Ordenantzaren zarata

Ordenantzaren zarata –

Donostiako Udala erditzekotan da: zarata eta bibrazioek sortutako kutsadura akustikoari aurre egiteko Udalaren jokabidea arautzen duen ordenantza izango du izen haur gaixoak. Antzeko alorretako besteen (terrazak, pisu turistikoak…) bide beretik badoa, eragin on laburragoa izango du izena baino. Hala ere, propaganda egingo die gure sheriffei, egunkari, irrati, telebista eta sareen bidez, erakutsiz zeinen fin jarduten diren herritarrak kaltetzen dituzten kontuetan. Hedabideetan zarata sortzeko balioko die.

Ordenantzaren zarata

Zarata –musikarik atseginena, bolumen handiegiaz, zarata bihurtzen da– tortura mota bat izan daiteke. Torturatzaile profesional guztiek erabili izan dute. Zaratak inguratuta, pertsonak ero bihur daitezke eta hil ere bai. Eta beroarekin batzen denean, era esponentzialean biderkatzen du tormentuaren indarra. Udako gauetan, gelako leihoak ezin zabaldurik, izerditan blai eta zarata zigor etengabea nozitzen, ziega ilun batean baino okerrago sentitzen dira herritar asko.

Unibertsitatean ikasle hasi nintzenean, irakasle askok erre egiten zuten eskola eman bitartean. Aurrerakoiek, gainera, ikasleei ere uzten zieten erretzen. Atzerakoiek ez. Urte haietan Unibertsitateko ikasleen batzar bizi eta sutsuek libertatearen aldeko garrasia zabaltzen zuten kolore desberdinez, gorri, berde, urdinxka edo morez, baina beti ozen. Haietako askotan aipatu nuen, makala naizenez, gure geletako ke kontzentrazio horrek kalte egiten zidala, eztarria txartu eta begiak gorritu. «Buuu» handiak besterik ez nituen jasotzen. Gelan erretzea libertate seinale baitzen. Horretan horiak, arrosak eta arre koloreak bat zetozen.

Erretzaile haietatik bizirik geratu diren gehienek ez dute egun erretzen eta ez lukete horrelakorik onartuko. Areago, euren bilobak doazen eskola edo unibertsitateetan antzekorik gertatuko balitz, salatu egingo lukete. Baina zarataren alorrean onartu egiten da burrunba etengabea.

Berriro tabakoaren segida bera gertatuko da. Dagoeneko azterketa zientifikoek erakutsi dute era ukaezinean zarataren ugaltzea zein den kaltegarria. Urte gutxi barru batzuek kontuak aterako dituzte eta jabetuko dira ez dela errentagarri gertatzen tolerantzia hau: zaratak baboak asetzeko duen balio interesgarriaren kontra, buru kalteak eta gorreriak konpontzen diru gehiegi xahutzen dela. Eta kanpaina luze, errepikakor eta astuna hasiko dute puzkerrak ere zaratarik gabe bota ditzagun.

Oraingoz, nire kuadrillako plastak isiltzen saiatzeko, ordenantza hau bezalako itxurak egiten dituzte gure erakundeek. Baina benetako arazoari, eurek hazten lagundu duten horri, heltzeko inongo asmorik gabe. Besteetan bezalatsu.

Gure auzoan, Parte Zaharrean, torturaren maila, neurtezin ematen badu ere, neurtua dago. Administrazioaren aldetik oztopo guztiak eta gehiago bidean jarri arren, auzo elkarteak, lan eskerga eginez, txosten argiak bidali dizkio Udalari hori dena zehaztuz. Baina honen arduradunek nahiago dute besteei belarria jarri. Ordenantza sarreran testu ederra kokatzen dute: «bizikidetzaren izenean arazo larri honi erantzun behar zaio (…) Europako Parlamentuak agindua eman du (…) Herritarren ongi izatea zaindu behar da…». Jarraian dena lausotzen da: hizketa maiz ulertezinez eta konfiantzako kimatzaileen eskuetatik pasa ondoren, ezer ez da garbirik. «Bai, baina, agian, egin liteke, komeni bada…». Arauak betetzen ez dituenak abantaila du horretan jarraitzeko eta kaltetuak eragozpenak besterik ez bere kexa bideratzeko eta arazoaren konponketa lortzeko. Lehen baino merkeago ateratzen da arauak ez betetzea, aurreko ordenantzaren isunak handiagoak zirelako. Baina, batez ere, nor arduratuko da arauak bete daitezen? Eta enplan hipermegasupersaturatuta dauden esparruetan, zer aukera eskaintzen da? Antonio Peña y Goñi musikari eta  musikologo jakintsuak zerutik instantzia bidali omen dio Udalari, Groseko kale horri bere izena kentzeko eskatzen. Aurreikusten al da zerbait muturreko egoera horietara ez iristeko? Zer egin dezake auzoko soilak, psikiatrarengana joateaz gainera? Mirrik esaten dio: «A faxtidiarse!».

Behin entzun nion gure alkateari saiatzen zirela denen interes legitimoen arteko talkan oreka mantentzen. Eta eskubideak? Maila berean al daude interesak eta eskubideak? Atsedenerako eskubidea zerekin orekatzen da? Uda osoan, urrian, Eguberrietan, Aste Santuan eta gehiagotan egunero etxe azpian 02.00ak arte manifestazio bat izatea oreka al da? Horixe dute adiskide maite askok: jendez betetako terraza ugariak pertsonez beteta isildu gabe eta maiz garrasika. Jarraian datorren aulkien eta mahaien jasotze burrunbatsuarekin eta ondorengo festa amaierarekin kontatu gabe.

Napoleonek esan omen zuen: «Arazo bati aurre egin nahi badiozu, arduradun bat jarri. Arazoa luzatu nahi baduzu, Batzordea sortu». Orain esango luke: «Ordenantza bat onartu».

Ordenantzaren zarata Ordenantzaren zarata Ordenantzaren zarata

Piter. Edo Mirri. Txistularia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude