Oi ama Euskara maitea!

Oi ama Euskara maitea! –

Oi ama Euskara maitea!Estatu espainiarrak etengabean dihardu erasoan euskararen kontra, euskal identitatea, nortasuna eta kultura desmantelatu eta desintegratu nahian haien lege-txilindroa erabilita. Ustez okurrientzatzat har daitekeen arren, Espainiako unibertsitateetako ministroak Dekretu aurreproiektu bat jarri du abian non Euskal Filologia karrera unibertsitarioa Filologia Hispanikoen baitara lerratuko duten edota Hizkuntza Modernoen babesera. Esan nahi baita, euskara behin eta berriro ari direla erasotzen, zapaltzen, bigarren mailako hizkuntzatzat hartzen, gaztelania ahalguztidunaren menpeko izaten jarraitu dezan. Espainiako legea alde dute nahi dutena egiteko. Ez dute gutxi epaiketen bitartez euskararen kaleko presentzia desagerrarazteko ahaleginean, udaltzainen aferan gertatzen den bezala. Orain unibertsitate mailara jo dute eta euskal zantzu berebizikoa duen asignatura nahi dute Filologia Hispanikoen azpira igorri. UPV-EHUtik zera gogorarazten digute «Euskal Filologia ez dagokio adar erromanikoari eta, beraz, indoeuroparrari, hispanikoa edo galiziarra eta katalana bezala». Hots, euskara ente linguistiko propio, bereiz eta bakarra da. Ikertu eta babestu beharrekoa. Eta ez jipoitu eta azpiratu beharrekoa.

Gure erakunde unibertsitariotik ozen eta minduta mintzatu dira dekretu bilakatu nahi duten aurreproiektu horri buruz, Euskal filologiak berezko duen ezagutza eremutik desagertuta eta espezifitatea galduta, bigarren mailako hizkuntza barik nahi dute Espainian Euskara hizkuntza erromaniko eta indoeuropearra bilakatu, birlibiloke artea erabilita.

Ez da beste inondik aberrazio horren kontrako ahotsik jaso. Gure politikariak patxada ederrean daude hauteskundeei begira, Doñanan duten ur gabeziaren aferaz artikuluak idazten eta deklarazio altisonanteak kaleratzen: “Eragindako kaltearen aitorpen zintzoa egin behar dute betikoek” matrakarekin nahikoa dute haien utzikeria eta alferkeria politikoa estaltzeko. Eta izkin egiten diete oinarrizko dugun gai intrinsekoari: herri independiente gisa izateko nahi eta beharrari. Eta nire ustez benetan ardura behar diguna da Euskal Herria Espainia eta Frantziaren menpeko bigarren mailako lur eremua izaten jarraitzen duela, euskarak legetxe, eta politikari esnobista-predikatzaile hauek hobe luketela arrainontzi txikia laga, eta aukeratu itsasoaren zabala, benetako arrainak direla aldarrikatzeko, eta ez inoren maskota. 

Oi ama Euskara maitea!

Zer duzu buruan “Oi ama Euskara maitea!”-ri buruz

  • Nabarra Herria, Nazioa, Amerria Estatua!!
    Aski da!! Euskara ofiziala!!
    Nabarra osoa Euskalduna eraiki!!
    Nabar Estatua berreskuratzen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude