Twitterreko argazkiekin dena libre?

Egunkarien azalean dago: Berrian, El Correon, El Mundon eta La Razonen. Twitterren eskegi du irudia Adolfo Araiz abokatuak, baina nor da argazkilaria? Zeintzuk dira bere eskubideak? Beste behin argi gelditu da askorentzat de facto dena dela libre.

 

Kasualitatez argazki paregabe bat duzu? Zabaldu nahi duzu, baina egiletza galdu gabe? Erabilera komertzialagatik etekin ekonomikoren bat akaso? Segi irakurtzen.

twitterEgunkari batek argitaratu al dezake Twitterren argitaratutako irudi bat? Azalpen honen arabera badirudi egilearen baimenik gabe berez ia ezinezkoa dela. Hau da, sarean zabaltzeak ez ditu egiletza eskubideak deuseztatzen, nahiz eta edonork harrapatu eta bere egiteko arriskua ebidentea den.

Legalki argitara emateko trikimailua irudia duen txioa txertatzea da, alegia, 140 karaktere, irudia eta txiolaria. Paperezko embed edo txertatze bat hain zuzen. Aurrez aipatutako egunkarietatik bakarrak errespetatu du irizpide hau, gutxi gora behera eta asmo txarrez bada ere: La Razonek. Arnaldo Otegiren kontuaren txioa txertatu dute. Jatorrizko irudia, lehenbizikoa, Adolfo Araizena izan da, eta logikoena beraz hori publikatzea zen. Halere, hark ez du egiletza onartu. Hor lehenengo nahastea.

Norena da egiletza?

Berria: Berria (Argazkiaren baimena dutela pentsa daiteke, bestela oso larria baita bere egiletza propioa izendatzea EGUNERAKETA: Berriak egilearen baimena duela argitu du, eta beraz erabat zilegia da egin duten erabilera)

El Correo: Twitter (Jar zezaketen berdin berdin Internet, Canon edo Google)

El Mundo: Ez da agertzen (Zertarako erakusten dituzte bertxioak eta izarrak gero egilea mozteko?)

La Razon: Arnaldo Otegi (Txio txertatuta, baina ez egilearena)

Baimena eskatzeaz

Twitter bidez eta publikoki El Pais egunkariak argazkia erabiltzeko baimena eskatu dio Adolfo Araizi. Honek ukatu egin du. Ondorioz, sareko webgune askok eskegi dute; El Paisek ez. Borondate onekoa da baimen eskea, are efektiboagoa konpentsazio ekonomiko bat eskaintzea.

Zer egin zure egiletza eskubideak urratu badituzte?

Altxa telefonoa edo idatzi e-mail bat egunkariari. Azaldu gertatutakoa eta faktura bat bidali. Zentzuzkoa iruditzen bazaie ordainduko dizute. (benetazko gertaeretan oinarritutakoa). Kasurik egiten ez badizute prestatu justiziaren baso ilunean barneratzeko.

Ondorio eta gomendio batzuk

1. Argazki on batengatik dirua eskuratu nahi baduzu ideia txarra da Twitterren publikatzea.

2. Ur marka batekin eta kalitate baxuan helarazi egunkarietara, eskaintza lortzeko.

3. Baimena eskatzen dutenak bakarrik dira ezezkoak jasotzeko arriskua dutenak.

4. Egunkariek argazki biralen egileei ematen dieten garrantzia hutsaren hurrengoa da.

5. Ordaina eskatu eta lor daiteke, pare bat e-mail elkartrukatzearekin.

6. Hedabide handi baten aurkako gurutzadak burukomina emango dizu.

7. Ez dute baimenik ez eskatzeko aitzakiarik. Horretarako Twitterren 10 segundu besterik ez dira behar.

8. Kazetaria bazara, noizbait zure kontra itzuli daiteke ezarri nahi duzun “baimenaren doktrina”.

9. Zure inguruan konfidantzazko sarea sortu. Eskuzabala bazara aurrerago izan dezakezu bueltakoa.

10. Interneten dena libre praktikaren ajeak zeure haragitan bizi dituzunean pentsatu ofizioz argazkilari direnengan.

11. Erabili Creative Commons lizentziak. Guztion onerako.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra