Pitzadura

Titulua irakurrita (edo adituta), baten batek pentsatzen ahalko luke gaurkoan buruan dudan pitzaduraz mintzatu behar dudala, baina ez, bertzelako pitzadurak hartu nahi ditut mintzagai: errealitateko arrakalez egin nahi dut solas, hari noizean behinka igartzen dizkiogun zirrituez, hanka azpian dugun errealitatea hain gotorra ez dela ikusarazten diguten zartadurez.

Nire obsesioari kutsu literarioa eman nahiko banio, Bioy Casaresen La trama celesteko ipuin batzuk aipatuko nituzke (“En memoria de Paulina”, “El otro laberinto”), baina egia xumeagoa da: ordenagailu baten inguruan piztu ziren nire lehen susmoak. Bitxia baita ordenagailuak beti trabatzen direla beldurra dien lagun bat hurbiltzen zaienean. Tarte batez, informatikan aditua den eta beraz ordenagailuetan sinesten duen norbait lanean aritu da, normal-normal, Word-en edo Open-officen edo Interneten edo zernahi programatan; baina konfiantza falta duen norbait makinaren aitzinean jarri bezain fite, programak edo nabigatzaileak edo ordura artio ongi ibili den delako horrek funtzionatzeari utzi dio. Trebezia falta, erranen du listoren batek. Baina, eta fede falta balitz? Informatikako zera guziek gure fedeari esker funtzionatuko balu? Ordenagailuak hutsik balira, motorrik ez balute, eta bakarrik funtzionatuko balute guk funtzionatu behar dutela sinesten dugulako? Erosteko grina aski balitz Amazonen eskaera bat egiteko, eta hariaz bertzaldean saltzeko gogoa nahikoa balitz gure eskaera hori jasotzeko? Komunikatu behar hutsak gure emailak lagunen posta elektrikoraino ailegaraziko balitu? Matxurak gure zalantzen ondorio balira, eta teknikariek zerbait konpontzeko planta bertzerik eginen ez balute, gure konfiantza bere onera ekartzeko? Hitz batean: dena konspirazio baten efektu hutsa balitz?

Hala balitz, jakina, informatika ikasi dutenek horren berri izanen lukete, konspirazioaren partaide liratekeelako: berriki, nire lagun informatikari bati nire teoria hau azaldu nion, baina, espero izatekoa zen bezala, dena ukatu zidan (onartu izan balu, naski akabatu beharko zuten, badakizue, haiek). Egoera ulertu nuen: naski guri begira daude. Paper batean, beldurrik ez izateko idatzi nion, eta hitzekin aitortu beharrean, keinu bat egiteko. Adibidez, begi bat kliskatzeko. Une batez, begiak zabal-zabalik zituela begiratu zidan (ni ero banintz bezala), baina, minutu baten buruan kliska egin zuen (halere, egia aitortze aldera, ez dakit begiak hetsi zituen niri arrazoia emateko, edo ordurako hazgalea jasanezina zelako).

Larriena da informatika munduan aurkitu dudan eredua (tira, aurkitu uste dudan eredua, baina nahiko seguru naiz) errealitate osora zabaldu zaidala azken bolada honetan. Errealitate deitzen dugun hori arrakalaz betea baitago, baina pitzadura horiek geronek estaltzen ditugu, ia-ia ohartu gabe. Lehenbiziko zantzua azterketa batean izan nuen. Etsaminak bildu eta, zerrendan 130 ikasle genituen arren, 131 azterketa zenbatu genituen; berriz zenbatu, eta orduan bai, kontuak atera zitzaizkigun: 130 azterketa. Azalpena, azalpen arrazionala erran nahi baita, berehala eman zuen batek: gaizki zenbatu ditugu lehenbiziko aldian. Eta bi alditan zenbaketa ongi egin izan bagenu? Eta errealitatea (edo demiurgoa, edo dena delakoa) distraitu izan balitz, eta zirritu bat agerian utzi izan balu, bigarren zenbaketan estali zuen zirritu bat hain zuzen ere? Bistan da: gure azalpen arrazionalaren bidez, errealitatearen huts egite hori disimulatzeko narrazio txiki bat asmatu genuen (lehen zenbaketa gaizki egin dugu; bigarrena, ongi), baina esplikazio hori a posteriori da: nor ausartuko da erratera lehen zenbaketan benetan ez zirela 131 azterketa?

Eta narrazio horiek etengabe asmatzen ditugu, gure mundu hauskorrari kontu egin ahal izateko: giltzak galdu ditugu; ordubete eman dugu haien bila, eta, bat-batean, sukaldeko mahai gainean harrapatu ditugu; alta, hiru aldiz begiratu mahai horretan, baina ez ditugu ikusi; azalpena –gure mikro-narrazio hori– berez heldu zaigu burura: beti egon dira mahai horren gainean, baina gu ez gara konturatu, behar adinako arretarik jarri ez dugulako; eta egia kontrakoa balitz? Errealitateko akats baten ondorioz giltzak benetan desagertu izan balira, eta azken mementoan munduan kontrolatzen duen deabruak agerrarazi izan balitu? Ez naiz adibideetan luzatuko, baina benetan uste duzue etxeko tresnak –interferentziak dituen telebista, ezin sintonizatuz gabiltzan irratia– bi kolpe emanez konpontzen direla?

Auskalo zer den gure mundutzat dugun hori. Batek daki begiekin ikusten dugun azal distirant horren azpian zer dagoen. Beharbada, tenoreak ere nahasiak daude. Horren froga Twitterren dugu. Hor badabiltza gure garaikoak ez diren hainbat pertsonaia. errate baterako, Carlos Salvador UPNko parlamentaria: legionarioei animoa ematen die, 30eko hamarkadan bageunde bezala; Guardia Zibilarekin ageri da argazkietan, harro-harro, Primo de Riveraren diktaduraren garaiko kutsu nabarmena duten irudietan; eta proposamen xelebreak egiten ditu, hala nola abortatu baino lehen, emaztekiek fetuaren argazki bat ikusi beharko luketela, nahitaez. Baten batek pentsatuko du iraganeko mamua dela, errealitate baten zirritutik gure orainaldira etorria; baina ni izutua nago, munduan indarrean dauden joerak ikusita –Frantziako politika xenofoboa, Errusiako homosexualen kontrako legedia, Espainiako jarrera Kataluniako aferan– beldur bainaiz ez ote den etorkizun hurbileko heraldo bat izanen, errealitateko arrakala batetik esperoan zer dugun iragartzera igorria…

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

2 pentsamendu “Pitzadura”-ri buruz

  • Santi, zuk aipatzen dituzun arrakala horiez pentsatzen ibilia naiz bizi osoan, neure buruaren kontzientzia izaten hasi nintzenetik, egia esan, duela urte asko eta asko. Hala ere, hala ere, tentuz ibili naiz zer, nori, nola, non eta noiz kontatu, badaezpada ere. Dena “haiek” ez nazaten deskubritu, jakina, zeren eta ongi baitakizu haiek ez direla txantxetan ibiltzen halako gauzekin… Deskubrituak izan direla ohartu bezain laster, ez dute atsedenik hartzen mozorroa desestali diena ehizatu eta gupida izpirik gabe akatu artean. Garbi. Kontua da zure idazkia irakurritakoan halako lasaitasun gozo batek hartu nauela goitik behera; azkenean, ene barruan horren gorderik neuzkan hastapenetako susmoak -denboraren poderioz erabateko konbentzimendu bilakatutakoak- zure hitzetan horren ongi ispilaturik ikusteak ilusioz, adorez piztu nau. Haurride bat, azkenean! Telefonoa hartu eta zurekin harremanetan jartzeko puntuan egon naiz, ez dakit ba, zu, ni eta gure modukoak bilduz joan eta nolabaiteko elkarte sekretua osatzeko, armak lortu eta “haien” kontrako erresistentzia antolatzeko. Nor naizen, non bizi naizen, nire datu guztiak eman behar nizkizun horretarako. Hala ere, hala ere, hasierako beroaldiei eta bulkadei eusten ikasi nuen aspaldi, eta horregatik, zure idatzi horrek niretzako amu bat, tranpa bat gorde zezakeelako susmoa gorpuzten hasi da ene barruko muinik intimoenean, eta supituan, susmotik konbentzimendu osora dagoen bidea osatu da. Ez, Santi, ez, argia zara, aztia zara, baina oraingoan behintzat ez nauzu harrapatuko. Badakit “haietako” bat zarela, amarrurik sotilenen bidez ni erakarri nahian zabiltzatela, baina gaurkoan jai duzu(e) nirekin. Sugeak bezala, segi zuen pitzadurara. Kostako zaizue, kostako zaizuenez, benetan izpiritu libreak garenok garaitzea.