GerilaTV (PKK telebista)

GerilaTV

GerilaTVTeknologia berriek informazioa kontsumitzeko manerak aldatu dituzte (iepele, biba hi Zuhaitz, penizilina aurkitu duk, hi haiz hi eruditua!). Lehen kalitate jakin bateko irudiak galdegiten genituen, kamera operario profesionalek kamera profesionalekin grabatutakoak; baina duela urte dezentetatik hona mugikorrekin hartutako irudiak heltzen zaizkigu munduko edozein txokotan azken uneko albistea helaraziz, eta gainera, urtetik urtera, irudi horiek geroz eta kalitate hobea daukate.

Une honetan mundu berri baten nahia eta gosea daukan edonorentzako toki interesgarrienetako bat da Kurdistan. Biziraupenaren alde borrokan aritzeaz gaindi, maila askotan ematen ari da iraultza, muga pilo bat (fisikoak, politikoak edo erlijioarekin lotutakoak) hankaz gora jartzen ari dira, eta frontean zein atzeguardian herri oso bat ari da orainaldi eta etorkizun berri eta hobe bat eraikitzen.

Kurdistan eta teknologi berriak batu ditut, beraz, gaurko idatzian. Herri kurduaren fronte militarretako bat turkiar estatuaren aurka da, eta horretan dabil buru-belarri PKK mugimendua. Komunikazioa ere ez dute bazter batean utzi nahi izan, eta GerilaTV youtubeko kanala sortu dute. Edukiei begiratu eman ostean, bereziki beren herriari zuzendutakoa dela deritzot, normala den bezala: elkarrizketak, gudariak abesten edota dantzan, entrenamenduetako irudiak…

Baina ikusgarriena armada turkiarrarekin dauzkaten talken irudiak dira. Bideo hauek grabatuz beren gaitasun militarra erakutsi nahiko diote beren herriari, informaziorako baino propaganda arma bezala, baita morala igotzeko ere. Kontua da, niri behintzat, surrealista egiten zaidala gerrillariak GoPro kamarak jarrita joatea borrokara, baina hori ere gertatzen ari da. Bideo joko bat bailitzan.

Niri behintzat eskemak apurtzen dizkit: nire etxeko egongelan pijaman nagoela Kurdistaneko Qandil mendietan egunean bertan edo bezperan egon den bataila bat gerrillari baten ikuspegitik ikustea. Balio erantsirik ez zaio falta, ezta?

GerilaTV GerilaTV GerilaTV GerilaTV GerilaTV GerilaTV
GerilaTV, gopro, komunikazioa, Kurdistan, PKK

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude