Sautrela 355. saioaren aurrerapena (Uxue Alberdi)

Uxue AlberdiEuskal literaturan, bere biziraupen eta garapenaren aldeko borroka horretan, beti egon da belaunaldi berriekiko kezka. Ba al dator literaturara emana bizi den gazterik? Emariak ba al du segidarik? Garai hipermoderno hauetan, geratzen al da gazte jendearen artean literatur amorraturik?
Gazte eta berde zela ipini zuen martxan Bernardo Atxagak Pott Banda, antzera etorri ziren beranduago Lubaki Banda, Vladimir Brigada eta beste. Baina egun ba al dago orduko mugimenduen lakorik?
Galdera horiei eta beste zenbaiti erantzungo diegu aste honetako erreportajean. Horretarako norekin eta literaturgintzan dabiltzan gazteenekin egin dugu hitzordua: alde batetik Obakako Testiguekin, irakurle talde eta irratsaio bana antolatzen duten Añorgako gazteekin, eta bestetik, Elearazi blogeko Danele Sarriugarte-rekin, zeinak, aipatu blogeko partaidetako bat izateaz gain, 2012an Igartza saria irabazi baitzuen. Horietaz eta beste literaturzale gazteez –tartean, berriki osatu den Itu Banda-z– hitz egingo digute.

Elkarrizketaren atalean, orain gutxi argitaratu den ipuin liburu bati buruz jardungo dugu Uxue Alberdi rekin, Euli-giro liburuari buruz. Honakoa du bere bigarren ipuin liburua estreinako Aulki bat elurretan hura ondoren. Uxue Alberdi ezaguna da idazle ez ezik –nobela bat ere du argitaratua, Aulki jokoa– bertsolaria ere badelako, eta obra berri honi buruzko xehetasunak emango dizkigu.

Beñat Sarasolak, aldiz, bere atzera begirakoan, beste ipuin liburu bat ekarriko digu, Martin Ugalde-ren Hiltzaileak. Ipuin liburu gogoangarria, euskal literaturako narratiba modernitatera eraman ei zuena.

Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxukera, pitxi eta bestelakoekin.