Pandemiaz ahaztu diren aurrekontuak

Pandemiaz ahaztu diren aurrekontuak –

Urteko azken txanpan urteko eztabaida garrantzitsuenetako bat ematen da Bilboko Udalean, aurrekontuei buruzkoa hain zuzen ere.

Pandemiaz ahaztu diren aurrekontuak

Urtero urtero, abenduan zehar ohiko prozedura berbera jarraitzen da, guztiok ondo ikasi dugun koreografia batean bezala. Baina 2020. urtea ez da ohikoa izan eta, akaso horregatik, askok espero genuen aurrekontuen proposamena ere ezohikoa izatea. Ezta hurrik eman ere: Udal gobernuaren aurrekontuak ez du balio azken hamarkadetako krisi larrienari aurre egiteko; edo hobe esanda, irtenbideak gutxi batzuei eskaintzen dizkie, baina ez gehiengo zabalari, eta are gutxiago krisi sanitario, ekonomiko eta sozial honek gehien kolpatu dituen bilbotarrei.

Izan ere, amets goxo batetik esnatu nahi izango ez balute bezala, betiko formulei eusten diete udal arduradun jeltzale eta sozialistek. Hala, 2021ean Bilboko Udalak milioiak gastatuko ditu inora eramango ez gaituen internalizazio estrategian. Eta nola ez, gobernuak ez dio uko egiten euren interes politikoei bakarrik mesede egiten dieten marketin kanpianetan diru publikoa xahutzeari. Testuinguru honetan, zentzu osoa galdu duten turistifikazio politiketan ere dirutza inbertitzen jarraitzea erabaki dute, antza, errekuperazioa heltzen denerako prest egoteko. Baina 2008ko krisialditik ondo ikasi dugu, ustezko errekuperazio hori heltzen denerako, herritar asko bidean gelditzen direla. Horrela, azken urteotan batzuk kimu berdeak nonahi ikusten zituzten bitartean, Bilbo eta Ezkerraldea ziren autonomia ekidego osoan pobrezia errealaren %10eko muga gainditzen zuten eskualde bakarrak. Eta datu hauek pandemia aurrekoak direla kontuan izanda, aurreikusi dezakegu krisi berri honetatik ez garela guztiak modu berean aterako.

Horregatik, udal gobernuak ustezko errekuperazio baterako prestatu gehar garela dioen bitartean, beste batzuk uste dugu unea dela datozen hilabete eta urteetan gogor kolpatuko gaituen egoera larriari aurre egiteko prestatu behar garela, inor bidean utzi gabe. Horretarako, aurrekontuak jendearen zerbitzura jartzea ezinbestekoa da. Baina nola lortu aurrekontuaren bidez bilbotarren bizi-baldintzak hobetzea, erronka berriei zein zaharrei aurre egitea eta eskubideak berreskuratzea?

Lehenik eta behin, arlo soziala indartuz. Hamar bilbotarretik bat pobrezia egoeran dago jada, eta horiei gaineratzen ari zaizkie krisi honek gehien kolpatu dituen sektoreetako lagun asko: ostalaritza, turismoa, merkataritza, edota kultura arloko langile asko gorriak pasatzen ari dira, eta erronka nagusia pertsona hauek guztiak babes sitematik kanpo ez gelditzea izan beharko luke, zailtasun egoera hauek larriagotu edo betikotu ez daitezen.

Bigarrenik, funtsezkoa da politika feministak abian jartzea. Izan ere, martxoan konfinamendu batera jo behar izan genuenean, sistemaren hauskortasuna eta bizi-baldintza duin eta unibertsalak bermatzeko ezintasuna ikusi genuen. Hala, aurrera ateratzeko ardura eta zama emakumeon gain gelditu zen, beste behin ere. Horregatik, krisi honetatik desberdinkerietan sakonduko ez duten alternatibak proposatuz atera nahi badugu, beste eredu baterantz jo beharra dago ezinbestean, bizitzaren zaintza udal politika publikoen erdigunean jarriko duena.

Eta lehen urratsa etxetik bertatik eredu izanez egin behar da, esaterako, Udaleko sektore feminizatuen lan baldintzak duinduz: 010 telefonoko langileak, Etxez Etxeko Arretako zerbitzukoak, edota garbitzaileak, denek funtsezko lanak egin dituzte, pandemia garaian bereziki, denak baldintza prekarioetan daude, eta plantilla horietan guztietan gehiengo zabala emakumeek osatzen dute. Era berean, ezin ahaztu Bilbo dela Hego Euskal Herriko hiriburu bakarra Emakumeen Etxerik ez duena. Bada garaia bere aldeko apustu irmoa egiteko eta horregatik adostasun batera heldu gara, Bilboko Emakumeen Etxea eratzeko parte-hartze prozesua lehen aldiz aurrekontetan jasotzeko. Urrats bat besterik ez da, baina mugarri izan daiteke, Bilboko mugimendu feministaren eskaera historiko -baina ez zaharkitu- hau lortzeko.

Hirugarrenik, ezinbestekoa da Bilbon dugun arazo sozial larrienetako bati heltzea: Izan ere, etxebizitza duina eskuratzeko zailtasunak gero eta biztanleria-sektore handiagoei eragiten die, baina batez ere gazteei, emakumeei eta migratzaileei. Beharrezkoa da alokairuko etxebizitza publikoen parkea hobetzea eta handitzea, baina horrekin ez da nahikoa. Halaber, Bilbon agertzen ari diren fenomeno berriei heldu beharko diegu, hala nola alokairuko merkatu pribatuaren burbuilari, BlackStone bezalako putre-funtsen zabalkundeari edota erabilera turistikorako etxebizitzen ugaritzeari.

Erronka zaharrak eta berriak ere hezkuntza arloan ditugunak. Batetik, Bilboko eskola publikoen mantenuan eta inbertsioetan gabezia handiak aspalditik datozelako, baina bestetik, hiriko hezkuntza-komunitatek heldu beharreko kezka berriak ere badituztelako, hala nola eskola-segregazioa, eskola-jantokiak edo ingurune osasungarri eta seguruen gabezia, koronabirurasen etorrerarekin are nabarmenagoa egin dena. Bilboko hezkuntza-komunitateak eredu izan dira, oztopo guztien gainetik ikasturte-hasiera korapilatsu honi aurre eginez, eta ahalegin hori nolabait saritua izan behar zen kontu hauetan.

Aurrekontuak, azken finean, lehentasunak markatzeko lanabesak dira gobernu batentzat. Tamalez, pandemiak pandemia, lehenetasun horiek kristalezko dorreen itzal luzeen aurrean makurtzen dira, gehiengoen eskubideak bermatzeko baino, gutxi batzuen pribilegioak saritzeko erabiltzen dira. Enegarren aukera galdua justizia soziala gauzatzen aldera.

Pandemiaz ahaztu diren aurrekontuak
Pandemiaz ahaztu diren aurrekontuak
Pandemiaz ahaztu diren aurrekontuak

Irundar Bilbotartua. Mundu eta Euskal Herri alternatiboa eraikitzeko erronkan @EHBilduBilbo-ko zinegotzi eta @Alternatiba-ko kide.