Nire maskota berria

Horrelakoa da Mintzo, nire maskota berriaBeste egunean lagun bat opari batekin etorri zitzaidan etxera. Kutxa inguratzen zuen paper distiratsua kendu eta izaki arraro batekin aurkitu nintzen. Hasiera batean peluxe arraro bat zela pentsatu nuen baina atzeko letrak irakurtzen hasi nintzenean maskota bat zela ikusi nuen. Nire lagunak Genpets bat erosi zidan!
Plastikoaren atzean jartzen duenez, Genpetsaren prototipoa eta hazkuntza orijinala “Zigotoaren mikro-injekzio” prozesuaren bidez sortzen da laborategia duten abeltegietan. Zigotoaren mikro-injekzioa oso erabilgarria izan da genetikaren arloan DNA ezberdinak konbinatzeko batez ere 1997 urtean untxi, zerri, arrain eta tximino lumineszenteak eratzeko.

Genpetsak  fetu itxura dute eta genetikoki modifikatutako maskota hipoalergenikoak dira, beraz , edonork izan ditzake inongo alergia arazorik gabe. Genpet bat erosten duzunean hibernazio egoeran erosten duzu eta paketea ireki ostean animalia bizitzen hasten da. Kontu handiz guraizeak hartu eta nire maskota berria esku artean izanda Mintzo bataiatu nuen. 20 minuturen ostean Mintzok begiak ireki eta soinu arraroak egiten hasi zen. Mintzo oso txikia da 50 cm inguru neurtzen ditu eta jateko BioGenica enpresak ekoizten dituen elikagaiak zunda baten bitartez eman behar zaizkio. Txiza eta kaka egiten dute bai, baina kantitate oso txikitan. Mintzoren izaera oso alaia da, begiak ireki eta ixten ditu, ahoa mugitu egiten du eta mugimendu jostariek beti irri bat ateratzen didate.

Mintzoren bizitza itxaropena 3 urtekoa dela dakit kutxan jartzen duelako, baina animalia hau urte bateko bizitza epearekin ere erosi daiteke. Gainera, zazpi koloreen artean aukera dezakezu animalia; horrek ez du esan nahi animalia kolore horretakoa izango denik, koloreak soilik maskotaren izaera zehazten du. Guztira, sei kolore daude: gorriak kirolzaleak dira, laranjak abenturazaleak, horiak dibertigarriak, berdeak lasaiak, urdinak komunikatzaileak eta bioletak irudimentsuak.

 

Animalia hauen inguruan gehiago jakin nahi baduzue webgunea uzten dizuet, ingeleraz dago baina bertan informazio gehiago jasoko duzue:

www.genpets.com

 

 Oraindik konturatu ez bazarete, Genpetaren fenomenoa kanadako Adam Brandejs artistaren proiektua da Jainkoari esker, hemendik galdera soil bat botatzen dut:

Non dago zientziaren muga?