Pili Zabala: Podemosen izarrak botak eskegiko ditu
Pili Zabala: Podemosen izarrak botak eskegiko ditu –
Duela egun gutxi, plaza honetan bertan ikasturte politiko berrirako galdera batzuk bota nituen airera. Galdera horien artean Podemosen burbuila lehertzera zihoala aipatu nuen eta Pili Zabala bera hori konfirmatzera dator. Azken egunotan jakin dugu politika uztera doala eta ez dela berriz lehendakarigai izango. Tira, ez da lehenengo aldia honakoa. Antzeko zerbait gertatu zen Laura Mintegirekin. Hala ere, badira zenbait desberdintasun nabarmen, Zabala agerian uzten dutenak.
Fitxaketa
Politikak lehendik ere bazituen futbolaren hainbat ezaugarri. Hoolioganismoa esaterako. Baina azken boladan, eta batez ere “politika berria” deritzonean bogan jarri da fitxaketen sukarra. Orain lehendakarigaiak fitxaketa dira hainbat alderdiren plantelean. Nor fitxatuko du Podemosek hurrengo lehendakarigai izateko? Zabala berak aurpegia eman aurretik beste izen batzuk ere atera ziren mahai gainera hedabideetan. Zurrumurruen kazetaritza (oximorona, bide batez) ohikoa bihurtu da egunkarien politikako orrietan. Baina ikusten duzunez, errendimendu txarra duen lateral ezker baten pare alboratu dute (da) Pili Zabala ere.
Podemosen izarraren errendimendua oso txarra izan da. 5 hilabeteko baja hartu zuen, parlamentutik kanpo geratuz eta bertako politika zeharo baldintzatuz. Podemosetik ez dute inoiz zehaztu baja horren arrazoia, eremu pribatuari zegokiona zela argudiatuta. Kontua da Zabalaren ausentziak, EAEko aurrekontuei oposizioak egindako osoko zuzenketa baliorik gabe utzi zuela, besteak beste.
Pili Zabala: «Legegintzaldi amaierara arte iraungo dut, eta gero banoa»
Kapritxoa ala esperimentua
“Legegintzaldi amaierara arte iraungo dut eta gero joan egingo naiz”, esan dio Zabalak Gipuzkoan gehien saltzen den egunkariari. Iraun? Harrigarria da lehendakarigai izateko erronka eta konpromisoa hartzen duenak zailtasunak izatea legegintzaldi bati eusteko. Are gehiago 5 hilabetez baja hartuta. Hori gutxi balitz gehitu du: “Ez zait gustatzen gaur egun politika nola egiten den”. Edo oso naif da Zabala, edo aitzakia hoberik ezin zuen topatu. Politikara sartzen denak ez omen daki, horrek albo kalteak dituela. Zalantza zera da, bere buruari proposatutako esperimentu bat zen lehendakari gai izatea? Kapritxoa zen? Ala fokuen beroan egoteko beharra? Argi dagoena da konpromisoa ez dela saltoa ematera bultzatu zuena.
Pili Zabala, Ernesto Gasco… oso interesgarria guztia. Guk ez dugu Salvame, horren gainetik gaude bai jauna.