[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna X

Langileriaren errogabetasuna X –

 Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

Hain zaila baldinbada gure kultura  populuari komunikatzea , ez da haren maila altuegia delako, baizik eta haren maila apalegia delako. Gainera erabat erratzen gara maila oraindik gehiago apalduz eta zatika eskainiz.  

Langileriaren errogabetasuna X

Bi oztopo daude populuari kulturara hurbiltzea zailtzen diotenak. Bata da beraren denbora eta indarra falta. Izan ere, populuak aisialdi guti dauka esfortzu intelektualari kontsakratzeko, eta akidurak esfortzu intelektualaren intentsitatea mugatzen dio.

Baina oztopo horrek ez du den mendren garrantzirik. Bederen ez luke izanen, ez baginu guhaurrek oztopo horri garrantzia emaiteko hutsa egiten. Izan ere egiak arima argitzen du bere araztasunaren arabera eta inolaz ere bere kantitatearen arabera; Metalaren kantitateak garrantzirik ez du aleazioaren graduak baizik. Arlo horretan, urre piska batek urre askok bezainbat balio du. Egia aratz piska batek egia aratz askok bezainbat balio du. Era berean, greziar estatu perfektu bakar batek beste bi greziar estatu perfektuk bezainbat edukitzen du  .

Niobe-ren bekatua zetzan ongiak kantitatearekin erlaziorik ez daukala ez-jakitean, eta horretarako bere haurren heriotzak zigortua izan zen. Gu ere bekatu bera egiten dugu egunero, eta horretaz modu berean zigortuak izaten gara.

Urte bateko esfortzu nahituren eta jarraituren buruan, langile batek ikasten baldinbaditu geometriako teorema batzu, orduan egia bere ariman sartuko zaio ikasle baten ariman bezainbat,  ikasle horrek kemen bera emanen duelarik, denbora berean, goi-matematikako parte bat asimilatzeko.

Egia da hori guzia ez dela biziki sinesgarria, eta menturaz ez litzatekeela demostratzeko hain erraz. Kristauentzat, bederen, sinesmenaren osagai bat izan behar litzateke, oroitzen balira ebangelioak ogiarekin erkatzen duen egia hori ongi aratzetariko bat dela, eta ogia galdatzen duenak ez eiki duela harririk jasotzen.

Oztopo materialek –aisialdi faltak, nekadurak, dohain naturalik ezak, eritasunak, oinaze fisikoak— trabatzen dute kulturaren behe eta erdi-mailako osagaiak jasotzeko, baina ez kulturak edukitzen dituen ongi preziatuenak jasotzeko.

Bada bigarren oztopo bat langile-kulturarako: langile-kondizioak beste edozeinek bezala, badauka berea duen sentsibilitate-modu berezi bat. Ondorioz langileentzat beste batzuek eta beste batzuentzat egin duten kulturan bada zerbait arrotz.

Sentsibilitate-oztopo horren kontrako erremedioa, itzulpen ahalegina da, ez bulgarizazio ahalegina baizik eta itzulpenarena, oso desberdina dena.

Ez da hartu behar intelektualen kulturan aurkitzen diren egiak, aurretik biziki pobreegiak direnak, eta gero haiek endekatu, mutilatu eta beren zaporeez hustu. Ez, sinpleki hartu behar dira beren beteginzarrean adierazteko. Pascalek zioen bezala bihotzari sentsibleak bihurtzen dituen hizkuntza erabili langile-kondizioak moldatutako sentsilitatea duten jendeentzat.

Egien transposizioaren artea funtsezkoenetarikoa da, eta denetan gutien ezagutuetarikoa. Zaila bihurtzen duena da arte hori praktikatzeko egia baten erdigunean kokatu behar garela, berataz jabetu bere biluztasunean, txirripaz agertzen den formaren atzean.

Gainera, bere transposizioaren egingarritasuna da egiaren irizpidea. Posizioz-truka ez daitekeena ez da egia bat; halaber ikuspuntua aldatzearekin batera  itxuraldatzen ez den zerbait ez da objektu solido bat, baizik eta begi-enganio bat. Pentsakeran ere bada hiru-dimentsioko espazio bat.

Kultura populuari transmititzeko transposizio-modu egokien bilaketa hori are onuragarriagoa litzateke kulturarentzat popoluarentzat baino. Izango litzateke kulturarentzat suspergarri bat ezin hobea. Aterako litzateke, horrela, preso dagoen  itxitako giro arnasezinetik. Geldituko litzateke bakarrik adituentzako gauza bat izaitetik. Izan ere, oraikoan tamalez adituentzako gauza bat da, goitik beheraino gero ta endekatuagoa beherantz joan arau. Nola langileak tratatzen ditugun lizeoko ikasle zozoska izan balira bezala, lizeoko ikasleak tratatzen ditugu estudiant oso akituak balira bezala, eta estudiantak amnesiak jotako eta berredukatu beharreko erakasleak balira bezala. Kultura da erakasleek erabili lanabesa, erakasleak fabrikatzeko eta hauek ere beren txandan  beste erakasle batzu fabrikatzeko.

Gaur, errogabetasun-eritasunaren era guzien artean, kulturaren errogabetasunarena ez da gutien larrigarria. Eskuarki, arlo guzietan, eritasun horren ondorio lehena da, harremanak moztuak izanez gero, gauza guzia berez helburutzat begiratua dela. Errogabetasunak idolatria sorrarazten du.

Erakusteko gure kulturaren desformazioaren etsenplu bakar bat: arrazoiketa geometrikoari  ezinbestekotasunaren ezaugarria atxikitzeko xedez–xede biziki legitimoa da–lizeoko ikasleei  geometria erakasten diegu munduarekiko inolako erlaziorik gabeko gauza balitz bezala. Horregatik ikasleak ezin zaizkio arrazoiketa geometrikoari interesatu ez bada jostetatzeko zerbaiti bezala, edo bakarrik nota onak ukaiteko gai bat. Nola ikus lezakete ordea egia geometrian?

Gehienek ez dute kasik sekula jakinen gure egitate ja guziak, sinpleak zein jakintsuki konbinatuak direnak, geometriaren nozioen aplikazioak direla, bizi garen mundua erlazio geometrikoz osaruriko ehun bat dela,  eta ezinbestekotasun geometrikoak menderatzen gaituela guhaur espazioan eta denboran hetsitako kreatura garen ber. Eta ezinbestekotasun geometrikoa aurkezten da arbitrarioa izan balitz bezala. Alta zer ote da absurduagorik  ezinbestekotasun arbitrario bat baino? Definizioz ezinbestekotasunak bere burua inposatzen du eta.

Bestetik, geometria bulgarizatu nahi dugularik eta esperientziatik hurbildu, orduan demostrazioak ahanzten ditugu. Zorigaitzez horrela ez da gelditzen inolako interesik gabeko errezeta bat baizik. Geometriak galdu du bere zaporea, bere esentzia. Geometriaren esentzia da ezinbestekotasuna objektutzat duen burulan bat, hau da lur honetan guztiahaldun den ezinbestekotasun hori bera objektutzat duen burulana.

Bi desformazioak, bata eta bestea, ekiditeko erraz lirateke. Ez da hautatu behar esperientzia eta frogabidea artean. Froga daiteke zura eta burdinarekin klerarekin bezain errazki.

Ikasketa eta lantegia elkartuz,  ezinbestekotasun geometrikoa lanbide-eskolan sartzeko modu batizan liteke. Haurrei erranen ginieke: «horra zenbait lan egiteko ( kondizio hau, hori  eta hura errespetatu beharko dituzten objektu batzu fabrikatzeko). Batzuk egingarriak dira eta besteak eginezinak; fabrika ezazkitzue egingarriak direnak, eta egiten ez ditutzunei dagokienez, onarraraz ezadazue fabrikaezinak direla»; zirrikitu horretatik, geometria guzia lanean sar daiteke. Lanaren buruketa da egingarritasunaren froga enpiriko nahikoa, baina eginezinekotasunarentzat ez dago froga enpirikorik, demostrazio bat behar da. Eginezinekotasuna da ezinbestekotasunaren froga konkretua.

Gainontzeko zientziari dagokionez, zientzia klasikoa alegia —eta ezin da sartu Einstein eta quanten teoria langile kulturan— nagusiki datorkigu metodo analogiko batetik, hau da, giza-lana arautzen duten erlazioak naturaren esparrura eremaitean datzan metodotik datorkigu. Beraz zientzia klasiko hori langileen proprietatea da, baldin badakigu haiei aurkezten lizeoko ikaslei baino askoz naturalkiago.

 

 

Langileriaren errogabetasuna X Langileriaren errogabetasuna X Langileriaren errogabetasuna X Langileriaren errogabetasuna X Langileriaren errogabetasuna X

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua