiar erakunde denak onartuta, behin erakunde horietan parte hartzeko hauteskundetara aurkeztuta, eta behin erakunde horietan egonda, zer garrantzia du argazki batean borboiekin azaltzeak? Euskal lurralde okupatuetako kudeaketa administratiboan kolaboratu ostean, eta okupazio hori finantzatzeko zerga bilketan inor baino zorrotzago jardun ostean hamaiketako batera ez joateak loa galeraziko diolakoan borboiari?
Martxelo Otamendiri entzuna diot berak ez duela sekula erosten espainiako loteriarik, ezta gabonetan ere. Eta lagunek harrituta zergatia galdetzean Intxaurrondoko kaserna diru horrekin berritzen eta haunditzen dutela erantzuten omen die.  Noski, kontraesankorra ikusiko du torturak jasan ostean besteak besteIntxaurrondoko kaserna berritzeko erabiliko den diru bilketa batean borondatez laguntzea. Ba borondatez espainiar erakundetara aurkeztu ondoren, erakunde horiek denak sortzen eta finkatzen berebiziko garrantzia duen armadaren burua eta haren sendiarekin publikoki azaltzeari uko egiteak ez du logikarik.  Kontraesan hutsa da.
Mingarriagoa suerta daiteke baino koherenteagoa da ezker abertzaleko hautsetsiak borboiekin egotea ez egotea baino.
Barka nazatela…treneko bi lagunek.

3 pentsamendu “Politikari abertzaleak eta Borboiak”-ri buruz

  • Treneko lehen lagunak:

    Orain ulertu dut:

    Futbola edo saskibaloia, tenisa edo atletismoa, Espainiako selekzioaren izenpean egiteak dakar inperioaren banderapean eta ereserkia entzunez, desfilatu, argazkietan azaldu, dominak jaso eta abar egin beharra.
    Espainiar hauteskundeetan parte hartzeak dakar, ezinbestean, okupazioaren ordezkaritza administratibo bat besterik ez diren erakundeetan zintzo jokatzea, inperioaren lanak txukun egitea. Erakunde horietan, bandera espainiarra jartzea ez omen da arazoa. Espainiak baimendutako jarduera leiala besterik ezin daiteke jorratu. Ezin dira etsaiarentzat kaltegarriak suerta daitezkeen ekimenik sustatu. Ezin da independentzia aldarrikatu. Espainiako konstituzioaren aurka doan ezer ezin daiteke egin. Eta Madrilen kokatuta dagoen erakunde nagusian, ezin da talde parlamentariorik “lortu” ere, “etsaiak” nahi ez badu.
    Hori guztia koherentea eta logikoa bada inperioaren sisteman sarturik, nola izango da ba inkoherentea eta kontraesankorra inperio horren agintari gorenarekin nonahi biltzea/argazkietan azaltzea – desfilatzea, behar bada –?

    Bigarrenak:

    Arrazoi duzu.

  • Ni, egokiena borboiekin inoiz ez biltzea dela pentsatzen duenetakoa naiz.
    Ainhoa, badirudi zuk ez dituzula espainiar erakundeak onartzen.
    Zuk salatzen duzun kontraesana onartuko nuke galdera honi “ez” erantzungo bazenio:
    Zure eguneroko bizitzan, lanean, tabernan, burokrazia kontuetan, erosketan egiten, bidaiatzen… indarrez edo behartuta ez bada, ez duzu inoiz españako erakundeekin kolaboratu edo haietan parte hartzen?

  • Ainhoaletamendia 2012-02-09 17:39

    Ba ezingo duzu onartu kontraesana: inoiz espainiako loteriako partizipazioren bat erosi izan dut adibidez…eta ziur adibide gehiago ere baditudala.

    Baina konparagarria deritzozu? Batzuk ogibide bilakatu dute kolaborazio hori, gainera denoi eskatzen digute kolaboratzeko bozka eskatuz, eta hori gutxi balitz etsaiari lana aurrezten diote zerga bilketa bere izenean eginaz.

    Baina gero hamaiketako bat egiteko borboien ondoan ez, horretarako ez daude prest.

    Nahiago nuke alderantziz balitz, kolaborazio bakarra inaugurazio eta sari banaketetan emango balitz…