Debekatutako kontakizuna (Txiki Muñoz)

Debekatutako kontakizuna –

Sindikalismo borrokalaria ezin da goraipatu. Aitzitik, gobernuek eta botere ekonomikoak gutxietsi egiten dute, anakroniko eta alferrekoa balitz bezala aurkezteko; “kasurik ez egin, zoratuta daude”. Enpresarei buruz, ordea, hitz onak besterik ez, enpresen interesak jendartearen interesekin “bat baitatoz”. Hori esaten dute Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiek: enpresen interesak babestuz “guztiok irabazten dugu”.

Adolfo Muñoz “Txiki”, ELA sindikatuko Idazkari Nagusia

Esaterako, zergak jaisten dizkietenean edota lan erreformak aplikatzen laguntzen dietenean. Unibertsitateak ere, beren jardunaldi, mintegi eta masterrekin, patronalarentzat ari dira lanean beren “balioak” hedatzeko eta sindikaturik gabeko enpresa eredua sozializatzeko. Asmoa da botere politikoak oztopoak kentzen laguntzea. Antolatzen dituzten ekitaldi horietan, instituzioen parte hartze eta babesaz, kosta ahala kosta saihesten da funtsezko gai bat: enpresarien helburu nagusia dirua irabaztea dela, eragitea gobernuek beren esanetara jar daitezen eta, euren laguntzaz, oztopo sindikalak paretik ken ditzaten. Horixe izan da duela gutxi PwC-ko kontsultoreek Bilbon aldarrikatu dutena, Jaurlaritzako eta EAJko arduradunen aurrean: “anomalia” omen da gurean sindikalismo borrokalaria izatea. Esanguratsua eta lotsagabea.

Haatik, kontakizun hori, borroka egiten duen jendeari izena jartzen diona eta arrakasta sindikalak aintzat hartzen dituena, botereak debekatu egin du.

Bat datoz beste asmo batean ere: esplotatuta daudenek ezin dituzte arrakasta duten esperientzia sindikalak ezagutu. Adibide horiek jarraitzeko arriskua bailegoke…

Euskal Herrian borroka sindikal batzuetan lorpen handiak izan dira, baina ez zaie eman merezi duten oihartzuna. Ezkutatu egin dira. Nahiko genuke hedabideek, batik bat publikoek, injustiziaren aurkako borrokaren berri ematea; militantzia engaiatua adierazten duten borroka horien berri, besteen alde bizitza erosoa alde batera uzten duten pertsonena… Jendarte justuagoaren aldeko kontakizuna derrigorrezkoa izan beharko litzateke hedabide publikoetan; ez lirateke bihurtu beharko gobernu-propagandaren aparatu, herritarrek gero eta informazio okerragoa jasotzen dutelarik. Haatik, kontakizun hori, borroka egiten duen jendeari izena jartzen diona eta arrakasta sindikalak aintzat hartzen dituena, botereak debekatu egin du.

The Guardian egunkari britainiarrak ekainaren 29an argitaratu zuen artikulu batean Michelle Chen New Yorkeko berri-emaileak sindikalismoaren balioa aipatzen zuen. 23 urteko emakume gazte baten istorioa kontatzen zuen; bere eginbehar guztietara iritsi ezinik zebilen: “Newark-eko aireportuko sukaldean lanaldi gogorra, ama den aldetik dituen betebeharrak eta familian zeukan arazo mediku bat. Babesa behar zuen, eta sindikatu batek eman zion”. Chenen arabera, “desberdintasunaren, lan prekarioaren eta Donald Trumpen garaiotan berekoitzat jo izan duten belaunaldi baten frustrazioa kristalizatzen hasi da. Orain, millennial hiperkonektatuek antolakuntza sindikalaren potentziala ezagutu dute”. “Irtenbidea betidanik izan da hor, jendea konturatu ez bada ere: sindikalizazioa”. ELA beti pozten da borroka sindikalak arrakasta lortzen duenean, edonon dela ere; halakoak behar ditugu, eta ezagutarazten saiatu behar gara. Sindikalismo borrokalariak arrakastak partekatu behar ditu.

Euskal Herrian izan ditugun arrakasta sindikaletan greba funtsezko osagaia izan da. Gobernuak eta patronalak bat datoz langileen miseria hedatzeko estrategian, eta honi aurre egin behar diogu. Sinatu ditugun lan hitzarmenetan soldata igoera handiak jaso dira: % 20, % 30, baita % 54koak ere. Lanaldi murrizketa ikusgarriak… Lanak kanpora ateratzea geldiarazi eta subrogazioa aitortzea lortu dugu. Honek adierazten du aldarrikatzeko tartea badagoela. Greba horiek batzuetan luzatu egiten dira. Baina ez ELAk hala nahi duelako (burugabekeria litzateke); aitzitik, prekarietatea ezartzen dutenek funtsean bi helburu dituztelako: gure jendea esplotatuz diru asko irabazten jarraitu eta inor mugitzea galaraztea; inork ez dezala protestarik egin, inor ez dadila antolatu. Ahul nahi gaituzte, beldurtuta eta zatituta.

Aipatutakoak borroka sindikalaren lorpenak dira. Halere, borroka horren eta gure garaipen edo pozen kontakizuna ez digu botereak egingo. Ez orain, ez inoiz. Euren ekitaldietan gobernuak eta enpresariek elkarri laudorioak botako dizkiete, eta gero eta zailagoa izango da ordezkari publiko bat eta enpresaburu bat bereiztea. Noski, gu ez gaituzte goraipatuko, “zoratuta” baikaude. Ez da gauza txarra zorotasun apur bat halako mundu grisean! Arrakasta sindikalaren kontakizuna, hain garrantzitsua, geuk zabaldu behar dugu, geure bitartekoekin; kolektibo prekarioei azaldu behar diegu sindikatuak beldurra gainditzen laguntzen duela eta, antolatuz gero, aurrera egin daitekeela. Arrakastaz amaitutako kasuek erakusten digute hori.

ELAk lan horretan dihardu, eta borroka horien zerbitzura jartzen ditu bere esku dituen bitartekoak, greba-kutxa barne. Gehienbat emakume diskriminatuz osatutako kolektibo horiengana iritsi nahi dugu. Iritsi, azaldu, afiliatu, antolatu eta borrokatu. Pertsona horiek ahaldundu nahi ditugu; hau ahalmen edo botere kontua da. Indarra duenak ahulari ez dio amore ematen. Ez dago beste misteriorik. Inork ez du esan lan erraza denik; ELAk esaten duena da sindikalismoak ez duela etorkizunik bere jardueraren mamia ez bada prekarietatearen aurkako borroka. Langile prekarioak ordezkatu nahi ditugu, eurentzat baliagarri izan. Horretan datza sindikatu honen zorotasunak; horregatik ez dute onartzen egiten dugun sindikalismoa.

LHKren azken txostenean esaten da gatazkak gehitu egin direla. Erakunde horrentzat nonbait albiste txarra da hori. ELAren ustez, aldiz, aldarrikapena suspertzen ari delaren adierazgarri da. Albiste ezin hobea, alegia.

Debekatutako kontakizuna

Debekatutako kontakizuna
Debekatutako kontakizuna
Debekatutako kontakizuna
Debekatutako kontakizuna, ELA, greba, langile borroka, sindikalismoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude