Ikuskizun baten inportantzia

Ikuskizun baten inportantzia –

Atzo jokatu ziren lehen eta bigarren mailako sherpa.ai Aizkolari Txapelketa nagusiak.

Federazioarekin hautsi, eta aurten ere, pandamia pandamenia, txapelketak egitea erabaki zuten aizkolariek aho batez. Eta hor non sartzen den punta-puntako enpresa bat, ausardiz, imajinazioz eta herri honen alde zerbait egiteko gogo biziz: sherpa.ai, adimen artifiziala lantzen duen enpresa. Ez dago azaldu beharrik ere zertan ari den enpresa hau, adimena duela bere gaia argi erakutsi du. Baina bere egitekoak alde batera utzi eta, oraingoan, baztertutako kirol hori lehen planora ekartzea erabaki du. Eta erakutsi du “bazterrean” zegoen kirol hori ere lehen planora ekarri litekeela. Txapelketaren balorazioa egiterakoan hara zer zioen Xabi Uribe-Etxeberria Sherpako gerenteak: “Gaur aizkolaritzak eta euskal kulturak irabazi du”.

Euskararen kinka larri honetan, aizkorarena baino askoz ere larriagoa dena, zerbait egiteko beharra dugu. Zerbait handia egin beharra dago. Eta zerbait handia egitekotan, jakin beharko dugu nola gauden; diagnostikoa ongi egin lehenik, eta horretarako daude radiografiak, ekografiak, eskanerrak eta TAK guziak. Eta horiek den-denak eginak daude. Denak eginak eta gu lo! Zer falta zaigu? Proba guzi horiek ikustea, edo hobeki esan, ikusi nahi izatea. Bakar batzuek ikusi dituzte, askoz ere gehiagok ez dituzte ikusi nahi, eta gehiengo batek ez daki eginak daudela ere! Bai, bai, euskaldungoaren gehiengo bildurgarria alai eta pozik, egitekoak utzi eta bizi hau betikoa balitz bezala jokatzen, txantxa eta broma, minbizia ez bagenu bezala; etsaiekin festaz festa ez dabiltzanean.

Hortaz, bakar batzuek bakarrik dakite kantzerra dugula, izan litekeen kantzerrik okerrena gainera. Eta deiardaka daude, aspirinarik ez dela behar esaten. Kimioa eta radioa eskatuz. Eta orain artio, alper alperrik. Zerbait egin nahi duten batzuk aspirinak errezetatzen alajaina!!!!! Eta bi katu, larritasuna aldarrikatuz, inork ere kasurik egiten ez dielarik.

Aizkora munduak egin duen jauzia behar dugu, hil ala bizikoa dugu. Baina, hemen guk gerok egin beharko dugu. Ez espero sherparik, ez espero miraririk… ez dugu erremediorik, bazterrak sutu, gogoak bizkortu eta lanean jarri baizik. Kantzerra dugu. Ez dugu beste erremediorik, eta erremedioa kimioa eta radioa da. Bakoitzak ikus dezala bere esparruan zer egin eta ondoren bateratu. Denok batean jokatu beharko dugu. Ez da jostaketako garaia.

Hil ala biziko kinkan gaude. Deus egin ezean, 15 urtez, egin guzia urtuko da; euskal mundua erroiztuko da, amilduko da eta bukatuko da; hilen da euskara.

Aizkolaritzak egin duena, euskaltzaleok, denok batean, aizkolariak bezala, ez dezakegu egin?

Amezti

Ikuskizun baten inportantzia

2 pentsamendu “Ikuskizun baten inportantzia”-ri buruz