Politikaren doinuan

Politikaren doinuan

Politikaren doinuanHauteskundeen harira, egunotan EAEko alderdi politikoetako ordezkariak elkarrizketatu dituzte Bidebieta Irratian. Alta, musika ardatz duen hedabidea izanda, beste irratietan ez bezala, ezohiko kontuez galdetu diete; musikaz.

“Nos pone” izeneko elkarrizketa sortan, hamarna kanta emateko eskatu diete Borja Sémper (PP), Eduardo Maura (Ahal Dugu), Patxi López (PSE) eta Arnaldo Otegi (EH Bildu) gizonezko politikariei.

Kantu bakoitzak galdera bati erantzuten dio; eta batzuetan itaun berdina egin diete lauei. Bakoitzak bere aldetik emandako kantuen berri emango dizuegu jarraian, nahasian eta 10 kantuko bideo laburpena eginda.

.

Hamar kantu

Egunotan zer entzuten duten galdetuta, lau politikariek bogan diren taldeak hautatu dituzte, eta anglosaxoiak, Sémperrek ezik: PJ Harvey Maurak -Primavera Sounden ikusi berri du-, Shearwater Lópezek, Mumford & Sons Otegik -semearen gomendioa omen- eta Belako talde mungiarra Sémperrek, “ozen”.

.

Berrikuntzen ondotik, bakoitzari oinarri-oinarrizkoa duen klasiko bat aipatzeko eskatu dio Bifm-k politikari bakoitzari, eta Sémperrek Joaquin Sabina aukeratzen duen bitartean, ingelesez abestutako kantuak hautatzen dituzte beste hirurek: The Smith-en I Know It´s Over Maurak, Deep Purple-ren Smoke on the Water Lópezek eta Bob Dylan-en Like a Rolling Stone Otegik, “musika ezberdin bat Frankoren diktadurapean ginenean”.

.

Euskadiko edo Espainiako egungo egoera politikoa definitzen duen kantua hautatzeko ere eskatzen zaie lau elkarrizketatuei -Otegiren kasuan, “de Euskal Herria”, diotso kazetariak-. Hona erantzunak: Ken Zazpiren Zapalduen Olerkia hautatzen du elgoibartar abertzaleak, Super Furry Animals-en The Man Don´t Give a Fuck Ahal Duguko bilbotarrak eta Andrés Calamaro-ren La libertad irundar popularrak. Gariren Esperantzara kondenatua da portugaletetar sozialistaren hautua.

.

Elkarrizketatu guztiei amankomunean egindako azken galdera berotu edo kitzikatzen dituen doinuei buruzko da. Izkin egin eta “norekin entzuten ditudan arabera” dio Maurak. Lópezek, bere aldetik, Bruce Sprinsteen aukeratzen du, zuzeneko kontzertuan; Leonard Cohen-en Le partisan Otegik eta Beyoncé Sémperrek, “…duen indarragatik”.

.

Ahal Duguren Bizkaiko Zerrendaburuak U2 taldearen Pride (In the Name of Love) hautatuko luke alderdiaren sintonia gisa, alderdi kideen artean elektrocumbiak indar handia duela aitortu arren; Bomba Estéreoren Fuego izan ei dute kanturik dantzatuenetakoa.

.

Eduardo Maura musika zale amorratua da. Patxi López eta Borja Sémper bera bezain indie-ak direla adierazi diotenean, 90eko talde andana aipatu ditu, eta bereziki, beste biengandik desberdintzeko, Slint taldearean “Spiderland” diskoa; “ez dut uste bi horiek gustuko izango dutenik, nik bezala”.

.

Lehendakari izandako Lópezek Lori Meyers-en Alta Fidelidad eskainiko lioke Espainiako lehendakari Mariano Rajoy popularrari; eta Amaral-en Ratonera Otegik. Atseginagoa da Borja Sémper alderdi kideak egin dion aukeraketa, Leon Benavente-ren Ánimo valiente.

Sémperrek, gainera, onartzen du politikoki berarengandik oso urrun dauden musikari asko gustatzen zaizkiola, eta zaletasun aitorrezinen artean onartzen du Enrique Iglesiasen musikarekin dantzatu izana!

.

Patxi Lópezek, Los Planetas-en La veleta aukeratu du horrenbeste aipatzen den Podemos-en sorpassoaz galdetu diotenean, eta Sémper bezala, atseginago agertu da alderdi kideekin; Pedro Sánchez-i Vetusta Morla-ren Valiente jarriko lioke.

Sozialistak indarberritu eta suspertzeko, berriz, Dj lanak bete zituen Eduardo Madinaren ezkontzan jarri zuen lehen kantua aukeratu du, Radio Futura-ren Divina.

.

Arnaldo Otegik Hertzainak taldearen No Time For Love kantuan aurkitzen du kartzelan igaro dituen urteen oihartzuna. Musikalki zaletasun aitorrezinik ez duela esaten du, eta frantsesa berreskuratzen lagundu dion talde baten kantu bat gomendatzen du, Zaz-en Je Veux.

.

“Zure burua Lehendakari ikusten duzu?” ere galdetzen diote elgoibartarrari, EAEko hauteskundeak hurbil ditugula gogoratuta. Eta aukerari kantua hautatzen dio politikari abertzaleak, Negu Gorriak taldearen Gora herria (* bideoan Fermin Muguruza eta Xabi Solanoren ahotsean).

Politikaren doinuan / Politikaren doinuan / Politikaren doinuan
Arnaldo otegi, Bidebieta Irratia, Borja Semper, Eduardo Maura, hauteskundeak, kantuak, musika, Nos Pone, Patxi López, politikariak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude