Pauso erraldoi bat denontzat

Pauso erraldoi bat denontzat

#EkimenErraldoia -k, Super Amarak eta Itzurun Elkarteak elkarrekin abiatutako proiektua, 4.859 euro bildu ditu Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteak antolatzen dituen jardueren alde.

Joan den astelehenean Donostiako Erraldoi eta Buruhaundien konpartsa den Itzurunek, Super Amararekin batera, 4.859 eurotako txeke bat entregatu zion Aspanogiko presidentea den Jose Luis Fernandezi, hauexek baitira #EkimenErraldoia -k sustaturiko kamiseta salmenten bidez lortutako etekinak. Ondo gogoratuko duzuenez, abuztuan zehar Super Amarak Donostian dituen lau supermerkatuetan Iñigo Garvik diseinatutako kamiseta solidarioak ipini genituen salgai Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteari laguntzeko. Azkenean, 1.500 saltzea lortu genuen, hau da, egin genituen kamiseta guztiak. Horregatik, #EkimenErraldoia -ren xedea betetzen lagundu diguzuen guztioi geure eskerrak helarazi nahi dizkizuegu, izan ere, zuen babesa ezinbestekoa izan da The Beatlesen Abbey Road diskoaren azala irudikatzen zuten kamisetak saltzeko.

Poza

Asteleheneko prentsaurrekoan Aspanogi, Super Amara eta Itzurungo arduradunak pozik agertu ziren #EkimenErraldoia -k izan duen arrakastarekin. Aspanogiko presidentea den José Luis Férnandezek erosleei eskerrak eman zizkien. “Gaur bizi dugun egoera ekonomikoa ikusita eta murrizketak eguneroko kontua dela jabetuta, ekimen honen bidez lortutako diru laguntzak ezinbestekoak zaizkigu gure proiektuei ekiteko” aitortu zuen. “Gastu asko dauzkagu urtean zehar. Adibidez, orain dela hilabete batzuk ordenagailu bereziak erostea tokatu zitzagun haurrek erabil dezaten” erantsi zuen Fernandezek gailu horien konponketak prezioa hirukoizten duela aipatu aurretik.

Dena den, ordenagailuak ez dira dirua bideratuko den gastu bakarra, zeren urteero saiatzen baitira elkarte-bidaiak antolatzen. “Umeak errekupera daitezen oso garrantsitzuak dira aisialdi bidaiak baita familiarentzat ere, nola ez” azaltzen zuen Fernandezek. Aurten, Port Aventura parkean emango dute Halloween gaua. Zoritxarrez, antolatzen dituzten bidai guztiak ez dira xamurrak, izan ere, azkenengo fasean dauden umeentzat ere jarduerak antolatzen dituzte. Iaz adibidez, Eurodisneyra eta Futbol Club Barcelonara bisitak egin zizkieten Aspanogiko kideek. Hau guztia dela-eta, “bihotz-bihotzez” eman zituen eskerrak Fernandezek, bere aburuz Ekimen Erraldoiak lorturiko diruak umeen ametsak bete daitezen erraztuko baitu.

Nolanahikoa ez zen helburuaren markak hautsita

Donostiako erraldoi eta buruhaundien konpartsaren izenean, Xabier Zubiri mintzatu zen. Berak ere ekimenaren arrakasta azpimarratu zuen. “Helburua ez zen nolanahikoa, iaz baino bost bider kamiseta gehiago saltzeko helburua ezarri genuen; denak, alegia. Zorionez, markak hautsi ditugu geure helburua erdietsiz” azaldu zuen Itzurungo arduradunak. “Aurkezpen egunean aurreratu genuen lez, marrazkia ez zen hutsala, baizik eta esanahi berezia zeukan: urrats txikiak nahiz handiak balio du bideari ekiteko” gogoratu zuen Zubirik. Horregatik, kamisetak erosi dituzten ororen babesa eskertu nahi izan zuen, pauso txikiek pauso handia ematea ahalbidetu dutelako. Bitxikieria lez, #EkimenErraldoi -arentzako diseinaturiko kamisetak Donostian ez ezik, munduan zehar ere ikusi direla esan zuen Zubirik, hala nola Bartzelonan, Londresen eta Seulen.

Prentsaurrekoa amaitu aurretik, Super Amarako arduraduna den Gotzone Miguelek bere enpresak gizarte arazoei aurre egiteko daukan konpromisua nabarmendu zuen. Aitortu zuenez, Itzurunek sustaturiko Ekimen Erraldoiaren berri izan bezain laster parte hartuko zutela erabaki zuen Super Amarak. “Oso pozik gaude ekimen honen arrakastarekin” bukatu zuen Miguelek. Arestian aipatu bezala, Ekimen Erraldoia ez da Super Amarak parte hartzen duen ekimen solidario bakarra, izan ere gabonetan proiektu solidario baten aldeko kontzertua antolatzen baitu.

Gauzak horrela, 2014an dugu begirada jarrita. Helburua ez da nolanahikoa izango: aurtengo markak hautsi eta zuek guztiokin pauso erraldoiez bideari ekin.

Pauso erraldoi bat denontzat

Donostiako erraldoi eta buruhandien konpartsa gara, 1982tik. Web orrialdea badaukagu http://www.itzurun.org/err/ eta Twitter ere bai @itzurunss Jarrai gaitzazu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude