Ikasturte politiko berrirako 5 galdera

Ikasturte politiko berrirako 5 galdera –

Esan genezake Hego Euskal Herriko kurtso politikoa ez dela inoiz hasi eta inoiz amaitzen, baina eskoletako egutegia geure eginaz, goazen irailean hasiko den ikasturteaz mintzatzera. 2019ko Udal Hauteskundeak geroz eta hurbilago diren honetan, alderdiak hasiak dira joko taulan mugitzen. Barometro eta bureau oro hasi da kinieletan, baina, badira erantzun oso zaila duten 5 galdera.

Ikasturte politiko berrirako 5 galdera

1- Pedro Sánchez efektua

Politikan gauzak bapatean aldatzen dira. Duela hilabete batzuk lohietan itotzear zen Pedro Sánchez, orain Rajoy kaleratzea lortu zuen Espainiar Estatuko presidentea da. Moncloan sartu orduko hainbat gol sartu ditu gainera. 1) Ciudadanos jokoz kanpo utzi du Madrilgo taula politikoan 2) Ministro kontseilu sendoa osatu du izen independienteak (eta ez hain independienteak) batuz 3) Inkestak irauli ditu, berriz ere PSOE alderdi nagusien artean nabarmenduz. Tira, beti ikusi izan dugu Madrilgo haizeek nondik jo, Euskal Herriko balantza politikoa aldatu egiten dela. Nolako eragina izango ote du PSE-EErengan Pedro Sánchez efektuak? Geldituko al du sozialisten gainbehera Hego Euskal Herrian?

2- EAJ eta hegemonia

EAJk ondo jokatu ohi ditu bere kartak joku politikoari dagokionez. Egun batean PPren aurrekontuak babestuko ditu, 155a indarrean dela, eta Aitor Esteban Kongresuko oholatza gainera igoko da zu konbentzitzeko. Azalduko dizu inpernuko ateetan barna sartzea Euskal Herriaren interesen alde dela. Aitzitik, hurrengo egunean, Rajoyren aurkako zentsura mozioaren alde egingo du, PSOEren eta espainiar progresiaren salbatzaile gisa azalduz. Azkenean biak ditu: nahi zituen aurrekontuak eta erakundeetan aliatu duen PSOE gobernuan. Konbo itzela. Hori gutxi balitz inkestek hauteskundeetan gehiago igoko dela diote. Hala izango ote da?

3- EHBildu: zein da balio erantsia?

Otegi efektua apaldurik, ilegalizazioen aurkako erreakzioa akituta, zertan da orain EHBildu proiektua? Erakundeetan igarotako lau urteek koalizioaren emaitzetan eragina izan zuten Gipuzkoako Foru Aldunditik, Donostiatik eta beste hainbat udaletxetako gobernutatik aterata; Nafarroan ikusiko. Izan ere, EHBilduren gaur gaurko indargune handiena EAJren kontrapisu izatea da. Baina horrekin ezin da botereguneetara iritsi. Hori ez da nahikoa gobernatzeko. Zer eskainiko du EHBilduk, EAJ bera kolokan jartzera iristeko? Gai izango da koalizioa erronka honi ganoraz heltzeko?

Ikasturte politiko berrirako 5 galdera

4- Podemos, burbuila lehertzear

Nafarroako arrakalek, eta Euskal Autonomi Erkidegoan erakutsitako inkoherentziek Madrilekiko morrontza dute atzean. Azken finean, Podemosen ere Madrilek agintzen du. Eta hasieran zalantza amiñi bat baldin bazegoen, orain deus ere ez dago. Igaro hauteskundeetan promesten zuten politika berriari zahar usaina dario, eta horrek izango du eraginik bozetan. Galdera da: zenbaterainoko eragina izango du? Eta noren mesedetan?

Ikasturte politiko berrirako 5 galdera

Geroa Bai, Nafarroan aldaketa egonkorra

Uxue Barkosek badaki gobernatzen, eta EHBilduk Gipuzkoan izan zituen oztopo bertsuak izaten ari da. Hala ere, irudi du asmatzen ari dela erantzunak ematen. Nafarroan ez da inoiz jakiten, baina. Aldaketa babesten duten 4 alderdiek eutsiko al diote botereari agintzen duten udalerrietan?

Ikusiko dugu.

Ikasturte politiko berrirako 5 galdera

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.