Nolakoak garen gaur egungo euskaldunok!

Nolakoak garen gaur egungo euskaldunok! –

Itxialditik pixkanaka kanporatzen hasteko gauden honetan, plaza digital honetan bertan zein artikulu xumea bezain atsegina irakurri ahal izan dudan, Hiromi Yoshida japoniar euskaldunak Azpeitiko Uztarria aldizkariko apirileko alean argitaratua “Aldatu ez direnak” izenburupean.

Nolakoak garen gaur egungo euskaldunok!
Hiromi Yoshida (Argazkia: Ihintza Elustondo, Uztarria)

Lehenik dio 1985. urtean Euskal Herria lehenbizikoz bisitatu zuenetik hona, gauza asko aldatu direla gurean. Txakur-kaka gutxiago omen dago bazterretan, kaleetan txakur gehiago ibiliagatik -txukunagotu gara, beraz-. Txikiteoa asko jaitsi dela eta ardo kontuan mokofinago eginak gaudela -sibaritagoak-. Euskararen egoera ere aldatu omen da, eta euskara bera ere -ez du aldaketaren baloraziorik egiten-, eta halaber euskaldunen izaera eta harremantzeko modua ere digitalizazio eta globalizazioaren ondorioz, baina ba omen dira gure ohituretan aldatu ez diren gauzak, eta horietxek dira hain zuzen komentatzen ari naizen artikuluaren mamia, eta idazten ari naizen honen mintzagaia ere. 

Oso ideia ona eta oso esanguratsua da, oroz lehen, euskalduna zer den definitzetik hastea: “artikulu honetan “euskaldun” da “euskaraz bizi den euskal herritarra””. Asko murriztea da kopuru aldetik, zeren zazpi euskal herrietan hiru milioi inguru baldin bagara euskal herritarrak, euskaraz bizi garenok zenbat ote gara?, hobe kopururik ez arriskatzea!

Badu garrantzia hausnartzeak nor mintzo zaigun euskaraz bizi garen euskal herritarroi? Beti interes handia piztu izan dute   gure herritik igaro diren bidaiari atzerritarrek nola ikusi gaituzten, haien bitartez geure burua ispiluan islatua ikusteko, oroitzapen txarreko Aymeric Picaudengandik hasita, askoz oroitzapen hobeagoko W. Humboldt eta V. Hugorenganaino, besteak beste, eta Hiromi Yoshidaren kasua gehiago hurbiltzen da azken horiengana, batez ere Humboldtengana; izan ere, denbora dezente eskaini zion prusiar politikari eta jakintsu handiak euskarari eta euskaldunoi, eta horixe da japoniar euskaldunduaren kasua ere, hizkuntza ez ezik literatura aldetik zubi-lanean baitabil urteetan japoniar kulturaren eta euskal kulturaren artean. Zein etsenplu ederra ematen digun!

Baina gatozen harira: zertan ez gara aldatu euskaraz bizi garenok, Hiromi Yoshidaren ikuspuntutik? Xuhurra eta zekena izatea gaitzesten omen dugu, eta, jeneralean, eskuzabalak omen gara. Halaber, oso adeitsuak euskaraz zerbait dakiten kanpotarrekin. Langile onak, bestalde, lana ondo egitea gustuko dugunak. Askatasunzaleak, bakoitzak bere bidea egitearen aldekoak, eta solidarioak laguntza eske datorkigunarekin. Garbi dago inguruan egokitu zaizkion euskaldunek bihotza irabazia diotela, hainbeste dohainez hornituak irudikatzen gaituenez gero…; eta bertuteetatik akatsetara etorriz, hauxe hautematen digu: “hamar solaskideren artean euskaraz ez dakien bat bakarra dagoenean, erdaraz egiten duzue haren onerako, euskara zokoraturik…”.

Gure konplexuak salatzen dizkigu. Haiek deitoraturik ere, eta haien desenkusagarri ez aipatu arren, zein etsenplu txarra ematen diguten gizartean pisua duten agintariek eta agintari ustekoek. Esaterako, alkate batek euskarazko jardunean erdarazko hitzak sartzen dituenean, haiek indar gehiago dutelako uste harroan, edota bere burua jakintsu-plantan agertu nahian; egitez, ezjakintasun itzela baino agertzen ez duenean; edota hedabideetan nabarmentzen diren politikariak edo kontseilariak euskaraz irakurtzeko arazoak dituztela garbi erakusten digutenean, esanez bezala gustura egon gaitezkeela euskaraz bizi garenok guregatik irakurtze-lan nekeza hartzen dutelako besterik gabe, hots, hedabideetan klarki agertuz gurean agintari izateko hizkuntza nazionala jakin beharrik ez dagoela, edo bestea dugula hizkuntza nazional; edota euskaraz ariturik ere, beti erdal erreferentziez horniturik dihardutenek, euskal mundua autonomoa ez baizik eta guztiz erdaren mendekoa dela sentiaraziz entzuleari…Zenbat luza daitekeen etsenplu txarren arrosarioa, nahi izatera! Hedabideetan nor agertzen diren horiek herritar xumeagoen euskararen alderako konplexu atxikiarazle gertatzen dira, horrek ez desenkusatuagatik hainbat jokabide tamalgarri.

Hiromi Yoshidak ez, hark ukendu gozoa ematen digu bihotzean, bihotz-oneko izaten jarraitzen dugula baieztatuz, eta gorago esan bezala, euskara eta euskaldunak aintzat harturik, japoniar eta euskal kulturaren artean zubiak eraikitzen arituz. Luzaroan horretantxe aritzea besterik ez diogu opa. Eskerrik asko bihotzez!

Nolakoak garen gaur egungo euskaldunok!

Nolakoak garen gaur egungo euskaldunok! 

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

4 pentsamendu “Nolakoak garen gaur egungo euskaldunok!”-ri buruz

  • Azpeitian nahikoa izango da lagun erdaldun bat hamarreko koadrillan, guztiak españolez jarduten hasteko.Herri askotan, zero erdaldun nahikoak dira emaitza berbera izan dadin…

  • Peru_Gabiriko 2020-05-05 01:06

    Pentsa ezazu, JJ, euskarazko onomatopeiak gure belarrietatik desagertzen hasi zirenetik, euskara bera erkinduz joan dela prozesu luze batean.

    Ingelesezko “phrasal verbs” bezain aberatsak ziren garai batean ñabardura xehe horiek, atzerritar batek ikasteko zailak eta korapilatsuak, inondik ere.

  • Eskerrik asko Uztarrian idatzi nuen artikulua hizpide izateagatik. Niretzat ohore handia da! …Konturatu gabe hainbat urte pasatu dut euskararen munduan ibiltzen… eta jarraituko dut, poz-pozik.

  • Zuri Hiromi, egiten duzun zubi-lanagatik eta gure hizkuntza eta kultura aintzat hartzeagatik. Zure iruzkinak poz handia eman dit.